Nafarroako Gobernua gehien kritikatu dutenetako bat agertzen da lurraldeko ogasunaren zordun handienen zerrendan. Ana Beltran PPko parlamentariaren sendiaren upeltegiak, Bodegas Camilo Castillak, ia 700.000 euroren zergak pagatu gabe zituen abenduaren 31n. Eraikuntzari lotutako enpresa ugari daude zordun handienen artean, baina baita zenbait izen ezagun ere: Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakari ohia (491.000 euro) eta ibilbide profesionala Nafarroan egin zuten Errusiako bi txirrindulari profesional ohi: Denis Mentxov (373.672) eta Vladimir Karpets (682.878).
Guztira, 316 zordun handi daude atzo kaleratutako zerrendan. Guztira, 237,9 milioi euro zor dizkiote ogasunari. Zordun gehienak enpresak dira (263), eta horien artean, batez ere, higiezin eta eraikuntza sektorekoak nabarmentzen dira (%40).
Enpresen artean, Bodegas Camilo Castilla ageri da, 687.894 euroko zorrarekin. 1987tik 2012ra Ana Beltran parlamentari eta Nafarroako PPko gaur egungo presidenteak zuzendu zuen enpresa ardogilea, eta, gaur egun, haren sendiaren eskuetan dago. Administrazio kontseiluan politikariaren hiru ahizpak ageri dira. Haren aita, Arturo Beltran, kontseilari izan zen zendu zen arte.
Zor handia duten enpresetako bat da Argoaz Inversiones SL (2,08 milioi euro). Construcciones Samaniegok sortu zuen, 2009an, bere negozioaren zati bat erdibituta. Construcciones Samaniego Los Arcosko zirkuituaren eraikitzaile eta onuradun nagusia da. Hasierako asmoaren arabera, zirkuituaren arriskua batez ere enpresak hartu behar zuen, baina, gerora, Nafarroako Gobernuak 53 milioi euro jarri zituen. Nafarroako Kontuen Ganberak «kontrol falta» kritikatu zuen, 2010ean. Paradoxikoa da orain enpresa horri lotutako negozio batek bi milioi euroko zorra eragitea zergadunei. Egun, Argoaz Inversiones likidazio fasean dago, eta Iruñeko Merkataritza Epaitegian.
Eraikuntza enpresen artean, foru erkidegoko izen handi batzuk ageri dira. Hain zuzen, egun likidazioan den Navarra de Edificaciones enpresak du zorrik handiena: 8,9 milioi euro. Eraikuntza enpresen artean, honako hauek ere badaude: Azysa (1,58 milioi euro); Arian (1,3 milioi euro); Construcciones Juan Bautista Flores (3,16 milioi, likidatuta); Construcciones Aldabea —4,1 milioi euro; Fergo Aisak erosi zuen, eta egun hartzekodunen konkurtsoan dago—; Ecay Andueza (4,2 milioi euro); Estructuras Corellanas SL (4,3 milioi euro)...
Zor handia duen beste enpresa deigarri bat New Workea ETT SL aldi baterako enpresa da (3,6 milioi). Distribuciones Petroliferas Berastegi Muruzak, berriz, 4,5 milioikoa du, eta Industrias Mecanicas de Tudelak, 3,9 milioikoa.
Luis Esain Nafarroako Ogasun zuzendariak zehaztu du enpresetako batzuk hartzekodunen konkurtsoan daudela eta merkataritza arloko epaitegien esku dagoela zor horien ordainketa. Gainerakoen kasuan, zorra ordaintzera behartzeko prozedura ezarri du ogasunak, errekarguen eta interesen bidez.
Osasuna ez da ageri
Ogasunak atzo kaleratutako zerrendan, 250.000 eurotik gorako zordunak agertu dira. Guztiei jakinarazi zitzaien martxoan zerrenda hori kaleratzeko asmoa zutela. Dena den, epe horretan ez dute zorra kitatu.
Lehen aldia da Nafarroan halako zerrenda bat kaleratzen dela. Esainen irudiko, «ezohiko neurria» da, baina «horrelako jarrerek kalte egiten diote altxortegiari eta gizarteari». Ohiko prozeduratik kanpo diren zordunak ageri dira zerrendan, eta horregatik ez da Osasuna futbol taldea ageri. Egun, Osasunaren zorra «praktikoki kitatua» dago, Esainen arabera. Dena den, diferentzia handiz zordunik handiena zen orain dela ez asko.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek iazko irailaren 30ean kaleratu zuten lehen aldiz zordun handien zerrenda. Milioi batetik gorako zorra dutenak hautatu zituzten, eta 237 agertu ziren, enpresak haietako %95, eta porrot egindakoak haietako asko.
Beltranen familiaren upeltegia eta Urralburu, zordun handien zerrendan
Nafarroako PPko presidenteak Bodegas Camillo Castilla gidatu zuen 2012 arte, eta haren hiru ahizpak daude orain administrazio kontseiluan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu