Berantevillako ehun langileren kaleratzea iragarri du Aernnovak

Langile batzordeak esan du ez duela kaleratzerik onartuko, eta enpresak eta erakundeek badakitela laster gaindituko dela sektoreko krisia. Urkulluri eta Tapiari «esku hartzeko» eskatu diete langileek

Aernnovak Berantevillan duen plantako langile talde bat, atzo, kaleratzeen aurkako protesta batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Enpleguaren txikizioak ez du etenik euskal industriaren sektore estrategikoenetako batean: aeronautikan. Atzo Aernnovak eman zion jarraipena pandemiaz geroztik kaleratzeak iragarri dituzten sektoreko beste enpresei. Berantevillako (Araba) plantari egokitu zaio oraingoan hegazkin konpainien krisi latzaren ondorioak nozitzea. Ehun langile kaleratuko ditu konpainiak datorren urteko otsailerako, lantalde osoaren %22. 454 beharginek osatutako lantaldearen beste 305entzat, gainera, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak onartzeko asmoa jakinarazi du enpresa zuzendaritzak. Plan horien arabera, 2021eko otsailaren 2tik abenduaren 31 arte legoke indarrean erregulazio hori, kaleratzeak gauzatu eta gero. Hala jakinarazi dio zuzendaritzak langile batzordeari.

«Galera historikoak» argudiatu ditu Arabako enpresak kaleratzeak justifikatzeko. Zehazki, 42 milioi euro galdu ditu urtea hasi zenetik, eta enpresaren iraupena bera arriskuan ikusten du moldaketa bat egiten ez badu. Azaldu duenez, kutxan zituen 70 milioi euro gastatu ditu jada. Enpresak dio eskarien «eroriko larria» ez dela berehalakoan konponduko, eta COVID-19aren pandemiak «urte askorako» txikituko duela hegazkin trafikoa eta hegazkin berrien beharra. Sektorearen kalkulurik baikorrenek diote 2019ko trafikoa ez dela 2024ra arte leheneratuko, «betiere txerto eraginkor bat badago 2021eko udarako». Beste iragarpen batzuek diote hamar urte beharko dituela 2019ko mailara itzultzeko.

Langile batzordeak, ordea, oso bestela azaldu du errealitatea: «Taldearen irabazi eskandalagarriak bermatzea baizik ez dute nahi neurri horiekin; azken bost urteotan 290 milioi euroren mozkinak izan ditu, eta, haiei eusteko, 101 familia langabeziara bidali nahi dituzte».

Gainera, enpresaren arrazoibide guztiak «gezur handi bat» dauka oinarrian, langile batzordearen arabera. «Egoera egiturazkoa dela esaten dute etengabe, baina zenbait txerto aurki prest egongo direla jakinarazi duten aste berean azaldu da kaleratzeen iragarpena. Ez da kasualitatea». Sindikatuen ustez, txertoek sektorearen susperraldiari data jarri diote, eta uste baino lehenago iritsiko litzateke. «Horregatik ikusi dute beren burua beharturik 2021ean gauzatuko liratekeen kaleratzeak lehenago iragartzera». ELAk, LABek eta CCOOk hiruna ordezkari dituzte batzordean; UGTk bi ditu, eta USOk eta CGTk, bana. Juan Carlos Gomez da batzordeko presidentea (ELA).

Kaleratzeak, otsailean

Baina Aernnovako zuzendaritzak bere kalkuluak egin ditu, eta, horien arabera, kaleratzeak «beharrezkoak» dira kontuak txukuntzeko. Nabarmendu baitu lantaldea %22 murriztuko badu ere jarduera %37 txikitu zaiola. Kaleratzeekin batera beste 305 langile enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean sartuta konpondu nahi du konpainiak bi kopuru horien arteko aldea. BERRIAk jakin duenez, enpresak aurreko astean egin zuen kaleratzeko erregulazioaren lehen tramitea, eta dosierraren kontsulta epea abenduaren 17an da bukatzekoa. Kaleratzeak, ordea, otsailean gertatuko lirateke, konpainiak Eusko Jaurlaritzarekin hartutako konpromiso bat dela eta. Haren arabera, Aernnovak ezin du kaleratzerik egin 2021 arte.

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eta Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiari «beste aldera ez begiratzeko» eskatu diete langileen ordezkariek. «Multinazional handi horien kaleratzeak zuritzeari utz diezaietela, eta esku har dezatela aeronautikaren moduko sektore estrategiko bati eusteko». Batzordeak dio hala enpresak nola erakundeek badakitela krisiak iraungitze data duela, «eta epe ertainera merkatua erabat suspertuko dela». Hori dela eta, sindikatuek argi helarazi dute prest daudela aldi baterako neurriak aztertzeko, «koiunturala» den krisia gainditzeko, «neurri ez traumatikoak» betiere. Baina, era berean, langileen ordezkariek garbi utzi dute ez dutela onartuko «kaleratzeak jasotzen dituen neurririk».

Zuzendaritzak, berriz, azaldu du Arabako fabrika nagusian ez ezik beste batzuetan ere ari dela lantaldea txikitzen. Ingalaterran langileen %20 kendu nahi ditu, eta Mexikon, %44. Gaur, berriz, bilera izango du Sevillako (Andaluzia, Espainia) plantako langile batzordearekin, han zer-nolako murrizketa egin nahi duen esplikatzeko.

Aernnovak Arabako parke teknologikoan du egoitza, Miñaon, eta beste hiru lantegi txikiago ditu Araban.

Arantxa Tapiaren eskaera

«Ahalik eta enplegu gehienari eutsita», jarduerarekin jarraitzeko eskatu die Tapia sailburuak aeronautikako euskal enpresei. ITP Aero Castingek Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) lantegietarako asteon iragarritako kaleratzeen harira egin du eskaera hori Tapiak. Gero, Aernnovaren albiste iluna iritsi da.

Tapiak gogoratu du «inbertsio handia» egin duela hala sektore pribatuak nola publikoak aeronautikan «langile kualifikatuak» egon daitezen, eta kaleratze erregulazioekin galdu egingo litzatekeela kalitatezko enplegu hori. Baina sailburuak uste du «lau edo bost urte» beharko direla aeronautikaren sektorean «normaltasuna» berriro lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.