Berdelaren arrantza debekatzeko eskatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek

Bruselak %70 murriztu nahi du kuota, eta sektoreak salatu du hori ez dela bideragarria. Argudio ekonomikoak, biologikoak eta politikoak eman ditu.

Arrantzale batzuk berdela deskargatzen, Hondarribiko portuan, aurtengo martxoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arrantzale batzuk berdela deskargatzen, Hondarribiko portuan, aurtengo martxoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 10a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak prest daude 2026an berdela ez arrantzatzeko, besteek ere gauza bera egiten badute. Europako uretan espezie hori arrantzatzen den eremu osoa ixteko eskatu dute, eta «kuoten banaketa bidezkoago bat» ezartzeko, espeziea berreskuratzea bermatzeko. Bihar eta etzi bilduko dira Europako Batasuneko estatu kideetako arrantza buruak Bruselan, datorren urteko kuotak negoziatzeko, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek mezu hori eramateko eskatu diote Espainiako Arrantza ministroari.

Euskal arrantzaleentzat espezie nagusiak hegaluzea, antxoa, berdela eta legatza dira. Berdelaren kasuan Europako Batzordeak aurreratu du Kantauri itsasoko eremuan arrantzatu daitekeen kopurua %70 gutxitzea proposatuko duela, biomasa nabarmen txikitu baita azken urteetan. Hala ondorioztatu du Bruselak, ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluaren txosten zientifikoetan oinarrituta. Euskal arrantzaleentzat kuotaren murrizketa hori ez da jasangarria, eta banaketa «bidezkoagoa» eta «kontrolatuagoa» egin ezean, nahiago dute espezie horren harrapaketa debekatzea EBko arrantza eremu osoan, baita EBtik kanpoko ontzientzat ere.

Gaur egungo banaketak eta ezarri nahi diren murrizketak EBko ontzidiei eragiten die, eta nagusiki Kantauri itsasoko eremuan aritzen direnei. Aldiz, EBko uretan aritzen diren kanpoko herrialdeekin —Norvegiarekin eta Erresuma Batuarekin— Bruselak beste mahai batean negoziatzen ditu kuotak, eta, berdelaren kasuan, ez du murrizketarik aurreikusi, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek salatu dutenez.

Antxoarekin gertatutakoa gogoan

Arrazoi ekonomiko eta politikoez gain, argudio biologikoak ere eman dituzte halako neurri baten alde egiteko. Sektoreak gogora ekarri du antxoarekin zer gertatu zen: Bizkaiko golkoan espezie horren arrantza debekatu egin zen lau urtez, 2005etik 2009ra. Horrek balio izan zuen stocka berreskuratzeko. Denbora horretan diru laguntzak jaso zituzten antxoa harrapatzera irten ezin izan zuten ontziek.

Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek batez ere sareekin eta amuarekin arrantzatzen dute berdela. Kezka handiz bizi dute egoera. Baxurako ontzien kanpaina nagusietako bat da, hegaluzearenarekin batera. Eta bereziki garrantzitsua da amua erabiltzen dutenentzat, Bizkaian nagusiki, haien urteko emaitzen %50-%70 inguru berdelari baitagozkio. Hala ere, azken urteetan haiei ezarritako kuotaren heren eskas bat arrantzatu dute, arraina ur sakonagoetan ezkutatzen baita, sare eta arraste ontzien mesedetan. Berdelaren kanpaina otsailean hasi eta apirilean amaitu ohi da.

Beste kontu batek ere kezkatzen ditu arrantzaleak: prezioa. Azken urteetan behera egin du. Gainera, berdel freskoaren kontsumoa gero eta txikiagoa da, eta erosketa bultzatzeko egindako kanpainek erantzun epela izan dute. 2023an Jaurlaritzak Eusko Label produktuen zerrendara gehitu zuen berdela, antxoarekin eta hegaluzearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.