Loli Garciak agur esan dio ostegun honetan Euskal Autonomia Erkidegoko CCOOko idazkari nagusi karguari, Confebask patronalari eginiko mezu batekin: «arduraz» jokatzeko eskatu dio, eta gutxieneko soldata propio bat negoziatzeko mahaian behingoz eser dadila. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau sindikatu nagusiak batera ari dira aldarrikapen horrekin, baina patronalak uko egin dio gaiari buruz hitz egiteari.
EAEko CCOOren XVIII. kongresuaren lehen jardunaldian egin du eskaera hori Garciak, Gasteizen. Bihar amaituko da biltzarra. Santi Martinez Ekintza Soziopolitikoko eta Komunikazio arduradunak ordezkatuko du sindikatuaren buruzagitzan. Garciak bi agintaldi egin ditu karguan.
Bere azken hitzaldian, azaldu du azken urteotan izan diren «aldaketa sakonek» —ekonomikoak, sozialak eta ekoizpenaren arlokoak— produktibitatearen igoera nabarmena ekarri dutela, eta horrek enpresen irabaziak areagotu dituela. «Aberastasun hori» modu bidezkoan banatu behar dela azpimarratu du, «gizarte osoaren mesederako». Horrekin batera, nabarmendu du soldatak hobetzea eta lanaldia murriztea «funtsezko tresnak» direla bide horretan.
Lurralde mailako lan hitzarmenak ere defendatu ditu Garciak, enpresa itunen gainetik. Eta pozik azaldu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %94k gutxienez hitzarmen baten babesa dutelako.
Baina gaineratu du lan itunez gain beste neurri batzuk beharrezkoak direla. Adibidez, enpresetan egoera larriagotu aurretik esku hartu ahal izateko neurriak hartzea, eta diru laguntza publikoak enplegua mantentzeko konpromisoarekin eta etorkizuneko industria planekin lotzeko.
Fiskalitate «gardenagoa»
Zerga politika ere izan du mintzagai, eta fiskalitate «gardenago eta sendoago» baten beharra defendatu du, «gizarte kohesioa indartzeko eta aberastasuna birbanatzeko funtsezko elementu gisa».
Halaber, Garciak ohartarazi du eskuin muturrak «gero eta babes handiagoa» duela, eta nabarmendu «orain arte lortutako eskubideak» zaindu behar direla, Espainian Pedro Sanchezen agintaldian hartu diren zenbait neurri azpimarratuta. «Gutxieneko soldata igotzea, lan erreforma, pentsioen erreforma... Neurri horiek erakusten dute austeritatearen izenean defendatutako diskurtsoak ideologikoak zirela, faltsuak eta eraginkortasunik gabeak».