Berlin, energia garestiak uxatutako enpresa inbertsioei eutsi nahian

Hainbat enpresa ekoizpenaren parte bat Alemaniatik atzerrira eramaten ari dira, energia garestiak bultzatuta. Olaf Scholzen gobernuak hobari fiskalak onartu ditu ihes hori apaltzeko asmoz, baina gobernu koalizioan ez dute lortu energia ordaintzeko diru laguntzarik adostea.

Christian Lindner Finantza ministroa, Olaf Scholz kantzilerra eta Robert Habeck Ekonomia ministroa gaur, Mesebergeko jauregian. CLEMENS BILAN / EFE
inaut matauko rada
2023ko abuztuaren 30a
15:25
Entzun

Errusiako gasari jarritako debekuak eta trantsizio energetikoak asko garestitu du energiaren prezioa Alemanian, eta ez dirudi urte batzuetan behera egingo duenik. Alemaniako Gobernuak uste du energiaren prezioek gaur egun bezala jarraituko dutela gutxienez 2027ra arte, eta energia gehien kontsumitzen dutenak, enpresa industrialak, produkzioa atzerrira eramaten ari dira argindar faktura gero eta handiagoak ikusita.

Energia asko kontsumitzen duten enpresak fakturak ordaintzeko diru laguntzak eskatzen ari zaizkio Olaf Scholzen gobernuari, baita Alemaniako hainbat estatu federalei ere. Konpainiek diote ekoizpen kostuak jaisteko eta lehiakor izateko beharrezkoa dela energia merkatzea, eta estatu federalik industrializatuenek ere (Bavaria, Hessen, Saxonia Beherea, Ipar Renania-Westfalia, Renania-Palatinatua, Saxonia eta Saxonia-Anhalt) gutun bat sinatu zuten elektrizitatearen prezioa diruz laguntzeko eskatzeko; Anke Rehlinger Sarreko lehen ministroak, esaterako, Alemania «desindustrializatzeko» arriskua ikusten du.

Eskakizunak eskakizun, energiaren prezioa diruz laguntzeko neurririk ez du onartu Alemaniako Gobernuak, barne eztabaida handia baitago koalizio gobernuko aldeen artean. Berdeak eta alderdi sozialdemokrataren parte bat enpresei fakturak ordaintzen laguntzearen aldekoak dira, uste baitute enpresen ihesa eragotziko duela eta energia berriztagarrien igoerak laster elektrizitatearen prezioa merkatuko dutela. Hala ere, koalizio gobernuko hirugarren alderdia, Alderdi Demokratiko Askea Liberala eta Olaf Scholz kantziler sozialdemokrata diru laguntzen aurkakoak dira, enpresa txiki eta handien arteko lehiakortasuna desitxuratzen duela uste baitute.

Scholz kantzilerrak, Robert Habeck Ekonomia ministroak (Berdeak) eta Christian Lindner Finantza ministroak (alderdi liberala) atzo adierazi zuten lanean dabiltzala etorkizuneko energia hornidurarako estrategia "koherente eta indartsu" bat egiteko, baina baztertu egin zituzten epe luzeko diru laguntzak: «Garbi dago diru laguntza egonkor bat ez dela konponbidea».

Hobari fiskalak

Energiaren prezioa diruz laguntzeko akordiorik lortu ez badute ere, Scholzen gobernuak bestelako neurri batzuk onartu ditu Alemaniako enpresek ekoizpena ez deslokalizatzeko. Atzo eta gaur, Mesebergeko jauregian elkartu dira ministro gehienak, eta, beste neurri batzuen artean, ekonomia berraktibatzeko hamar puntuko lege bat adostu zuten, parlamentuak eztabaidatu eta onartu egin behar duena oraindik.

Neurri berrien helburu nagusiak hauek dira: hobari fiskalak bultzatzea, burokrazia murriztea, eta digitalizazioan aurrerapausoak ematea. Christian Lindner Alemaniako Finantza ministro liberalak bultzatutako Hazkunderako Aukeren Legearen ondorioz, 50 hobari fiskal izango dituzte enpresek 2024tik aurrera, eta urtero 7.000 milioi euro aurreztea espero dute.

Enpresak, alde egiten

Azkenaldian, Alemania geldialdi ekonomikoan dago, barne produktu gordina ez baita ez handitu eta ez txikitu azken hiruhilekoetan. Ukrainako inbasioaren ostean, energiaren eta elektrizitatearen prezioek izugarri egin dute gora Alemanian, eta horrela mantendu dira, Europako gainontzeko herrialde gehienetan gertatu ez den moduan. Horrek eragin zuzena izan du enpresen inbertsioan, askok Alemanian inbertitzeari utzi baitiote, eta beste batzuek produkzioaren parte batzuk atzerrira eramatea erabaki dute.

Alemaniako Industria eta Merkataritza Ganberak inkesta bat egin du, eta enpresen %32k adierazi dute azken urtean kanpo inbertsioari garrantzi handiagoa eman ziotela barne inbertsioari baino; hori zioten enpresak %16 ziren iaz. Galdetutako enpresen %52k adierazi zuten trantsizio energetikoa kalte egiten ari zaiola beren negozioari.

BASF kimika enpresak, esaterako, joan den uztailean erabaki zuen Txinan zabaltzea planta petrokimiko berria, eta Ludwigshafengo (Alemania) egoitza progresiboki txikitzea. 10.000 milioi euroko kostua izango du planta hori eraikitzeak, eta Martin Brudermüller kontseilari ordezkariak Europatik joateko erabakia azaldu zuen uztailean: «Europako baldintzak onak ez badira, beste leku batzuetan deskarbonizatzen saiatuko gara. Laguntza handia jaso dugu Txinan». BASF, beste enpresa batzuekin batera, energia ordaintzeko diru laguntzak eskatzen ari zaizkio koalizio gobernuari.

Brudermüllerrek, bestalde, adierazi zuen Europako hainbat enpresek AEB Ameriketako Estatu Batuetara egingo dutela alde, IRA Inflazioa Murrizteko Legeari esker diru laguntza gehiago lortuko dituztelako. Izan ere, Joe Bidenen gobernuak 369.000 milioi dolarren laguntzak onartu zituen «energia garbien inbertsioa» bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.