Bermeoko atunontzietan lan egiten duten bi arrantzale desagertu dira

Lankideak haien bila ari dira, baina bizirik aurkitzeko itxaropen gutxi dute, ordu asko pasatu direlako erori zirenetikAfrikako uretan gertatu dira bi lan ezbeharrak, Gineako Golkoan

Miren Garate.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ordu gutxian Bermeoko (Bizkaia) bi atunontzitan lan egiten duten bi arrantzale desagertu dira Gineako Golkoan, Ozeano Atlantikoan. Argitu gabe dauden arrazoiengatik uretara erori dira, eta haien bila ari dira lankideak.

Albacora enpresaren Galerna itsasontziko arrantzalea da desagertuetako bat. Galiziako Pontevedra probintziakoa da jaiotzez, eta 34 urte ditu. «Ez dakigu zer gertatu den. Agian labaindu egin da, agian zorabio batek eman dio, mila arrazoi egon daitezke. Ofizioko gizona da, urte pila daramatza ofizioan, eta bazekien zertan ari zen», azaldu dio Juan Ramon Aurrekoetxea patroiak Euskadi Irratiari. Haren esanetan, ez zegoen ohi baino itsaso zakarragoa.

Ostiral iluntzean, afalordua baino lehentxeago konturatu ziren lankideak arrantzale galiziarra falta zela. Senegalera bidean zihoazen, harrapatutako arrainak Dakar hiriburuan hustu ahal izateko. Gertatutakoaz jabetutakoan portutik 230 miliatara zegoen ontzia, eta buelta eman eta arrantzalearen bila hasi ziren. Atzo jarraitu zuten.

Enpresako ordezkariek aitortu dute «itxaropen gutxi» dutela bizirik aurkitzeko, denbora asko pasatu delako desagertu zenetik. Europako atun enpresa handienetako bat da Albacora, eta Ozeano Atlantikoan ez ezik, Ozeano Barean nahiz Indiako Ozeanoan ere egiten dute arrantza haren ontziek. Martxoan hondoratu egin zen haietako bat, Iria Flavia izenekoa. Madagaskar iparraldean eduki zuen ezbeharra, baina ez zen inor zauritu.

Bigarren desagertuak Pevasa enpresaren Juan Ramon Egaña atunontziarentzat egiten du lan. Sortzez afrikarra da, eta ontzia bat-batean geratu ostean erori zen itsasora. Cabo Verde irlaren hegoaldean gertatu zen ezbeharra, Senegalgo kostatik 600 kilometrora.

Bost ontzi ditu guztira Pevasak, 1.200 eta 1.400 tona artean harrapatzeko gaitasuna dutenak. Horien artean, Juan Ramon Egaña da Ozeano Atlantikoan aritzen den bakarra. Gainerako laurak Felipe Ruano, Playa de Anzoras, Playa de Aritzatxu eta 2008ko apirilean piratek bahituta eduki zuten Playa de Bakio dira, eta Indiako Ozeanoan egiten dute arrantza.

Istripu ugari, azken urteetan

Azken urteotan hainbat arrantzale hil dira bai Euskal Herrian izandako istripuetan, bai euskal enpresa batentzat lanean ari zirela atzerrian gertatutako ezbeharretan. Iazko urrian, Santoñako (Kantabria, Espainia) Siempre al Alba itsasontziarentzat lan egiten zuen langile bat desagertu zen, Pasaiako kostatik zortzi miliara. Senegaldarra zen jatorriz. Iaz ere, urtarrilean, L'Epaulard arrasteontzia irauli egin zen Landetako uretan (Frantzia), Biscarrossetik hamabost kilometro ingurura. Lezoko (Gipuzkoa) 54 urteko arrantzale bat hil zen istripu hartan, eta beste lau arrantzale salbatu egin behar izan zituzten.

2009an, Ondarroako Lasti arrasteontziko makinista hil zen Bizkaiko Golkoan, uretara erorita. 2008an, berriz, bi marinel hil ziren. Txuri Urdin ontziko arrantzale bat Ozeano Atlantikoan zendu zen, txirrika batek buruan kolpea eman ostean. Pasaian 42 urte zituen arrantzale bat hil zen, Natalie Chantalle II itsasontzian ontziratu behar zenean itsasora erorita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.