Bermerik jarri ezean Sunsundegui itxi daitekeela ohartarazi du LABek

Urriaren 23rako Nafarroako Gobernuak enpresa erosi edo ez erabaki behar du; konpromisoa argitzeko eskatzen dio LABekEnpresak gaur egun 18 milioi euroko zuloa du, eta 270 langileri ematen die lana

joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urriaren 23an erabakiko da Sunsundegui autobus ekoizlearen geroa. Ordurako, Nafarroako Gobernuaren menpeko Sodena sozietate publikoak erabaki egin behar du Sunsundegui erosi edo ez. LABek atzo Iruñean eskainitako prentsaurrekoan UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernuari eskatu zion enpresaren etorkizunaren aldeko konpromiso argia publikoki adierazteko eta bideragarritasun plan bat aurkezteko. Gobernuak berme horiek jarri ezean Sunsundegui itxi egingo dela eta 270 enplegu zuzen desager daitezkeela ohartarazi du Alberto Cristobal LABeko metalgintzako arduradunak.

Kolpe latza litzateke Nafarroan krisi ekonomikoa gehien jasan duen Sakana eskualdearentzat. Dagoeneko, 1.540 langabe daude eskualdean, eta Sunsundeguin egun 270 langile daude. Gainera, Altsasuko autobus egileak lana ematen die beste hainbat lantoki txikiri, eta, horregatik, balizko itxiera batekin 2.000 lagun egon litezke lanik gabe urtea amaitzerako, LABen arabera. Krisia hasi zenez geroztik, industria ehuna suntsitzen joan da Sakanan, eta luzea da lantokiak itxi dituzten enpresen zerrenda: Gamesa, Dinescol, Recindsa, Isphording Hispania, Arfe eta Igartex.

Orain arte Sunsundeguik nola edo hala eutsi egin dio: neurri handi batean Nafarroako Gobernuak emandako sostenguari esker. Enpresak gainbehera ekonomikoa jasan du azken bost urtetan: 2006ra arte, enpresak irabaziak zituen, baina hurrengo hiru urteetan produkzioa handitu bazuen ere, galerak pilatu zituen. 2008ko udazkenetik, berriz, krisiak arazo horiek sakondu egin zituen, eskariak %40 jaitsi zirelako. Arazo ekonomikoak handitu ahala, gizarte gatazka ere handitu egin zen. 2009ko ekainean 77 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak, eta langileek mobilizazioak iragarri zituzten.Handik gutxira, enpresak atzera egin zuen erabakian.

Garai hartan, 2009ko urrian, enpresaren akziodunek Nafarroako Gobernuaren gain utzi zuten enpresaren kontrola eta kudeaketa. Bi urteotan, Gobernuaren helburua izan da Sunsundegui ekonomikoki bideragarri egitea. Alabaina, egiturazko arazoak ez dira konpondu eta gaur egun, 18 milioi euroko zuloa du enpresak.

Lourdes Goikoetxea Nafarroako Lan eta Industria kontseilariak irailaren 22an Parlamentuan adierazi zuen krisiak «bereziki» eragin diola Sunsundeguiri, eta Foton enpresa txinatarrarekin hitzarmena lotu nahian diharduela: konpainia horrek Europan egin nahi dituen autobus elektrikoen karrozeria Sunsundeguik bere gain hartzea da asmoa. Dena den, atzo LABek adierazi zuen «bertan behera» geratu dela aukera hori. «Ez dakigu non egingo den autobus elektriko horien karrozeria», aipatu zuen Cristobal LABeko ordezkariak.

Egoera zail horren aurrean, uztailaren 21ean langileen batzordean gehiengoa duten UGTk eta ELAk —bosna ordezkari; LABek hiru—akordioarako oinarriak hitzartu zituzten: 40 kaleratze, lan jardunaldiak egokitzea, %10 eta %20ko soldata jaitsierak eta horrekin batera soldatetan mailakatze bikoitza... Dena den, bi sindikatuek argi utzi zuten hitzarmena ez zutela sinatuko harik eta Nafarroako Gobernuak konpromiso argi bat erakutsi arte.

Beldur giroa eta mehatxuak

Horretan datza orain jokoak. Nafarroako Gobernuak eskatzen du lan baldintzen gaineko akordio hori sinatzea eta ofizial egitea, beste edozer erabaki hartu aurretik. Sindikatuek, bere aldetik, eskatzen diote gobernuari lehenik eta behin argitzeko Sunsundeguiren gaineko konpromisoa. LABek aurreakordio hori ez zuen hitzartu eta atzo ELAri eta UGTri deia egin zien «konpromisogabeko dokumenturik sinatu ez dezaten».

LABek salatu duenez, langileen artean «beldur giroa» dago eta Sodenak jarritako Jose Ignacio Murillo kudeatzaileak herenegun mehatxu egin zien langileei: gaur aurreakordio hori sinatzen ez badute, irailean ez dute soldatarik jasoko. LABek presio eta mehatxu horiek salatu ditu, eta ohartarazi du langileek ezin dutela lan baldintzen murrizketarik onartu enpresaren gaineko konpromisorik ez badago. «Ezin dugu gure buruari harririk bota». Berretsi du gobernuak «zer egin nahi duen eta zein den irtenbidea» azaldu beharko duela.

Sindikatuak mobilizazioak iragarri ditu hurrengo asteetarako. Etzi, 12:00etan Nafarroako Parlamentuan eta urriaren 14an, berriz, manifestaziora deitu dituzte sakandarrak Altsasun, 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.