Koronabirusaren izurrriarengatik azken hilabeteetan ezarritako konfinamenduak kolpe latza eman die denda txikiei. Haiei laguntzeko asmoz, BERRIA zabalik kanpaina martxan jarri da. Irakurleen eta dendarien arteko haria lotzea da asmoa, denen artean sarea osatzeko.
Izurriaren aurretik ere 500 BERRIAlagun iragarle zituen saltokien sareak. Orain arte, dendariek ordaindu behar izan dute sarean izena emateko. Baina momentuaren zailtasunei erantzuteko asmoarekin, BERRIAk ateak zabaldu ditu, herri eta auzoetako denda txikiek Euskal Herri osoko erakusleiho bat ere izan dezaten. Uztailaren 25era arte doan izango dute izena ematea.
Saltoki bat duenak hemen eman dezake izena tokiko merkataritza ikusgai egiteko Euskal Herriko sarean. Norberak formulario erraz batean sar ditzake bere negozioaren datuak, eta zuzenean lotu sareari.
BERRIAk lau haizeetara zabalduko ditu saltokiak, eta irakurleei eta BERRIAlagunei gomendatuko dizkie. Gainera, udazkenerako bestelako egitasmo batzuk jarriko dituzte martxan, izena ematen dutenekin hitz eginda.