Txema Gisasola. Fagor taldeko zuzendari nagusia

«Berriztagarriek ez dute laguntzetatik bizi behar, inbertsioetatik baizik»

Gisasolak energia berriztagarrien aldeko plan estrategikoan kokatu du Fagor Etxetresnak enpresak Basaurin elkar-metagailuak ekoizteko inauguratu duen planta berria

Mikel Carramiñana.
Basauri
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Krisia igaro dela esatera ausartu gabe, Fagor Etxetresnak enpresan behintzat «lasai» daudela dio Txema Gisasola enpresako zuzendari nagusiak (Zumarraga, 1962). Iazko urte zailaren ostean, proiektu berrietan murgiltzeko prest dago Mondragon taldeko kidea; energia berriztagarrietan, besteak beste. Helburu horrekin, elkar-metagailuak ekoizteko planta berri bat martxan jarri zuten atzo Basaurin (Bizkaia).

Zer-nolako inbertsioa behar izan du gaur martxan jarritako plantak?

Confort deritzogun negozioaren parte da produktu berria, berogailuen edota haize girotuaren arlokoa. 6,5 milioi euroko inbertsioa egin dugu hemen, Basaurin, elkar-metagailuak egiteko. Eguzki energia termikoaren sistemaren atal bat da; ura berotzeko, besteak beste. Europan, egun, halakoak ekoizten dituzten bi etxe daude, eta Fagor hirugarrena da.

Etekinak berehala egongo al dira?

Une honetan saltzen den produktua da, baina etorkizunean gehiago salduko da. Energia berriztagarrien inguruan asko hitz egiten bada ere, etxebizitzetarako eguzki plakak oraindik ez dira hainbeste zabaldu. Baina uste dugu arrakasta izango dugula, eta hurrengo urteetan 70 pertsonentzako lana emango du. Zergatik produktu hori eta ez beste gauza bat? Apustu bat izan da, gure 2009-2012ko plan estrategikoan erabaki genuen buru-belarri sartu behar genuela energia berriztagarrien munduan, eta ez gauzak erosten, gu geuk sortzen baizik.

Etxetresnak energia berriztagarrietarako urratsa egin beharko du?

Gure plan estrategikoa amaitzerako, espero dugu gure produktuen %50 energia berriztagarrien mundu horretan egotea. Argi dago ohiko energia gero eta gutxiago izango dugula; gero eta garestiago, gainera. Confort negozio honetan ezinbesteko metamorfosi bat gertatzen ari da. Orain arte, produktu bat egin, galdara bat esaterako, banatzaileen bidez erosi eta etxean sartu izan da. Hori aldatzen ari da erabat, hemendik aurrera ez da salduko galdara edo berogailu bat, sistema osoa baizik. Gehienei berdin zaie galdara bat edo beste izatea; zer nahi du jendeak? Txorrotatik ur beroa ateratzea. Nola? Ahal dela, egun baino merkeago eta berdeago.

Berriztagarrien aldeko apustuak diruz lagundu dituzte administrazioek, krisian sartu arte. Nola ikusten dituzu mota horretako laguntzak?

Guk izan ditugunak behintzat Renove planen bitartez izan dira. Baina horiek aurrekontu mugatu bat izaten dute. Gure ustez, laguntzek beste bide batetik joan behar dute; gure industria nola eralda daitekeen aztertu behar du administrazioak. Baina kexarik ez. Egin beharrekoa geuk egin behar dugu, laguntzekin edo laguntzarik gabe. Pentsatzen dut erakunde publikoek nahiko lan izango dutela laguntza sozialak mantentzen. Beste inbertsio horiek egiteko, enpresak gaude.

Bideragarriak al dira laguntzarik gabeko berriztagarriak?

Energia berriztagarriek ez dute erakundeen laguntzetatik bizi behar, inbertsioetatik baizik, enpresak horretarako prest gaudelako. Bestela, asko sartuko dira laguntzak daudelako; baina kentzen dituztenean, zer? Dena pikutara. Hori da, hein batean, energia fotovoltaikoarekin gertatu dena. Bideragarritasuna luzera begira mantentzeko, enpresaren apustua izan behar da.

Fagorrek lokalizazioaren aldeko apustua egiten duela esan duzu inoiz. Basauri eredugarri al da?

Nik ez dut deslokalizazioan sinesten, tresna bat dela aitortu arren. Ezin baduzu produktu bat hemen fabrikatu batere lehiakorra ez zarelako, bi aukera besterik ez dago: produktu hori galdu edo beste norabait joan fabrikatzera. Gu Poloniara joan garenean hemen produktu horiek lehiakorrak ez zirelako joan gara, bizirik irauteko. Gu ez gara joango Txinara han fabrikatu eta gero produktuak hemen saltzeko. Deslokalizazioa egingo nuke ekoizpena merkatu eta bazkideei dibidendu gehiago emateko, baina hori ez da gure filosofia. Bestelako gauza da globalizazioa.

Eta Txinan saltzeko, Txinan ekoitzi behar al duzue?

Europako merkatua behera doan bitartean, aukera onak daude Asian. Begiratu nola aldatu diren gauzak. Orain dela zortzi edo bederatzi urte gure merkatu nagusia Espainia zen. Une honetan Europa dugu gure merkatu nagusia; Espainia salmenten %30 da; lehen, berriz, %70 zen. Eta eskerrak horri, krisiarekin okerrago ibiliko ginatekeelako bestela. Merkatu heldua da Europa, eta hemen jarraituko dugu, beste leku batzuetara joanda ere.

Asiara, besteak beste.

Orain dela bi aste, plan estrategikoaren barruan, Plan Asia deritzona onartu genuen. Inbertsionahiko handiak egin ditugu produktuari zein markari dagokionez, eta han saltzen hasi gara. 40 milioi euro saltzetik 100 milioi saltzera pasatu nahi dugu hurrengo hiru urteetan. Uste dugu hori lortu egingo dugula lantegi berriak ezarri gabe. Hortik aurrera hazteko, seguruenik, ezarri beharko ditugu, eta ari gara han partner-ak bilatzen.

Krisian emaitza txarrak izan dituzue. Zer-nolakoak izango dira 2010ean?

Iaz 19 milioi euro galdu genituen. Aurten, ekaina bost milioi galduta itxi dugu; beraz, askoz hobeto bukatuko dugula uste dut. Ez dakit irabaziko dugun edo ez-baiezkoan nago, gutxi bada ere-, baina joera da garrantzitsuena. Iazkoa oso urte zaila izan zen. Espainiako merkatua, bi urte eta erdian, %38 jaitsi zen, eta Frantziakoa %6. Horrez gain birfinantzatzea egin behar izan genuen, eta kostuak jaitsi. Esan behar da gure bazkideek ahalegin handia egin zutela. Baina ahalegin horien ondorioz, aurten ikusten dugu bide onetik goazela. Soldatak %2,5 inguru igo dira. Ez dut esango atera garela, baina enpresa barruan nahiko gustura gaude.

Galdutako enplegua berreskuratzen hasi da Fagor.

Hori da gure helburuetako bat.Noski, horretarako dirua irabazi behar da. Baina taldea enplegua sortzen ari da, bai. Iaz baino 700 pertsona gehiago daude, eta guretzat, oso garrantzitsua da hori.

Enpresaren izaera lagungarria izan al da krisiari aurre egiteko?

Dudarik gabe. Beste enpresaburu batzuek esan didate guk oso erraz daukagula, baina ez da horrela. Ez da inoren gustukoa poltsikoa ukitzea. Halako krisi batzuk pasatu ditugu, memoria historikoa badaukagu, eta badakigu elkartasunaren bitartez hobeto gainditu daitezkeela. Zein da gure meritua? Ez da batek esatea soldata jaitsi behar dela, baizik eta jendeari azaltzea gauzak nola dauden,eta haiek, botoen bitartez, onartzen dute edo ez. Meritua ez da nirea, haiena baizik. Une jakin batean, pertsona batek pentsatu behar du soldata hainbeste jaistea merezi ote duen, proiektuagatik edo lanpostuagatik. Horraino heltzen garenean, arrakasta itzela da, eta hori da gure izaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.