Greba orokorra. Erreakzioak

«Beste behin» grebak huts egin duela ziurtatu du Confebaskek

Confebasken ustez, greba «ia eraginik gabea» izan da Araban, «oso txikia» Bizkaian eta «gorabeheratsua» Gipuzkoan«Arduragabekeriaz» jokatzea leporatu dio Patxi Lopezek gehiengo sindikalari

Sindikatuen manifestazioa Iruñeko Gazteluko plazan, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Huts egin du, enpresaburuen elkarteen iritziz, gehiengo sindikalak Hego Euskal Herrian antolatutako greba orokorrak. Gaur egungo egoera ekonomikoa aipatu du patronalak greba baten egokitasuna zalantzan jartzeko, eta, «beste behin», grebara deitu dutenek porrot egin dutela adierazi dute enpresaburuek.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak bat egin dute enpresaburuen iritziarekin, eta salatu egin dute greba antolatu duten sindikatuen jarrera. «Arduragabekeriaz» jokatzea leporatu die Lopezek, eta greba «kaltegarria» dela nabarmendu du Olanok.

ESK sindikatuak eta Aralarrek grebaren alde egin dute. Beharrezkotzat jo dute, eta bat etorri dira CCOO eta UGT sindikatuek eta Espainiako Gobernuak pentsioen erreforman erdietsi duten aurreakordioa kritikatzen: langileen eskubideen aurkakoa dela iritzi diote.

PATXI LOPEZ. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Greba sindikatuek duten azken baliabidea da, eta errazegi deitu dute»

Patxi Lopezek greba orokorrera deitu duten sindikatuen jarrera «arduragabea» salatu du, urte eta erdiren buruan, «sindikatu abertzaleek hiru aldiz deitu dutelako grebara». Greba «sindikatuek duten azken baliabidea» dela deritzo lehendakariak, eta, esan duenez, sindikatuek «errazegi» antolatu dute greba.

«Deigarria» iruditzen zaio Lopezi «negoziazio mahaira ez doazen sindikatuek» greba iragartzea: «Jarrera hori hartu duen sindikalismoak ez die langileei mesederik egiten», esan du.

CONFEBASK

«Grebak erakutsi du gizartea gero eta urrunago dagoela halako mobilizazioetatik»

Confebasken iritziz, greba «ia eraginik gabea» izan da Araban, «oso txikia» Bizkaian eta «gorabeheratsua» Gipuzkoan. Patronalak jasotako datuen arabera, Araban langileen %8k bat egin dute greba deialdiarekin; Bizkaian, industriagintzako langileen %15 ez dira lanera joan; eta Gipuzkoako industriagintzan, %28ra heldu da greba egin duten langileen kopurua. Gizartearen «gehiengoa egunero bezala» joan dela lanera eta, beraz, grebak huts egin duela nabarmendu du patronalak: «Greba honen porrota aurreko deialdietakoari gehitu behar zaio, eta horrek argi erakusten du gizartea gero eta urrunago dagoela halako mobilizazioetatik». Adierazi duenez, egungo egoera ekonomikoan, grebek «ez dute justifikaziorik», eta egoera horren inguruan langileek duten jarrera txalotu du enpresaburuen elkargoak.

ADEGI

«Gipuzkoako langileen %72 lanera joateak argi uzten du grebaren porrota»

Adegi Gipuzkoako patronalak adierazi duenez, langileen %72lanean izan dira. Datu horrek grebara deitu dutenen porrota «argi» uzten duela iritzi dio. Enpresa handietan deialdiak eragin «gorabeheratsua» izan duela esan du; enpresa txikietan, berriz, eragin hori txikia izan dela gaineratu du.

Adegik hainbat piketeren jarduna salatu du: «Xantaia eta mehatxua» erabiltzea egotzi die, langileek lanpostua utzi eta enpresak ixteko asmoz. Gainera, 70 pertsonako pikete batek enpresa bati «era basatian» eraso egin diola salatu du patronalak, baina ez du zehaztu enpresa hori zein den.

JOSE ANTONIO SARRIA. Nafarroako enpresaburuen presidentea

«Egoera ekonomikoa zein den ikusita, erokeria da greba»

Greba orokorra «oso kaltegarria» dela adierazi du Jose Antonio Sarriak, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoko presidenteak. Haren iritziz, «erabateko erokeria» eta «zentzugabekeria» da greba antolatzea, «bizi dugun egoera ekonomikoa zein den jakinda».

Sarriak esan duenez, Sakanan izan da grebarekin bat egin duten langileen kopuru handiena: CENek jasotako datuen arabera, eskualde horretako langileen %36 ez dira lanean izan. Metalaren sektorean, —«Nafarroako ekonomiarentzako garrantzitsuenean»—, deialdiak «eragin txikia» izan duela nabarmendu du Sarriak: jakinarazi duenez, Iruñean, sektore horretako langileen %5 gaur ez dira lanera joan.

ESK

«UGT eta CCOO kapitalaren alde jarri dira»

Greba deialdiak jasotako babesa «oso garrantzitsua» dela uste du ESK sindikatuak, eta Bilbon, Gasteizen eta Donostian izan diren manifestazioetan milaka lagun elkartu direla nabarmendu du. Horrez gain, CCOOren eta UGTren jarrera salatu du: bi sindikatu horiek eta Espainiako Gobernuak pentsioen arloan erdietsi duten aurreakordioarekin sindikatuak «kapitalaren alde» jarri direla deritzo ESK-k.

MARKEL OLANO. Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Greba kaltegarria da, behar dena gizartea lehiakor egiteko ahalegina egitea delako»

Pentsioen erreformaren aurka egiteko, sindikatuek iragarritako grebaren inguruko balorazio «oso ezkorra» egin du Markel Olanok. Haren ustez, behar dena «gure gizartea lehiakor eta bideragarri egiteko ahalegina egitea delako».

«Oso egoera ekonomiko larrian» bizi garela eta horrek pentsio sisteman «ondorio batzuk» dituela ohartarazi du Olanok. Pentsio sistemak «eraldaketa garrantzitsua behar duela» nabarmendu du.

AINTZANE EZENARRO.Aralarreko legebiltzarkidea

«Borrokatu egin behar da, hainbeste kostatako eskubideei eusteko»

Aralarrek bat egin du grebarekin. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidearen ustez, «borrokatu egin behar da, kalean eta erakundeetan, hainbeste kostatako eskubideei eusteko, guretzat eta etorkizuneko belaunaldientzat». CCOO eta UGT kritikatu ditu Ezenarrok, «urteetako borrokari esker lortu diren eskubide laboral eta sozialen kontra» aritzea egozten baitie.

MIKEL ARANA. Ezker Batuko legebiltzarkidea

«Gertatutako istiluak saihestu zitezkeen»

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari kontuak eskatuko dizkiola esan du Mikel Aranak, grebaren aldeko agerraldietan Ertzaintzak izandako esku-hartzeagatik. Istiluak saihestu zitezkeela uste du Aranak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.