Negoziazio kolektiboa

Beste bost greba egun Gipuzkoako arte grafikoetan

Adegik hitzarmena ez duela negoziatu nahi salatu dute LABek, ELAk eta UGTk. Azaroaren 4tik 8ra grebara deitu dute.

Arte grafikoetako langileak, gaur, Adegien aurrean. JON URBE/ FOKU
Irune Lasa.
2019ko urriaren 11
13:38
Entzun

Zortzi greba egun egin ostean, Gipuzkoako arte grafikoen alorreko langileak beste bost greba egunera deitu dute LAB, ELA eta UGT sindikatuek. Adegi patronala negoziatzera behartzeko xedez, geldialdiak azaroaren 4tik 8ra izango dira, hots, azaroko bigarren aste ia osoan. Horiek iragartzeko sektoreko ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur Adegiren egoitzaren atarian.

Bai LABek bai ELAk arte grafikoen sektorearen egoera ona azpimarratu dute. "Horrekin bat datozen funtsezko gauzak eskatzen ari gara", esan du LABek. "KPItik gorako soldata igoera, lizentziak gaurkotzea eta hobetzea, kontratazioa hobetzea, hitzarmena blindatzea". Sindikatuaren ustez, neurri horiek guztiak bidezkoak eta lorgarriak dira. "Urteetan sakrifizioak izan ostean, sektoreko langileok behar-beharrezkoak ditugu".

ELAren aburuz, "Adegi patronalak ez du negoziatu nahi", eta jokabide hori "Kultura Enpresa Berriaren ondorioetako bat; euskal patronalak kultura hori ezarri nahi du Gipuzkoako enpresetan, eta bere helburu bakarra da lan kolektiboa amaitzea, langileen baldintzak merkatzea, eta enpresetan prekaritatea betikotzea".

Sektoreko langileek ez dutela amore emango azaldu du ELAk, eta, ildo horretatik, LABek esan du patronalak aukeratu behar duela. "Patronalak akordioa nahi badu, izango du. Patronalak sindikatuetako eskaerei entzungor egiten dien bitartean, gatazka areagotu egin da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.