Ostiralean, AEBetako Auzitegi Gorenak haren muga zergak bertan behera utzi ostean, Donald Trumpek muga zerga berriak iragarri zituen, %10ekoak, eta gero, asteburuan, %15era igo du tasa. Printzipioz, zerga horiek 150 egunez egongo dira indarrean, baina legezkoak ote diren jada zalantzan jarri dute AEBetan bertan.
Hori bai, AEBetako presidentea bere merkataritza politikarekin sigi-sagaka dabilen bitartean, Etxe Zuriak esan du uste duela beste herrialdeek beren konpromisoei eutsi behar dietela. Jamieson Greer AEBetako merkataritza ordezkariak atzo hala esan zuen: «Akordioak onak direla uler dezaten nahi dugu. Sustengatuko ditugu, eta espero dugu gure bazkideek berdin egitea».
Alegia, Europako Batasunak, Txinak, Japoniak, Hego Koreak... men egin behar dietela baliogabetutako muga zerga haien mehatxuaren harira AEBekin iritsitako akordioei.
Baina AEBetako Gorenaren erabakiak eta ondoren Trumpen adierazpenek eta erabakiek muga zergen inguruan sortutako kaosarekin, ez dago batere argi bloke eta herrialde horiek zer egin nahi duten.
Berrespena auzitan EBn
Europako Batasunean, adibidez, Europako Parlamentuak gaur zehaztu behar du Turnberryko Akordioaren berrespena izoztuta utziko duen ala ez. Bernd Lange Parlamentuko Merkataritza batzordeko presidenteak jakinarazi zuen atzo berrespen hori izoztea eskatuko duela: «Inork ez du ezer ulertzen».
AEBen eta EBren arteko akordioa Trumpen Eskoziako resort-ean onartu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, joan den uztailean, eta, praktikan, umiliazio handia izan zen EBrentzat, ia ezeren truke besteak beste %15eko muga zergak ipini baitzizkieten europarrei, AEBetako gas naturala erostera behartu, eta AEBetan dirutzak inbertitzeko obligazioa ezarri.
Akordio hark zekarren kontsolamendu bakarra segurtasuna zen, muga zerga txikiagoak eta egonkorrak, Trumpen umorearen mende ez egoteko. Egia da, era berean, orduz geroztik izan direla Trumpen mehatxu gehiago muga zergen inguruan, batez ere AEBetako konpainia teknologikoen interesen mesedetan.
«Egungo egoera ez da egokia merkataritza eta inbertsio transatlantiko bidezko, orekatu eta onuragarriak izateko»
EUROPAKO BATZORDEA
Baina orain, berriz ere bertan behera geratu da muga zerga finkoen segurtasuna, eta, egoera horretan, gaur Europako Parlamentuak berrespenarekin zer egin erabaki bitartean, Europako Batzordeak atzo igandez agiri bat atera zuen, akordio bat akordio bat dela esanez. «Egungo egoera ez da egokia merkataritza eta inbertsio transatlantiko bidezko, orekatu eta onuragarriak izateko», esan zuen atzo Batzordeak, mezu zorrotzean.
Bruselak «argitasun erabatekoa» eskatu dio Washingtoni. Beldur da %15eko muga zerga berri hori beste tasa bati gehituko ote zaion — akordiorik ez dutenean MME Munduko Merkataritza Erakundeko kideek beren artean izaten duten tasa estandarrari— eta, ondorioz, Turnberryn adostutako %15eko tasa orokor hori gaindituko ote den muga zerga guztiekin.
Nahasmena
Ez dago zalantzarik AEBetako Auzitegi Gorenaren erabakiak panorama astindu duela. Etxe Zuriak duela gutxi iragarri zuen Indiarekin akordiorako adostasuna iritsi zuela, baina orain Indiak elkarrizketak atzeratzea erabaki du.
Asian, berriz, Hego Koreak esan du eutsi egingo diola AEBekin egindako akordioari; Japoniako alderdi nagusiak hau guztia «nahaste-borraste handia» dela adierazi du; eta Txina «oso adi» dago AEBak merkataritzan egiten ari direnari.