Miramongo parke teknologikoa Donostiatik Hernaniraino zabalduko da datozen bost urteetan,eta 108.000 metro koadroko eremua izango du. Han kokatuko diren enpresa eta erakundeek mila lanpostu berri sortuko dituztela iragarri dute parkearen arduradunek.
Zati berri horretarako proiektu batzuk onartuta daude dagoeneko; Oronaren berrikuntza zentroa, Ikerlanen zentro teknologikoa eta Mondragon Unibertsitatearen eraikin bat, besteak beste. Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordeak azaldu duenez, Miramon parkea zabaltzeko 160 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute datozen bost urteetan.
Hain zuzen, zati berria Hernaniko Galarreta auzoan egingo dute. 108.000 metro koadrotik 60.000 ikerketa, berrikuntza eta teknologia edukiak garatzeko proiektuentzat izango dira, baina oraindik zehazteke daude. Beste 40.000 metro koadro, Ikasleku fundazioarentzat izango dira; gune horretan eraikiko dituzte, hain justu, Orona, Ikerlan eta Mondragon Unibertsitatearen eraikinak. Gainerako 8.000 metro koadroak bestelako jardueretarako izango dira.
Oronako arduradunen arabera, «etorkizuneko eliteko profesionalentzat prestakuntza» eskainiko dute unibertsitatearen eraikinean. Garmendiak, berriz, ekimen horren garrantzia azpimarratu du, «eduki teknologiko handiko azpiegitura industrial bat delako» eta «Gipuzkoako industriarentzat erreferentzia» izango delako aurrerantzean.
Beste mila lanpostu sortuko dira Miramongo parkea zabaltzean
Ikerketa, berrikuntza eta teknologia edukiak garatzeko proiektuak hartuko ditu zati berriak, batez ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu