'Betehustubete'

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Oteizaren omenez Hustubetehustu egin aurretik, burtsa betehustubete jarri zaigu. %0,87 egin zuen gora Ibex-35 indizeak, odoluste bidean ziren bankuen artetik: 766 milioiren mozkina plazaratu berri duen Popularrek (+%5,48) emandako bultzadari esker eta gaur emaitzak plazaratzekoa den BBVA (+%0,92) eta Santander (+%0,61) begira zituztela. Klarion laborategia baino gehiago, salerosketa elektronikoena da burtsa: 2.406 milioirena izan zen atzo, laurdena Botin buru duen bankuaren akziotan. Martxotik abendura bete zena urtarril hasieran husten hasi eta atzo berriro bete zen pittin bat. Hala ere, Altzuza bezain urrun ikusten da 12.000 puntuen langa Madrilen edo 2.000 puntuena Bilbon. Grifols (+%3,46) eta Telecinco (+%2,27) kobazuloko itzal baino gehiago izan ziren atzo, eta husten Gamesa (-%1,67) eta Arcelor (-%1,81) baino ez ziren nabarmendu. Iberdrolan (+%1,08), berbarako, frontoikoa dirudien errebotetxoa izan da: 6,35 euroan da.



Popular (+%5,48) bankuak 766 milioi irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %27 gutxiago. Sarearen hedapena edo beste bankuen erosketa ez du bere lehenasunetan, eta irabazien erdiak banatuko dizkie akziodunei, pay out ratio deritzona %50ean mantenduz.



Euroespes Galiziako bioteknologia enpresa burtsara bidean da. Pocoyo panpinaren ekoizle Zinkia (=) eta Imaginariumen (+%3,46) bidetik, enpresa txikientzat eratutako Mercado Alternativo Bursatil (MAB) jo du begiz horretarako; banku maileguen alternatiba da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.