'Betirako gai kimikoak', beti alboan

Ehunka produktuk uraren eta beroaren kontrako erresistentzia izan dezaten sortu zituzten per- eta polifluoroalkiloak, baina oso toxikoak dira, eta EBk debekatu egin nahi ditu.

Per- eta polifluoroalkiloen arriskuen berri ematen duen kartel bat, Massachussettseko (AEB) Concord hiriko ibai batean, uztailean. CJ GUNTHER / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Izen luzea dute, mingaina trabatzeko modukoa: per- eta polifluoroalkiloak. Elementu kimikoak dira, eta edonon aurki daitezke: hozkailuetan, makillajean, auto elektrikoetako baterietan. Ehunka produktuk uraren, beroaren eta olioaren aurkako erresistentzia izan dezaten erabiltzen dituzte. Alabaina, urteak behar izaten dituzte erabat desegiteko; hortaz, pixkanaka-pixkanaka pilatu egiten dira bai ingurumenean, bai izaki bizidunen gorputzean. Hortik datorkio ezizena: betirako gai kimikoak.

Ingurumenean eta izaki bizidunen organismoan pilatuz doazen heinean, osasun kalte eta ondorio larriak eragiten dituzte. Horregatik, helburu argi bat du EB Europako Batasunak: per- eta polifluoroalkiloen erabilera nabarmen murriztea eta debekatzea. Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek, Norvegiak eta Suediak eman zuten lehenengo pausoa: mota horretako 10.000 elementu kimiko baino gehiago debekatzeko eskatu zioten EBri, urtarrilean. Handik bi hilabetera, martxoan, Europako Gai Kimikoen Agentziak jarri zuen eztabaida mahai gainean.

Oraindik ez dago argi Europako klubeko kideek neurria noiz bozkatuko duten, ezta horrek aurrera eginez gero indarrean noiz sartuko den ere. Baina xehetasun batzuk aurreratu ditu EBk. Erakundeak zera nahi luke: «ezinbestekoak» ez diren kasu guztietan elementu horiek erabiltzeari uztea 2025erako. Baina zer da ezinbestekoa, eta zer ez? Bada, hori adoste aldera, bi irizpide hauexek zehaztu dituzte: produktua gizartearentzat «benetan» beharrezkoa izatea, eta hori fabrikatzeko per- eta polifluoroalkiloen alternatibarik ez izatea.

Alternatibaren bila

Batzuei besteei baino gehiago kostako zaie B plana aurkitzea. Hamalau sektoretan baino gehiagotan erabiltzen dituzte elementu kimiko horiek, hala nola nekazaritzan, eraikuntzan, automobilgintzan, energia berriztagarrien industrian eta ehungintzan. Horietako batzuk hasiak dira per- eta polifluoroalkiloak ordezkatzeko iturrien bila, baina nondik jo ezin asmatu dabiltza beste asko; adibidez, garraioaren eta farmaziaren sektoreak.

Hain justu, debekua gutxienez 2027. urtera arte luzatzea galdegin dio Europari Unife Europako Trenbide Sarearen elkarteak. Hango zuzendari Philippe Citroenen arabera, epe hori baino lehen debekua indarrean jartzeak eten egingo lituzke sektorearen hazkundea eta energia berderako trantsizioa. Sektorearentzat erronka handia izango da ekonomikoki egingarria eta ekoizpenarentzat baliagarria den alternatiba bat aurkitzea, garraioarena baita urtean per- eta polifluoroalkilo gehien erosten duen sektorea: 16.000 tona fluoropolimero erosi zituen 2020an.

Antzeko erreakzioa izan du farmazia industriak. «Aukera berriak aztertzeko denborarik ez badaukagu, baliteke zenbait medikamentu merkatutik atera behar izatea», ohartarazi zuten abuztu hasieran zabaldutako ohar batean. Bada, sektoreen eskaerei erantzunez, alternatibak aurkitzeko zailtasunak dituzten enpresei trantsizioa egiteko hamabi urterainoko epe bat ematea erabaki du EBk.

Zenbait estatu kideren desirak ere ase ditu batasunaren erabakiak. Industriari laguntze aldera, «erregulazio eten bat» indarrean jar zezatela eskatu zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek joan den uztailean, eta harekin bat egin zuen Belgikako lehen ministro Alexander De Crookek.

Osasuna kolokan

Karburo eta fluoro atomoak nahastuz sortzen dituzte per- eta polifluoroalkiloak. DuPont enpresako ikertzaile batek sortu zituen —enpresa hori da gai kimiko horien ekoizle nagusia—, 1930ean. Manhattan proiektuan ere erabili zituzten, uranioa aberasteko. Handik zenbait urtera egindako ikerketa batzuek adierazi zutenez, ordea, oso toxikoak dira.

Besteak beste, gibeleko eta giltzurruneko minbizia, kolesterola eta arazo kognitiboak eragin ditzakete. Eta zuzenean nozitu ez arren, edonon daude: arnastu, ukitu eta irentsi egiten dira, oharkabean. Are, zenbait ikerketak adierazi dutenez, elementu kimiko horiez josita dago AEB Ameriketako Estatu Batuetako txorrotako uraren %40.

Edonola ere, DuPont enpresak aspaldi izan zuen arrisku horien berri. Elementu horiek «oso toxikoak» direla adierazi baitzuten 70eko hamarkadan idatzitako dokumentu batean, baina informazio hori gordetzea erabaki zuten. Hamarkada bat geroago, dokumentu horren berri izan zuen AEBetako abokatu Robert Bilottek, eta bi konpainien aurkako salaketa jarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.