Europako burokraziak erabili ohi duen hizkuntza kriptikotik apur bat aldenduz, zorrotz mintzatu zen aurrekoan Joaquin Almunia EBko Lehia komisarioa. Bruselak egiten dituen gomendioak Espainiarentzat «betebeharrak» direla argi utzi zuen Almuniak, bankuen erreskateak dituen baldintzei buruzko eztabaidaren erdian.
Gomendio edo eskaera horiek aintzat hartu zituen atzo Europako Kontseiluak, Bruselatik igorritako dokumentazioari jarraituz. Egiturazko defizita murrizteko ahaleginaren baitan, zerga alorreko bi neurri zehatz dituzte jopuntuan Bruselako funtzionarioek. Alde batetik, BEZaren bilketa oinarria handitzea exijitzen diote Espainiako gobernuari. Bestetik, etxebizitza erosteko kenkariei muga jartzea nahi dute.
Orain arte Espainiako Gobernuak errefusatu egin du eskatutakoa. Haatik, honezkero aitortu du aztertzen ari dela, eta udan bertan BEZa igoko ez dela esateari uko egin zion atzo Raxoik. Funtsean, herritarrek zerga gehiago ordaindu beharko dituzte erreforma horiek gauzatzen badira.
Hego Euskal Herrian ogasun sistema berezia indarrean dagoen arren, ondorioak egongo lirateke. BEZari dagokionez, ez dago inolako zalantzarik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan biltzen diren hamar eurotik lau zerga horretatik datoz, baina horren egitura eta antolakuntza osorik erabakitzen dira Madrilen.
BEZaren bidezko bilketa EBko batez bestekotik urrun ikusten du Bruselak. Barne produktu gordinaren %5,5 da Espainian (%6,1 EAEn). Bilketaren emaitza eskasa tasa murriztuak dituzten produktuen zerrendari egotzi dio EBk. Hortaz, baliteke etorkizun hurbilean gaur egun %8 edo %4 ordaintzen duten hainbat ondasun eta zerbitzuri — asko premia-premiazkoak — %18koa ezartzea. Tasa orokorra igotzea da beste aukera. Edo biak. Erosle ororen patriketan eragina izango luke aldaketa horrek, baina tasa murriztua duten produktuak igotzen badira, kolpe gogorrena gutxien irabazten dutenentzat izango da.
Etxebizitzaren eskumena
Bruselaren aspaldiko beste obsesio bat etxebizitza erosteko kenkariak dira. Zapatero presidentea zenean kenkari orokorra ezabatu zuen gobernuak, eta soilik 24.000 euro baino gutxiago irabazten zituztenen eskuetan utzi zuen. Gobernura iritsi bezain pronto, PPk neurria berriro ere martxan jarri eta hedatu zuen.
Kasu honetan Hegoaldeko ogasunek zeresana badute. Izan ere, zuzeneko zergen antolakuntza eta egiturari buruzko eskumena dute. Beste batzuetan Madriletik zetorrena egokitu izan dute, baina etxebizitza kenkaria ukitu gabe utzi zuten Zapaterok nabarmen mugatu zuenean.
Kenkari nagusienetakoa da Hegoaldean. Aurten, esaterako, 580 milioi euro inguru bildu gabe utziko dituzte ogasunek, kenkaria dela-eta. Gastu fiskal esanguratsua den arren, alderdi bat berak ere ez du garbi defendatu ezabatu behar denik.
Krisia eurogunean. Goi bilera Bruselan
BEZa eta etxebizitza kenkaria, Bruselaren jopuntuan
Europako Batzordeak Raxoiri eskatutako neurrien ondorioak Hego Euskal Herrira ere iritsiko lirateke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu