Otsailean hasitako goranzko bidea eten egin du inflazioak, erregaien prezioaren igoeraren etenak bultzatuta. Maiatzean, prezioak duela urtebete baino %1,6 handiagoak ziren, baina %1,4 handiago besterik ez ekainean.Baina oso litekeena da beheranzko joera hori hilabete bateko kontua izatea, uztailaren 1ean BEZ zerga igo izanak hamarren batzuk igoko duelako urte arteko tasa. Urtea amaitzerako tasak %2tik gertu egotea espero dute aditu gehienek.
Hain zuzen ere, BEZaren igoerari egin diote aipamen CCOO eta UGT sindikatuek, inflazioaren datuaren balorazioa egitean. Euskadiko CCOOk eskatu die enpresei ez dezaten ezarri BEZaren igoera prezioetan. «Prezioen egonkortasuna behar dugu, gure ondasunek eta zerbitzuek merkatu kuota lor dezaten, eta, hartara, jarduera ekonomikoa eta enplegua hobetzeko». UGT-Euskadik uste du BEZaren igoerak halabeharrez ekarriko duela inflazioaren igoera, eta horrek herritarren eros ahalmenari kalte egingo diola. Horregatik, «arduraz» jokatzeko eskatu die enpresaburuei, eta langileen erosteko ahalmena errespetatzen duten lan itunak sinatzeko galdegin die.
Maiatzetik ekainera %0,2 igo zen kontsumo prezioen indizea Hego Euskal Herrian, eta urtea hasi denetik %0,8. Herrialdeka, Gipuzkoak du urte arteko inflazio tasarik txikiena (%1,3), eta Arabak, berriz, handiena (%1,6). Nafarroan %1,4koa izan da, eta %1,5ekoa Bizkaian.
Espainian ere antzeko datuak gertatu dira, inflazioa hamarren bat handiagoa izan bada ere. Espainiako Ekonomia Ministerioak ontzat jo du prezioen bilakaera, iritzi diolako ekonomia «normaltasun aroan» sartzen ari dela. Jose Manuel Campa Ekonomiako Estatu idazkariak nabarmendu du deflaziorako arriskurik ez dagoela, azpiko inflazioa -erregaiak eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena- berriro positiboa delako: -%0,1 izan zen apirilean eta %0,4 ekainean.
BEZaren igoeraren atarian, inflazioa berriro moteldu da
Maiatzetik ekainera prezioak %0,2 igo dira Hego Euskal Herrian, eta %1,4 azken hamabi hilabeteotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu