Jarduera ekonomikoa

Bi bloke, krisi mahaiaren bileran

Jarduera ekonomikoari eutsi nahi diote Jaurlaritzak eta Confebaskek, eta oinarrizkoa ez dena eten nahi dute sindikatuek. Enpresek jardueraren erdia galdu dutela azaldu du patronalak.

Sonia Perez, Arantxa Tapia eta Maria Jesus San Jose sailburuak, gaur. JOSE IGNACIO UNANUE / IREKIA
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 26a
20:06
Entzun

Bigarrenez bildu dira ostegun arratsaldean Eusko Jaurlaritza, aldundiak, sindikatuak eta patronala, bideokonferentzia bidez, koronabirusari aurre egiteko neurriek eragindako egoera aztertzeko. Aurretik bezala, bi bloke azaldu dira: Jaurlaritzak eta Confebaskek ahalik eta jarduera ekonomiko gehienari eustea defendatu zuten, eta sindikatuek, berriz, langileen osasunari lehentasuna ematea eskatu zuten.

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak enpresen artean egindako inkesta baten berri eman du. Haren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen jarduera krisiaren aurrekoaren erdia da dagoeneko. Zubiaurrek onartu du osasun krisiari krisi ekonomiko gordin batek jarraituko diola. Gaineratu duenez, jarduerari eusten dioten industriak hasiak dira lehengaien eta horniduren eskasia antzematen. Salgaien garraioan ere arazoak sortu dira. Enpresei finantzaketa bermatzeko, aldi baterako erregulazioak bizkortzeko, eta lana galdu dutenei laguntzeko eskatu du enpresaburuen elkarteak.

ELAren eskaerak

ELAren aldetik, Mikel Novalek eta Pello Igeregik hartu dute parte Jaurlaritzak deitutako bileran. Biek esan dute erabateko lehentasuna eman behar zaiola osasun publikoari, eta horregatik eskatu dute azterketa azkarrak egitea ahalik eta jende gehienari. Gogorarazi dute «egoera latzean» ari direla lanean milaka langile, batik bat zahar etxeetan, ospitaleetan eta elikagai dendetan, eta eskatu dute funtsezkoak ez diren jarduerak murriztea, hori baita oraintxe bertan osasun publikoari egin ahal zaion mesederik handiena».  

Sindikatuak uste du Jaurlaritzak ez diola «egoera larriaren tamainako erantzunik» eman krisiari. «Neurriak berandu datoz, eta oso motz geratuko dira» krisiari aurre egiteko hartutako neurrietan. ELAk eskari hauek mahairatu ditu:

-Saririk ez duten langabe guztientzako gutxieneko errenta bermatua, LGS adinekoa.

- DSBEaren sisteman indargabetu egin behar dira zenbatekoari buruzko xedapenak, zeintzuek 2008ko Legea bere horretan aplikatzea galarazten duten.

-Diru sarrerak eta kotizazioak bermatze aldera hainbat erabakiren ondorioz —esaterako, ikastetxeetan eskolak etetea— zaintza lanak beren gain hartu behar izan dituztenentzako laguntza bat ezartzea.

-Enpleguaren aldi baterako erregulazioetan, enpresei ez eman txeke zuririk, ez ditzaten justifikatu gabeko epe batez luzatzeko baliatu, eta exijitu aldi baterako langileen kontratuak ez daitezela amaitu.

-Etxegabetzeak atzeratzea eta errenta etahipoteken ordainetik salbuetsita geratzea COVID-19aren krisiak eragindako pertsona guztiak.

-Etxebizitza, elikadura eta energiaren moduko oinarrizko eskubideen estaldura bermatu, batez ere kolektiborik zaurgarrienei. Hornidura eteteko debekua hiru hilabeteko epean.  

LAB, Jaurlaritzarekin haserre

LABen aldetik Xabier Ugartemendia ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko arduradunak hartu du parte. Berriro eskatu du oinarrizkoak ez diren jarduera guztiak eteteko, eta oinarrizkoetan ari diren langileei segurtasun neurri guztiak bermatzeko. Ugartemendiak ez du bilera gustura amaitu: «Gobernuaren eta patronalaren aldetik ez da inolako erantzunik egon. Neurri guztiak patronalari begirakoak izan dira. Berriro ere, Jaurlaritza ahaztu egin da langileez. Biharko Haserre eguna inoiz baino beharrezkoagoa da, eta langile guztiak deitzen ditugu beren etxetik zein lan zentroetatik beren haserrea adieraztera».

CCOO ere kexu da lehen bileran egindako proposamenak ez direla kontuan hartu: horien artean, gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzea lana galdu duten langile guztiei —9.000tik gora, Lanbideren arabera—, baita zaintza lanak egiteko beren lanaldia murriztu eta eten behar izan duten guztiei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.