UGTk aste honetan esan du ELAk eta LABek Gipuzkoako metal sektorean antolatutako lau greba egunekin bat egingo duela. CCOOk ezetz erabaki du. Bere kontura bi eguneko beste greba bat antolatu du. Maiatzaren 28an eta ekainaren 4an izango dira, gainerako sindikatuen bi lehen greba egunekin bat etorriz.
Pedro Rodriguez sindikatuko Industria federazioko idazkari nagusiak azaldu duenez, probintzia osoko lan hitzarmena nahi du CCOOk, baina hura lortzeko mekanismoak ez datoz bat gainerako sindikatuek proposatutakoekin, batez ere ELArenekin. «Metaleko lan hitzarmena defendatzen duela esaten du, baina azken hamar urteetan ez du bakar bat ere sinatu Gipuzkoan», leporatu dio.
Hala ere, bi egun horietan gertatzen dena aztertuko duela iragarri du CCOOk. «Sindikatuen apustu erreala zein den jakingo dugu orduan, ea helburuak bat datozen metaleko lan hitzarmen baten alde borroka egiteko».
265 atxikimendu
ELAk eta LABek atzo emandako datuen arabera, dagoeneko 265 enpresetako langile batzordeek erabaki dute lau eguneko grebari babesa ematea. CAF, Ramon Vizcaino, Zardoya, Luzuriaga, Niessen, Ikusi, Astilleros Balenciaga, Azkoitiko Sidenor eta Tekniker dira horietako batzuk. Maiatzaren 28an eta ekainaren 4az aparte, ekainaren 10ean eta 11n izango dira beste bi greba egunak.
Bi eguneko greba egingo du CCOOk metalean, berak bakarrik
Sindikatuak ez du bat egin ELAren eta LABen deialdiarekin, haien mekanismoekin ez dagoelako ados
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu