Bi krisi, bi irtenbide desberdin

Azken hogei urteotan bi krisi ekonomiko larri izan dira: Atzeraldi Handia eta koronabirusaren krisia. Bati eta besteari erantzuteko modua, ordea, ez da bera izan: krisia luzatu zuen austeritatearekin aurre egin zitzaion lehenengoari, eta gastu publikoarekin bigarrenari.

Lehman Brothersen egoitza, New Yorken. PETER FOLEY / EFE
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 26a
15:15
Entzun

Azken hogei urteotan bi krisi ekonomiko larri izan dira: Atzeraldi Handia eta koronabirusaren krisia. Bati eta besteari erantzuteko modua, ordea, ez da bera izan: krisia luzatu zuen austeritatearekin aurre egin zitzaion lehenengoari, eta gastu publikoarekin bigarrenari.

Gertakari handiak maite ditu XXI. mendearen hasierak. Azken hogei urteotan gertatu dira 1929koaren ondorengo krisi ekonomiko gogorrena eta pandemiarik bizkorrena, aste batzuetan ia mundu osoa geratu zuena. Atzeraldi Handiak eta COVID-19aren pandemiak lekua izango dute historia liburuetan, baina baita historia ekonomikoa aztertzen dutenetan ere. Izan ere, krisi bati zein besteari emandako erantzunak, Europan batez ere, desberdinak izan ziren: gerrikoa estutuz erantzun zitzaion lehenengoari, baina, aldi baterako behintzat, gerrikoari beste zulo batzuk eginez bigarrenari.

Krisi baten eta bestearen atarikoak desberdinak izan dira. 2003-2007 urteak hazkunde handiko urteak izan ziren. Hego Euskal Herriko ekonomia batez beste %3,7 hazi zen bost urte horietan, eta langabeziak behera egin zuen nabarmen: 2007ko ekainean, 90.151 langabe zeuden erregistratuta enplegu bulegoetan: gutxienez 1970eko hamarkadaz geroztik izandako kopururik txikiena.

Neurri handi batean, mailegu erraz eta merkeek elikatutako hazkunde bat izan zen, eta eraikuntza izan zuen protagonista nagusia: BPGaren %10 baino gehiago ere izan zuen, bere pisu historiko halako bi.

Inbertsiorik onena adreilua zen, ohikoa baitzen pentsatzea urtero %15-%20 garestitzen zen ondasun baten prezioa ez zela inoiz jaitsiko. Baina, jaitsi beharrean, amildu egin zen. Higiezinen bulegoetako iragarkiak begiratuta sinestezina dirudien arren, zortzi urtez garestitzen aritu diren arren, gaur egun Hego Euskal Herrian duela hamabost urte baino %20-%30 merkeago daude etxeak.

Mesfidantzaren lizuna. Krisia, noski, eraikuntzaren sektorean lehertu zen. Edo, hobeto esanda, eraikuntzaren sektorearen bazter txiki batean: AEBetako subprime merkatuan. Erreserba Federalak petrolio garestiari erantzuteko interes tasak igo zituenean, erortzen hasi zen torlojurik gabe baina ingeniaritza handiz eraikitako gaztelua: diru sarrera apaleko familiei erraz emandako milaka mailegu (subprime) huts egiten hasi ziren, eta mailegu horren multzoak erosi zituzten inbertitzaileek ikusi zuten egun batetik bestera haien balioa hutsaren parekora hurbildu zela.

Orduan ikusi zen zer gertatu zen: banku zentralak eta finantza merkatuaren beste kontrolatzaileak beste alde batera begiratzen aritu ziren urteetan, eta produktu toxikoz bete ziren bankuen balantzeak. Eta, sagar ustel baten moduan, mesfidantzaren lizuna bizkor hedatu zen finantzen mundu globalizatuan: elkarri dirua uzteari utzi zioten finantza erakundeek, eta porrot egin zuten bankuek (Bear Stearns, Northern Rock, Merrill Lynch, Lehman Brothers...). Ordura arte estatuaren parte hartzeaz kexatzen zirenek beraiek eskertu egin zuten gobernuek diru publikoko milaka milioi jarri izana finantza sistema erreskatatzeko.

Biktimen artean, «munduko banku sistema indartsuena» omen zena. Espainiako banku sisteman ez zegoen subprime-rik, baina bai eraikuntzaren burbuila elikatzeko jarritako aurrezki kutxak eta bankuak, prezioen amiltzean harrapatuta. Sistema osoa erortzeko eta gordailuak galtzeko arriskua zegoela ikusita, ia 60.000 milioi euro jarri zituen estatuak bankuak fusioen eta nazionalizazioen bitartez erreskatatzeko. Irlandan, Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetan ez bezala, diru horren oso zati txiki bat baizik ez dute berreskuratu kutxa publikoek.

Baina hasieran finantza krisi zena krisi ekonomiko gogorra bihurtu zen bankuek maileguen iturria itxi zietenean enpresei eta familiei. Atzeraldi Handiak milioika langabe ekarri zituen —Hego Euskal Herrian 90.000tik 235.000ra igaro zen—, soldata jaitsiera eta izozte luze bat, pobrezia, etxegabetzeak, enpresa historikoen (Fagor) eta anonimoagoen amaiera, prekaritate handiagoa lan munduan... Bi hitzetan, klase apalenen pobretze orokor bat, 2014-2019ko suspertzeak buelta eman ez ziona.

Grezia eta beste 'txerriak'. Bankuak ez ezik, estatu osoak erreskatatzea ekarri zuen Atzeraldi Handiaren spin-off ezagunenak: zorraren edo euroaren krisia deitutakoak. Greziak piztu zuen sua, hainbat hamarkadatako gobernantza kaskarrak irekitako zuloak gezurrekin estaltzerik ez zegoenean. Porrotaren garrek, arrisku sariaz mozorrotuta, Irlanda, Portugal, Zipre eta Espainia bera erre zituzten, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak sua bere formula magikoarekin itzaltzea lortu zuen arte: «Euroa salbatzeko, beharrezkoa den guztia egingo dut, eta sinets iezadazue: nahikoa izango da».

Eta zer izan zen beharrezkoa? EBZk dirua erruz sortzea —haren balantzea EBren BPGaren %20etik%70era pasatu zen—, bere gain hartzea zor publikoaren zati handi bat, eta bankuei nahi beste likidezia emanez haiei buruzko zalantzak uxatzea.

Estatuak —eta haiei dirua utzi zieten bankuak— salbatzeko dirua jarri zuen Europako Batasunak, baina harekin batera errezeta mingarri bat iritsi zen: austeritatea. Gastu publikoa murriztuz eta zergak handituz kontuak orekatzea zen agindua, hartara finantza merkatuak lasaitzeko. Beltzezko gizonen garaia izan zen, memorandumena, PIGSena, erreferendum etsigarriena, gobernuak erortzearena, sudurra estaliz egindako bozketena...

Urteak behar izan zituzten EBk berak eta Nazioarteko Diru Funtsak onartzeko austeritateak arazoak okertu zituela. Ohartzeko krisi garaietan gastu publikoa asko murrizteak hazkundea itotzen duela, krisia luzatu zuela, eta kontu publikoen orekatzea zaildu.

Hutsetatik ikasi zuela erakutsi nahi izan zuen EBk mende honetako bigarren krisia iritsi zenean: koronabirusarena. Jatorri eta molde desberdineko krisi bat, bat-batean eskaera geratu izanak eragindakoa.

Baina birus batek munduko biztanleei eta haien bizimoduari botatako erronkari bizkor erantzun zioten mendebaldeko gobernuek, dogma neoliberalak alde batera utzita. Kontuak orekatzeko arauak hozkailuan sartu, eta gastu publikoaren bitartez erantzun zuten. Dirua osasun sistema egarrituentzat, erreskateak larri zebiltzan enpresentzat, eta laguntza lanera joaterik ez zuten langileen soldatak ordaintzeko, aldi baterako enplegu erregulazioen eta antzeko beste sistemen bidez. Atzetik, banku zentralak, nahi beste finantzaketa eskaintzen finantza sistemak ez zezan porrot egin.

Hutsegiteak hutsegite, botikak bere funtzioa bete du. Ekonomiak 2020an izandako hondoratzea gainditu dute herrialde gehienek urte batean edo bitan, eta kostu soziala, ukaezina izan arren, arinagoa eta laburragoa izan da.

Langabeziaren datuetan ikusten da, esaterako: eurogunean inoiz baino langabe gutxiago daude gaur egun, eta Euskal Herrian ere urrun geratu dira 2008-2017ko kopuruak. 2020ko otsailean, konfinamenduaren aurretik, 151.000 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbiden eta Nafar Lansaren; kopurua 185.000ra iritsi zen 2020ko abuztuan, baina 138.000 eman ditu aurtengo apirilak. Eta 1,3 milioi langiletik gora daude, inoiz baino gehiago, egia bada ere haien artean prekariotzat jo daitezkeenak duela hogei urte baino gehiago direla.

Esku hartze handiagoa ikusi da inflazioaren aurkako borrokan eta industria politikan ere. Gobernuek ez dute zalantza handirik izan inflazioaren kalteak arintzeko neurriak hartzeko: argindarraren zergak jaitsi dituzte, erregaiaren erosketa lagundu dute, txekeak eman dizkiete larrien dabiltzanei, eta batzuk ausartu dira prezioen igoerari etekin handia ateratzen ari ziren enpresei zerga bereziak —eta nahiko apalak— jartzen.

Industria politika ere berpizten ari da. Carlos Soltxaga 1980ko hamarkadan Espainiako Ekonomia ministroak (PSOE) botatako esaldia —«industria politikarik onena existitzen ez den hori da»— ez luke gaur egun inork esango. Gutxi edo asko, gobernu guztiek lagundu dituzte industria batzuk, baina orain maila handiagoan. Joe Bidenen Inflation Reduction Act AEB berrindustrializatzeko estrategia bat da neurri handi batean, Txinara joandako industria berreskuratzeko urrats bat.

Europako Batasunak 750.000 milioi euro jarri ditu mahai gainean Next Generation planaren bitartez. Koronabirusaren krisitik ateratzeko plan gisa saldu zen, baina diruaren zati handi bat etorkizuneko industriak sustatzeko joango da, bateria elektrikoak egiteko fabriketara edo hidrogeno berdea ekoiztera, esaterako. Izan dira kritikak; azken finean, diru publikoa enpresa pribatuen patriketara igaro delako, noiz eta enpresa handi askok inoizko mozkinik handienak banatu dizkietenean beren akziodunei, herritarrak berpiztutako inflazioari nola edo hala aurre egin behar zioten garai batean.

2008ko krisiak kapitalismoa birfundatzeko balio behar zuela esan zuen Nicolas Sarkozy Frantziako orduko presidenteak, baina, hamabost urte geroago, gauza batzuk ez dira aldatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.