23 eta 24 urteko bi langile hil ziren atzo, Pirinioetako autobian(A-21), auto batek harrapatuta. Auto gidaria ere zendu egin zen. Istripua Alduate parean (Nafarroa) gertatu zen, Jakarako noranzkoan (Aragoi, Espainia). Geea Geologos enpresarentzat egiten zuten lan biek, eta ezbeharraren unean bideko zoruan iragazkortasun saioak egiten ziharduten. Enpresa A-21 autobiaren mantentze lanetarako azpikontratatuta zegoen. Bi beharginak J.A.G eta X.F.M dira, Lizarrakoak; auto gidaria, berriz, M.B.C., Zangozakoa, 26 urtekoa.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 11:08an izan zen ezbeharra, 31. kilometroan. Oraindik argitzeke daude arrazoiak, baina Foruzaingoaren lehen hipotesiaren arabera, autoaren abiadura, behe lainoa eta lur irristakorra izan litezke istripuaren arrazoi nagusiak. Bi beharginak eskuineko errailean ari ziren lanean, eta gobernuak dioenez, seinaleak jarrita zeuden lanak egiten ari zirela adierazteko. Auto gidariak bi langileak harrapatu ondoren beharginen autoa jo zuen.
Ezbeharraren ingurura bildu ziren Zangozako suhiltzaile eta medikuak, bi anbulantzia eta psikologo talde bat. Istripuaren ondorioz, errepidea itxita egon zen bi ordu eta erdiz Jakarako noranzkoan; bien bitartean, zirkulazioa NA-2420tik desbideratu zuten. A-21 autobiaren zati bat, hain zuzen, igande goizetik astelehen gauera arte itxita egon zen bi noranzkoetan, bi egunez izandako euriteek eragindako luiziengatik. Iruñetik Jakara doa Pirinioetako autobia.
Ezbeharraren gunean izan zen eguerdian Luis Zarraluki Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilaria, Ignacio Nagore Herri Lanetarako zuzendariarekin batera. Hildakoen senide eta lagunei doluminak eman zizkieten.
Sindikatuak, ikerketa eske
Sindikatuek Alduaten gertatutakoa gaitzetsi dute. UGTk gogorarazi du krisia ez dela aitzakia segurtasun neurriak ez errespetatzeko, ezta prebentzio neurriak ez planifikatzeko ere. Horregatik, Nafarroako Gobernuari «eraginkorragoa» izateko eskatu dio, eta beharrezkoak diren kasuetan zigorrak ezartzeko.
ELAk ere gobernuari igorri dio mezua: «Iker dezatela gertatutakoa». Sindikatuak ohar bidez salatu du politikariek «borondate falta» dutela laneko segurtasunaren gaiari irtenbidea emateko. «Halako murrizketekin ezin dira lan osasunerako prebentzio politikak egin», adierazi du. Gobernuak osasunerako institutuaren aurrekontua gutxitu duela gaineratu du. ELAren ustetan, agudo aritu behar denean planek ez dute «ezertarako» balio segurtasunak eta osasunak lehentasunik ez badute.
Gobernua ez ezik, enpresaburuak ere izan ditu gogoan. Prebentzioa «bigarren mailan» uztea leporatu die horietako batzuei, eta kasu batzuetan euren erantzukizunak albo batera uzten dituztela.
2010ean antzeko beste istripu bat izan zen Zaldibarren (Bizkaia). Orduko hartan Ceprenor enpresako bi langile zendu ziren, A-8 errepideko mantentze lanetan ari zirela furgoneta batek harrapatuta. Enpresak adierazi zuen langileek behar adinako segurtasun neurriak hartu zituztela. Ceprenorreko beste langile bat zendu zen istripuz 2007an Galdakaon (Bizkaia), zirkulazioa bideratzen ari zela.
Bi langile eta auto gidari bat hil dira Pirinioetako autobian, Alduaten
Geologia lanetan ari ziren beharginak, eta lehen hipotesien arabera, behe lainoak eta abiadura handiak eragin dute istripuaAuto gidariak langileak harrapatu ondoren geldirik zegoen beste auto bat jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu