Lan osasuna

Bi langile hil dira, eta sei dira jada hilak urtea hasi denetik

Gestampeko langile bat hil da auto istripuz, etxera zihoala, eta Lantarongo Braseli enpresan beste bat

Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irune Lasa.
2020ko urtarrilaren 8a
11:01
Entzun

Gestamp enpresako 25 urteko gazte bat hil zen atzo goizean, auto istripu batean, Igorren (Bizkaia): Zornotzako (Bizkaia) bere etxera zihoan, Gasteizko Mercedesen jarduna bukatu ondoren.

Miranda Ebron (Burgos, Espainia) beste behargin bat hil zen, Lantarongo Braseli Tubos y Accesoriosen (Araba) ari zela kolpe handi bat hartu ondoren. Mirandako mutualitatean artatzen ari zirela hil zen, istripua izan eta ordu batzuetara.

Bi heriotza horren aurretik, LABek azaldu zuen 2020. urtea hasi denetik beste lau lagun hil direla lanean ari zirela. Honako hauek dira laurak: Gasteizen aldamiotik jausitako behargin bat; Jutsin (Nafarroa Beherea) fardo batek zapalduta hildako laborari bat; abenduaren 28an Bilbon in itinere istripu batean larri zauritu eta urtarrilaren 4an hildakoa; eta, azkenik, larunbatean Bilboko El Corte Inglesen lanean ari zela ondoezik sentitu ondoren hildako 27 urteko P.G.F. langilea.

Azken horri buruz azalpenak eman ditu LABek. «Istripu hori lan karga handiko une batean gertatu zen. Lankideek larrialdietara joateko eskatu zioten, baina lan karga zela-eta bertan geratzea erabaki zuen». LABen arabera, «lan istripu guztien atzean erritmo azkarrak daude, presioak... eta, hainbatean, heriotzak eragiten dituzte. Kasu jakin horretan, oso agerikoa izan da ondorio hori: istripua lanaldi luzatu batean gertatu da, lan zentroa dagoeneko itxita zegoela; hurrengo egunerako denda prestatu behar zuten merkealdirako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.