Bi langile larri daude AHTko lanetan izandako eztanda baten ondorioz

Langile bat hil da Olletan, ibilgailua egoera txarrean zegoen baso bateko pista batetik atera eta iraulita

2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bi langile larri ospitaleratu zituzten ostiralean Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia), abiadura handiko trenbidea egiteko lanetan izandako leherketa baten ondorioz. Ezbeharra Antzuolan (Gipuzkoa) jazo zen. Osakidetzak jakinarazi duenez, zaurituak, gizonezkoak biak —bata 33 urtekoa eta bestea 27 urtekoa—, erreduren unitatean daude ospitaleratuta; aireztatze mekanikoaren beharra dute, eta «larri» daude.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak eta Euskal Trenbide Sareak Efe berri agentziari jakinarazi diotenez, ezbeharra tunel baten barruan gertatu zen, hain zuzen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako AHTko ibilbideko tunelik luzeenaren barruan. Istripuaren zergatirik, ordea, ez dute argitu.

33 urteko langileak «bigarren erdi mailako» erredurak ditu gorputzaren %5ean, baita «orno haustura bat» ere. 27 urteko langileak, berriz, erredurak ditu gorputzaren %20an; erreduren %11 hirugarren mailakoak direla zehazten du mediku txostenak.

Osalan Laneko Osasun eta Segurtasuneko Euskal Erakundeak ikerketa bat abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko.

Ez da abiadura handiko trenbidea egiteko lanetan gertatzen den lehendabiziko lan istripua. Hiru urtean gutxienez bost langile hil dira; azkena, joan den irailean, Tolosako Aldaba Txiki Auzoan (Gipuzkoa). Ordukoan, kamioi bat bidetik irten, eta gidaria hil zen.

Hildako bat Nafarroan

Herenegun, berriz, langile bat hil zen, eta beste bat zauritu, Olletan (Nafarroa), Gerindako parke eolikotik gertu. Ezbeharra 19:00 aldera jazo zen. Eron enpresako langileak biak, haize erroten mantentze lanak egitera zihoazen noranahiko batean, eta argitu ez dituzten arrazoiak tarteko, ibilgailua egoera txarrean zegoen baso bateko pista batetik irten, eta irauli egin zen.

Hildakoaren lankideak berak hots egin zuen larrialdiko zerbitzuetara laguntza eske. Baina osasun zerbitzuetako kideek ezin izan zuten ezer egin gazteari laguntzeko. Tafallako osasun etxeko guardiako medikuak haren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuen egin. Gorpua handik ateratzeko ere suhiltzaileen laguntza behar izan zuten.

Hildakoak 35 urte zituen, eta Tafallakoa zen jaiotzez. Haren lankidea, 38 urteko gizonezkoa, istripuaren lekuan bertan artatu zuten, zauri arinak besterik ez zuelako.

Nafarroako Foru Poliziak ikertuko ditu istripuaren nondik norakoak.

ELA sindikatuak elkartasuna adierazi die hildakoaren senitarteko eta lagunei, eta gogor gaitzetsi du gertatutakoa. «Egunerokoan argi eta garbi ikus daiteke administrazioek ez dutela inolako borondaterik lan istripuen arazoari aurre egiteko, murrizketak lehenesten dituztelako prebentzio neurrien ondoan». Nabarmendu du Nafarroako Gobernuak «beste behin ere» murriztu egin dituela Laneko Osasunerako Nafarroako Institutuaren aurrekontuak. «Horrela ez dago lan arriskuei aurre egiteko politikarik egiterik. Alferrikakoak dira elkarrizketa mahaiak, planak eta argazkiak, lanerako garaian bost axola badute laneko osasunak eta segurtasunak».

Aurten, dagoeneko gutxienez lau langile hil dira Euskal Herrian, lanean ari zirela izandako ezbeharretan: bi Bizkaian, bat Gipuzkoan eta beste bat Nafarroan. Iaz, urte guztian, 80 langile hil ziren, LAB sindikatuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.