Urtarrilaren 1etik irailaren 30era 46,4 milioi euro irabazi ditu Euskaltelek. Gora egin dute diru sarrerek (521 milioi, +%17,4) eta ustiakuntza irabazi gordinak (Ebitda, 252,9 milioi, +%15,3). Asturiasko Telecable filialaren emaitzak Euskal taldekoetan zenbatzeak eragin ditu, neurri handi batean, igoera handi horiek.
Derioko konpainiak agiri baten bidez azaldu duenez, bezero berriak lortu ahal izan ditu urtea hasi denetik. Horrela, 2,36 milioi produktu kontratatu dizkiete bezeroek, eta 2017 bukaeran baino 39.000 kontratu gehiago ditu.
Bezero berrien iturri nagusietako bat Nafarroa da, aurten hasi baita euskal telefono konpainia merkatu horretan lehiatzen. Dagoeneko bi milatik gora bezero ditu, eta espero du urtea bukatzen denerako 4.000 izatea. Lehenik Iruñerrian zabalduko da Euskaltel, Orangeren zuntz optikoaren sarea erabilita, baina 2022rako espero du Tuteran, Altsasun eta Etxarri Aranatzen ere bere zerbitzuak eskaini ahal izatea.
Hedapena eta kontrola
Hedapen betean dago Euskaltel. 2015ean Galiziako R Cable erosi zuen Euskaltelek, 1.190 milioi euroren truke. Asturiasko Telecable erosteko operazioa iaz egin du euskal taldeak, 686 milioi eurotan. Taldeko marka bakoitzak bere izena, egitura eta talde profesionala mantendu ditu tokian-tokian.
Telecableren akziodun nagusia zen aldetik sartu zen Zegona funtsa Euskaltelen kapitalean. Baina akzioen %15ekin ez da moldatzen Zegona, eta akzioen gehiengoa eta konpainiaren kontrola eskuratzeko operazioa iragarri du. Gaur egun, Kutxabank da akziodun nagusia (%21,3), eta haren eskutik dago oraingo zuzendaritza taldea, Alberto Garcia Erauzkin buru duela. Hura ordezkatu eta telefono konpainiaren estrategia aldatu nahi du funts britainiarrak.