Biak bat, hirugarren izateko

Ia bi urte negoziatzen pasatu ostean, batzeko akordioa sinatu dute British Airways eta Iberia hegazkin konpainiek

Miren Garate.
Donostia
2010eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Historiako urterik txarrena izan zen 2009a aire konpainientzat. Europakoek eurek 1.650 milioi euro galdu zituzten. Hori ikusita, kostuak murriztu beste erremediorik ez zaie geratu enpresei. Horretarako, bat-egiteen bidea aukeratu dute British Airwaysek eta Iberiak. International Airlines Group sortuko dute elkarrekin. Diru sarrerei dagokienez, Europako hirugarren konpainia izango da, eta munduko bosgarrena.

Atzo sinatu zuten akordioa, baina baldintzak adostuta zeuzkaten aurrez ere, azarotik. Konpainia berrian %55eko partaidetza izango du British Airwaysek eta %45ekoa Iberiak. Urtean 15.000 milioi euro inguru fakturatuko ditu eta bosgarren urtetik aurrera 400 milioi euroko sinergiak sortu. Bat egin arren, norbere markei eta hegaldiei eutsiko diete batak zein besteak.

Batez ere bi asmorekin batuko dira. Alde batetik, finantza aldetik sendotasuna lortu nahi dute, Europako bi konpainia nagusiekin -Air France-KLM eta Lufthansa-lehiatu ahal izateko. Bestetik, kostuak murriztu nahi dituzte, eta elkarrekin merkeago eskuratu ahal izango dituzte erregaia, teknologia eta hegazkin berriak.

Azaroan izango da bi konpainien akziodunen batzarra. Haiek oniritzia eman ostean, abendurako espero dira konpainia berriaren lehen hegaldiak. Orduan hasiko da burtsan kotizatzen ere; hain zuzen, Londreskoan eta Madrilgoan egingo du.

Akordioa sinatuta dago, eta ez dirudi arazorik izango denik. Hala ere, Iberiak oraindik badu atzera egiteko aukera. Izan ere, badago puntu gatazkatsu bat:langile ohiei ordaintzeko funtsean British Airwaysek duen defizita. Abenduan emandako datuen arabera, 4.200 milioi euro inguruko zuloa du. Horrek ekar diezaiokeen kostuaren kezka du Iberiak, eta akordioa lortzeko baldintza gisa, kantitatea murrizteko plan bat martxan jartzeko eskatu zion British Airwaysi.

Orain aste batzuk iragarri zuen hark lortu zuela akordioa sindikatuekin eta langileak prest zeudela defizitaren jaitsieran laguntzeko. Ekainaren 30a baino lehen onartu beharko dute konpainiako funtsen kudeatzaileek zuzendaritzaren eta langileen arteko akordioa. Gero, hiru hilabeteko epea izango du Erresuma Batuko Gobernuak oniritzia emateko. Orduan elkartuko da Iberiako batzordea ere, orain artean adostutakoarekin jarraitu edo ez erabakitzeko. Nabarmentzekoa da bi konpainiek ateak zabalik utzi dituztela etorkizunean beste konpainiaren bat sartzeko ere. American Airlines izan daiteke horietako bat.

Ohiko bihurtu dira aire enpresen arteko bat-egiteak, eta, itxura guztien arabera, aurrerantzean ere hala segituko dute. Europan lehen pausoa Air Francek eman zuen. Bat egin zuen Herbehereetako KLMrekin eta gero bereganatu. Gauza bera egin zuen Lufthansak ere Swissekin, eta orain gutxi iragarri dute United Airlines eta US Airwaysek bat egitekotan dabiltzala. Batu diren beste batzuk Delta eta Nortwest, Gol eta Varig, eta Continental eta United Airlines dira.

Egoera hobetzen

Giovanni Bisignani IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteko kontseilari ordezkariaren esanetan, aurrerantzean ere kostuak murrizteko ahalegin horretan jarraitu beharko dute. Munduko aire enpresen %94 batzen ditu elkarteak, eta behin eta berriro adierazi du krisia gogor ari zaiela eragiten. Iaz, esaterako, konpainia ia guztiek zenbaki gorritan amaitu zuten urtea. Iberia bera izan zen horietako bat; hamahiru urtean lehen aldiz, galerak izan zituen, 464 milioi eurorenak.

Dena den, egoera hobetzen ari dela ematen du. «Ez dut arrazoirik ikusten baikor izateko», esan zuen Bisignanik iazko ekainean. Martxo amaieran, otsaileko datuen berri emateko egindako agerraldian, guztiz bestelako animoekin agertu zen. «Baikorrak izan gaitezke, nahiz eta oraindik arrisku handiak dauden», esan zuen. Arrisku horien artean, petrolioaren prezioa izan daiteke handiena, haren ustez.Abantailen artean, azken hilabeteetan izandako bidaiari kopuruaren igoera aipatu zituen.

Hain zuzen, aurreko urtearekin konparatuta, %9,5 igo zen hegazkina hartu zutenen kopurua otsailean. Datua ona izan arren, kontuan hartu behar da jaitsierarik handiena ere iaz sasoi hartan izan zela. Okupazioari dagokionez, %75,5ean beteta joan ziren, eta hori bai nabarmentzekotzat jo du IATAk, otsailean berez eskaera txikia egoten delako. Salgaien aire trafikoak %26,5eko igoera izan zuen, eta krisia hasi aurreko mailaz zertxobait azpitik dago gaur egun.

Bilakaera ez da berbera izan herrialde guztietan. Europa eta Ipar Ameriketako konpainien galerak izan dira handienak. Latinoamerika eta Asiakoen egoera hobea da, bidaiari kopurua ere gehiago hazi delako haietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.