Ibilbidea. Arlo guztiak ukituta doa

Miren Garate.
2014ko azaroaren 27a
12:58
Entzun

"Hemendik hiru edo bost urtetara Kutxabank burtsan kotizatzen egongo dela ikusten dut", zioen Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak orain hilabete. Beste behin berretsi zuen bankua burtsaratu beharko zela, banku-fundazioen legeak behartuta ez ezik, baita lehiakide handiei aurre egiteko kapital beharrak bultzatuta ere. Eta Iñigo Urkullu lehendakariak berak erantzun zion. "Kutxabankek burtsan kotizatzearena Mario Fernandez presidenteak esku artean daukan lan hipotesi bat besterik ez da". Fernandezen asmoarekiko distantzia hartu dute azken asteotan EAJko buruek, baina guztiz ukatu gabe akzio batzuen edo askoren salmenta gertatuko dela. 

Gaur dira justu bost urte eta lau hilabete BBK-ko presidente kargua hartu zuenetik. CajaSur eskuratzea izan zen Fernandezen agintaldiko lehen erabakitako bat, 2010ean. Handik urtebetera etorri zen hiru kutxen fusioa. Aurreko bi saiakerek huts egin ostean Fernandezek lortu zuen Kutxabank eratzea, eta banku berriko presidente egin zen. Ia 70 urte zituen ordurako.

Paparra ateratzeko aukera izan du orain gutxi, Kutxabankek Europako estres azterketak tona bikainez gainditu ostean. Bihar, Kutxabanken geroa Espainiako Bankuaren esku dagoela utziko du kargua. Aste gutxi barru jakingo da ea onartzen dituen BKK-k, Kutxak eta Vitalek aurkeztutako alegazioak. Hiru kutxek frogatu beharra dute bakoitza bere aldetik aritzen direla, bestela zailagoa izango baitute bankuaren jabetza osoari eustea.

Finantza munduan ez ezik, unibertsitatean, politikan, zuzenbidean eta enpresa pribatuan esperientzia handiko pertsona da Fernandez.

Fernandezen ibilbide profesionalak Deustuko Unibertsitatearekin lotura zuzena du, aspaldi. 1965ean Zuzenbidean eta Zientzia Ekonomikoetan lizentziatu zen. Abokatu lana eta irakaskuntza tartekatu zituen, eta 1985ean Merkataritza Zuzenbideko irakasle lanpostua lortu zuen Deustun.

Politikaren plazara jauzi egin eta gero, ezagunagoa bihurtu zen Fernandez. Afiliatu jeltzalea, Carlos Garaikoetxearen lehenbiziko gobernuan, 1980. urtean, Lan sailburu izendatu zuten. Bi urte geroago erkidegoa garatzeko ar-dura eman zion Garaikoetxeak, eta, horrekin batera, lehendakariorde kargua. 1984an Eusko Legebiltzarrerako hautagaia izan zen, EAJren zerrendetan.

EAJko krisi eta banaketak bete-betean harrapatu zuen. 1985ean Garaikoetxeak dimisioa eman zuen, eta, horrekin batera, lehendakariordetzatik at geratu zen Fernandez. Legebiltzarrean EAJrekin jarraitu zuen, baina 1987an Eusko Alkartasuneko hautagaia izan zen Bilboko alkatetzarako. Zinegotzi kargua izan zuen, eta ondoren Bizkaiko Biltzar Nagusietan aritu zen.

BBKra iritsi aurretik, BBVA bankuan, lege gaietarako arduradun eta zuzendaritzako kide izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.