Fagor Etxetresnak

Bidea zabalik utzi du epaileak Cevitalek Fagor Ireland eros dezan

Pedro Malagon epaileak esan du ez direla eskaintza gehiago jaso Frantziako marken eskubideen truke, eta helegite epea zabaldu du astelehenera arte.

Fagorren Arrasateko lantegia. JUAN HERRERO, EFE
xabier martin
2014ko martxoaren 7a
23:33
Entzun

Cevital Aljeriako taldeak Fagor Ireland —Donostiako Merkataritza epaitegia ari da kudeatzen— erosteko bidea zabalik dago. Epaitegi horretako titular Pedro Malagonek jakitera eman du ez duela eskaintza gehiagorik jaso Fagorrenak diren Frantziako etxetresna marken truke. Cevitalek 25 milioi euro eskaini ditu De Dietrich, Vedette, Sauter, Easycook eta Brandt ekoitzi eta merkaturatzeko eskubideengatik, eta salmenta aurrera doa Fagor Ireland eta Fagorrek Euskal Herrian eta Polonian dituen beste enpresen konkurtsoa kudeatzen duen epaileren oniritziarekin.

Helegitea jartzeko epea zabaldu du epaileak jadanik,  eta astelehenean bukatuko da hura. Ordurako Malagonek Fagor Irelanden salmentari baietza edo ezetza eman beharko dio. Cevitalek FagorBrandteko Vandome eta Orleanseko lantegiak eros ditzan betetzen ari da bide orria, beraz. Nanterreko epaitegiak (FagroBrandten konkurtsoa daramana) Cevitalen eskaintzari bai ala ez esan behar dio ostegunerako, eta ordurako talde aljeriarrak jakin behar du markak bere esku dauden ala ez. Ez balitu, atzera egingo luke Frantzian egindako eskaintzan, baina itxura guztien arabera, Fagor Ireland Cevitalek erosiko du.

Likidazio fasean sartu aurretik izango litzateke marken salmenta, eta likidazio fasean erosiko lituzke Cevitalek Frantziako bi lantegian (1.200 lanpostu). Haiek erosi ondoren, Euskal Herriko aktibo batzuk erosteko aukera zabalduko da. Aljeriarrek Garagartzako egozketa adarra (Arrasate) eta Eskoriatzako etxetresna txikiena erosi nahi ditu, eta haien truke 2,5 milioi euro eskaini ditu. 300 bat lanpostu sortuko lituzke negozio berriak. Fagor Ireland erosiz gero, beraz, aukera guztiak zabalduko dira, eta prozesu horretan ez dagoela traba berezirik berretsi du epaileak orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.