Urtearen laburpena egiteko aroa iritsi denean, argi dago nor den irabazlea: Donald Trumpek eta haren zaleek behin eta berriz adierazi duten bezala, «aurrena, Amerika» [America first]. Amerika haien kezketan lehena, baita Amerika munduan lehena ere. Baina iritzi zabalduena da orain AEBak ez daudela lehen postuan munduko herrialde boteretsuenen sailkapenean; lehena, orain, Txina da.
Ildo horretan, Edward Luce Financial Times-eko zutabegileak gogoratu berri du nola Trumpek, puztuta, 10etik 12 puntu eman zizkion Xi Jinping Txinako presidentearekin urriaren amaieran egindako bilerari. Bada, Luceren ustez, 12 puntu horietatik 10 Xik poltsikoratu zituen; besteak beste, Txinako presidenteak erakutsi duelako trebea dela modu jakin batean jokatzen:Â ez eteten zure etsaia huts egiten ari den bitartean.
Trumpek apirilean Txinari %145eko muga zergak ezarriz piztutako kalapitaren ostean, Busanen (Hego Korea) elkartu ziren bi agintariak, eta esan daiteke bilera hartan bi botereen arteko norgehiagoka baretu zela, muga zergak eta adierazpenak apalduta. Baina AEBen eta Txinaren arteko lehia ez da desagertu, inondik ere, eta azken emaitzak Pekinen aldekoak dira, neurri handi batean Trumpi berari esker.
AEBetako presidenteak erabaki berri du txip erdieroale aurreratuenetako batzuen Txinarako esportazioak baimentzea —AEBetan bertan ahots kritikoak piztuz, batez ere defentsa sektorean—, noiz eta Txinak konponbide bat eman nahi dionean adimen artifizialean eta garapen militarrean gaur egun duen atzerapen eta menpekotasuna bakarrenetako bati.
Eta azkenaldian Trumpek zer lortu du Txinatik? Pekinek berriz soja estatubatuarra erosteko keinua egitea; itzelezko lorpena, agidanez.
1BPGan lehen. Berez, barne produktu gordina dolar estatubatuarretan neurtzen bada —tokiko prezio eta diruak dolarretara aldatuta—, AEBetakoa da oraindik ere munduko lehen ekonomia. Baina BPGa erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta, Txina da lehena, 2015. urtetik.
Txinarekiko lehian Etxe Zuriak erakusten duen baldarkeriaren beste adibide argi bat energia berriztagarriena da: Txinak alor horretan duen nagusitasuna areagotu besterik ez da egin Trumpen ikatz eta petroliozalearen etxeko politiken ondorioz; izan ere, erregai fosilak bultzatu eta, aldiz, bertan behera utzi ditu berriztagarrietarako proiektuak eta diru laguntzak.
Egia da ere AEBei joko eremua izugarri txikitu diela mendekotasun batek: praktikoki soilik Txinak erauzten eta prozesatzen dituen lur arraroen beharrak. Hogeita hamaika eskutik ditu Txinak hamazazpi lur arraro horietan, eta Pekinek aurten bertan erakutsi du zein arma eraginkorra duen haiekin harroetan harroenak ere umiltzeko. Urteak beharko dituzte AEBek mendekotasun horretatik askatzeko.
Begirada luzea
Hain zuzen, Txinak gaur egun lur arraroetan duen jauntzak erakutsi du Pekinek luzerako begirada izan duela. Urteetan landutako apustua izan dute lur arraroena, eta, orain, arma boteretsu bilakatu dira. Azken finean, Trump berea egiten ari den bitartean, Txina ez dago geldirik, eta gailentzeko oinarri guztiak ditu, luzerako begirada horri esker.
Horri eta merkataritza superabit komertzial ikusgarriak ematen dion egundoko inbertsio ahalmenari esker. Berdin dio Trumpek muga zergak ezarri izanak, beste merkatu batzuk aurkitu baititu, eta guztietan inoiz baino gehiago saldu du: bilioi bat dolarretik gorako superabitarekin itxiko du urtea Txinak.
Hori bai, analista batzuen ustez, yuanaren balioak esplikatzen du neurri handi batean superabit handia eta herrialdearen lehiakortasuna, eta ez hainbeste Txinaren berrikuntzarako gaitasunak.Â

Yuanaren truke balioa ez da merkatuan ezartzen: herrialdeko banku zentralak finkatzen du, eta normalean merkatuan izango lukeen balioaren azpitik. Oraintxe bertan, Goldman Sachs taldearen kalkuluen ustez, yuanaren berezko balioak, merkatuko balioak, orain baino %25 txikiagoa izan beharko luke, eta, Nazioarteko Diru Funtsaren ustez, %18 txikiagoa. Noski, hori jakinik eta beste ekonomia batzuetan gauzak nola dauden ikusita, Txinako produktuen uholde berri baten, bigarren Txinako shockaren inguruko ezinegona eta haserrea agertuz doa, eta analistek pentsatzen dute Pekinek yuanaren balioa handitzen hasi beharko duela, nazioartean arbuio gehiegi jaso nahi ez badu eta gutxieneko oreka bat iritsi nahi badu.
Izan ere, Txinak badu arrisku bat ere: atzerrira egiten dituen salmentekiko gero eta menpekoago bilakatzea. Beti da arriskutsua hazkundea iturri bakar batetik izatea. Baina herrialdeak oraindik ez du barne kontsumoa, beste hazkunde iturri handia, nahikoa garatzerik.
Txinatarren kontsumorako konfiantza handitzeko ez da lagungarria herrialdea eraikuntza burbuilaren eztandatik oraindik erabat berreskuratu ez izana. Adituen ustez, Pekinek barne kontsumo hori bultzatzeko politika gehiago jar ditzake indarrean: esaterako, herritarrentzako babes sozialak zabaltzea.
Hurrengo apustuak
Baina, oraingoz, eta 2030era arteko Txinaren bost urteko plan berrian, barne kontsumoa sustatzea hirugarren tokian dago lehentasunetan, industriaren modernizazioaren eta autosufizientzia teknologikoaren atzetik.
Izan ere, beste helburu horiei dagokienez, itzelezko merkataritza superabita duenez, Txinak sekulako gaitasun ekonomikoa du berrikuntzan apustu egiteko, eta horietan gailentzeko.
The Economist-ek orain gutxi atera duen erreportaje baten titulua irakurri besterik ez dago: «Zer menderatuko du Txinak hurrengo?». Aldizkariaren arabera, Txinak auto elektrikoetan, eguzki paneletan eta kode irekiko adimen artifizialean duen lidergoa ibilgailu autonomoetara eta sendagai berrietara zabalduko da aurki.
Alegia, herrialdearen nagusitasun ekonomikoa ez dela lurrunduko berehalakoan. Aitzitik, garapenaren ibilbidea teknologiaren eta ekonomiaren erritmoa markatzen ari da, Mendebaldearen eta batez ere AEBen atzetik joan gabe. Eta 2026an horretaz jabetzen hasteko garaia iritsi da.
bigarren txinako shocka eta europako industriaren ezintasuna
Europatik Txinara esportatzen den edukiontzi bakoitzeko lau datoz bueltan, eta desoreka hori handitzen ari da. Zenbaki gordin horrek oso modu garbian erakusten du Europan gaur egun Txinaren inguruan dagoen kezkaren arrazoi nagusia. Asiako herrialdeak bilioi bat dolarretik gorako merkataritza superabitarekin itxiko du 2025. urtea, eta hortik 300.000 milioi euro EBri dagozkio.Â
Desoreka hori, bigarren Txinako shocka —lehena herrialdea Munduko Merkataritza Erakundean sartu zenean jazo zen—, eramanezina zaien ahotsak gero eta ozenagoak dira Europan, eta Emmanuel Macronek esan du gaia «hil ala bizikoa» dela Europako industriarentzat. Baina Txinak, oraingoz, esportazioak mugatzeko Europak hartutako neurriei mehatxu eginez erantzun die: inportazioak zamatu egingo dituela eta lur arraroen hornikuntza eten egingo duela.