Sindikatuak

Bihar eramango dituzte epaitegira goizean Iruñean atxiloturiko sindikalistak

Atxilotuetako bat aske utzi dute goizean, eta gainerakoak bihar goizean pasako dira Fermin Otamendi epailearen aurretik. Sindikatuak jakinarazi duenez, garbitzaileen sektoreko protesta batekin daude lotuta atxiloketak. 

LAB sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute Chinchilla kaleko Polizietxearen aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
Joxerra Senar - Paulo Ostolaza
2021eko apirilaren 20a
10:14
Entzun

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Espainiako Poliziak sindikatu horretako zazpi kide atxilotu ditu Iruñean gaur goizean, garbitzaileen sektoreko bi protestarekin erlazionatuta: CENen aurrean martxoaren 8an egindako protesta bat eta apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batera igo eta N-121 errepidea mozteagatik.. Atxilotuetako bat aske utzi dute. Gainerako bost atxilotuak «nekaturik» daudela adierazi diote abokatuari. Arratsaldean Iruñeko Udaltzaingoan izan dira deklarazioa hartzen eta bihar goizean pasako dira Fermin Otamendi Iruñeko 2. instrukzioko magistratuaren aurretik. Gaua ziegan pasako dute.

Imanol Karrera sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, ordea, gehiago izan zitezkeen atxilotuak, 11. Espainiako Poliziak hala adierazi dio sindikatuko abokatuari. Karrerak salatu du auzitegira joateko jakinarazpena bidali ordez atxilotu egin dituztela: «Ez da demokrazia batean egon behar lukeen prozedura».

Atxilotuetako bat Izaskun Juarez da, LABeko Iruñea-Pirinioetako idazkaria, eta, LABek BERRIAri baieztatu dionez, hura da aske geratu dena.

Goizeko 11k baino lehentxeago atxilotuetako batzuk polizia etxetik atera dituzte, eta autoetan sartu. LABen arabera, «pentsatzekoa da auzitegira eramateko» atera dituztela. Horietako bat da Imanol Salinas, LABen Zerbitzu Pribatuen federazioko kidea. Operazioa zabalik dagoela esatera mugatu da Espainiako Gobernu ordezkaritza..

Atxiloketen ondorioz, bertan behera utzi dute 11:00etan maiatzaren 1aren inguruan egitekoak ziren prentsaurrekoa, eta, horren ordez, atxiloketen inguruko adierazpenak egin ditu Karrerak. Poliziak identifikatu egin ditu komisariaren parean atxilotuak askatzea eskatzeko elkartu diren hogei lagun inguru. eta identifikatu ez dituztenak elkarretaratzetik aldendu dira, sindikatuak jakinarazi duenez. LABeko ordezkari batek agenteei adierazi die identifikazio plaka soinean eraman beharko luketela legez. Operazioburuak «errespetua» eskatu dio Karrerari, eta bozeramailea ere identifikatu dute.

Atxiloketen eragilea

LABek egindako bi ekintza dira atxiloketen eragilea. Bat, apirilaren 9an Beriainen (Nafarroa) egindakoa: Nafarroako garbiketa sektoreko langileentzat hitzarmen duin bat eskatzeko, garbiketa sektoreko bi langile ISN enpresako kamioi batera igo ziren eta N-121 errepidea trabatu zuten. Greba antolatua zuten apirilaren 13, 14, 15 eta 16rako. LABen arabera, hitzarmena blokeatzen duten enpresetako bat da ISN.

Beste ekintza CEN patronalaren egoitzan kontratazioko diskriminazioa salatzeko egindako bat da. Karrerak gaitzetsi egin du ekintza horien kriminalizazioa: «Greenpeacek ekintzak egiten ditu eta ez da ezer gertatzen, baina sindikatuek langileak ahalduntzean bai».

Bozeramailearen arabera, patronala Nafarroako garbitzaileen hitzarmena blokeatzen ari zen, eta hori salatzeko egin zuten ekintza garbitzaileek: «Euren eskubideen alde ari diren langileak atxilotzen dituzte, baina hitzarmena betetzen ari ez diren ISNko arduradunak ez».

Karrerak salatu duenez, ISN enpresako jabe Fermin Elizaldek kontratazio arloan egindako iruzurrengatik eta soldatak ez ordaintzeagatik salaketa ugari ditu: «Epaitegietan oso ezaguna da horregatik, baina epaileek ez dute ezer egiten lanean ematen den iruzurragatik eta diskriminazioagatik». Era berean, gaineratu du poliziek ez dutela ezer egiten CEN patronalaren aurka, nahiz eta sindikatuek lan istripuetan bere ardura salatu. Bozeramaileak salatu du operazioa propaganda izan dela, eta euren eskubideen aldeko langileen desmobilizazioa bilatu duela.

Garbiketa sektore hitzarmenaren testuinguruan eman da lan gatazka. Sektore prekarizatu eta feminizatua izaki, genero arrakala eta lan baldintza duinagoak aldarrikatu dituzte sindikatuek. Apirilaren 13tik 16ra bitartean, greba zegoen iragarrita, baina bezperan lan ituneko baldintzak hitzartu zituzten CCOO eta UGTk patronalarekin. Bi sindikatuon ordezkaritza %49koa da, eta LABek, ELAk eta Solidarik «deusen truke» langileak saltzea egotzi zieten sindikatuoi.  

Hasieran, sindikatuko kideek uste zuten atxiloketek Emakumeen Nazioarteko Eguneko protesta batekin ere bazutela lotura, baina gezurtatu egin dute uste hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.