Salbamendu jaka bat eskura edukita ere, erabili behar ez izatea da helburua. Europako Batasunak salbamendu jaka onartu zuen herenegun, beren zorrari aurre egiteko arazoak dituzten euroguneko herrialdeentzat, espekulatzaileen merkatuetako erasoei aurre egin ahal izateko. Erabakiak su festak eragin zituen gobernuetan eta merkatuetan. Baina atzo, festaren biharamunean, agerian geratu zen errealitatea: salbamendu jaka erabiltzea oso garestia izango da, eta herrialdeek neurri zorrotzak eta gordinak hartu beharko dituzte ez erabili behar izateko. Funtsean, gastuak murriztu behar dituztela.
Europako Batasunak onartutako erreskate planak ez baitu arazoaren muina, herrialdeen gehiegizko defizita eta zor publikoa, konpontzen. Herrialdeen odol isuria diruarekin estaltzeko prest dago, baina herrialdeek gehiago zorpetu beharko dute, bai maileguak jasotzeko, bai emateko.
Alde horretatik, Europako Batzordeak hobetu egin nahi du euroguneko herrialdeen politika ekonomikoen koordinazioa eta kontrola. Horretarako proposamenak aurkeztuko ditu gaur. Aukeren artean daude, herrialdeetako aurrekontuak parlamentuek onartu baino lehen aztertu ahal izatea; neurriak betetzen ez dituzten herrialdeei laguntzak kentzea; eta Egonkortasun Ituna urratzen duten herrialdeak zigortzea. Itunaren arabera, herrialdeek %3 baino defizit txikiagoari eutsi behar diote, baina gaur egun handiagoa dute Europako Batasuneko 27 herrialdeetatik 20k.
Lan merkatua eta pentsioak
Beren zorrari aurre egiteko arazo gehien dituzten herrialdeen zerrendako lehen postuetan ageri dira Espainia, Irlanda, Italia eta Portugal, betiere Greziaren atzetik. Espainia eta Portugal daude batez ere Europako gobernuen eta nazioarteko erakundeen jomugan. Murrizketa gehiago eta egiturazko aldaketak eskatu dizkiete. Non? Betiko eremuetan: lan merkatua, pentsioak...
Langabezia sariak eta defizit publikoa lotu ditu Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak. «Erreforma premiazkoena» lan merkatuarena dela esan zuen atzo. Angel Gurria OCDEko idazkari nagusiak pentsioen sistemaren eta lan merkatuen erreformak azkartzeko eskatu zion atzo Espainiari, «merkatuak lasaitzeko». Eta NDFk negoziazio kolektiboa aldatzeko eskatu du.
Espainiaren neurriak, gaur
Europako Batasuneko herrialdeek behartuta, Espainiak eta Portugalek beren defizit publikoa gehiago murriztea onartu zuten herenegun Bruselako bileran. Espainiak %1,5 gehiago aurten eta datorren urtean. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak gaur zehaztuko du dirua non aurrezteko asmoa duen, baina Elena Salgado Ekonomia eta Finantza ministroak esan du autonomia erkidegoak funtsezkoak izango direla.
Espainia eta Portugal ez dira arazoak dituzten bakarrak. Frantziak ere aurrekontuak egonkortzeko neurriak hartu behar dituela esan du Olli Rehn Europako Gai Ekonomikoetarako eta Diru-gaietarako komisarioak. Alemaniak murrizketa gehiago egingo dituela iragarri zuen atzo Angela Merkel kantzilerrak.
Herenegun su festarik handienak burtsetan eta zor publikoaren merkatuetan izan ziren. Eta burtsen artean, Madrilen. Ibex 35 indizeak %14,43ko igoera izan zuen, 18 urteko historian egun bakarrean izan duen handiena. Egun batean iragan aste osoan galdutakoa berreskuratu zuen ia. Baina atzo egoera orekatzen hasi zen, eta %3,32ko jaitsiera izan zuen (%5,94ra ere iritsi zen). Europako gainerako burtsa nagusietan atzoko jaitsierak apalagoak izan ziren, baina burtsa horiek galera txikiagoak izan zituzten iragan astean, eta irabazi txikiagoak herenegun.
Biharamunean, murrizketak
Erreskate plana onartu arren, arazoa konpontzeko gastuak errotik mozteko eskatu diete Europako herrialdeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu