Ibaizabalen paseora paratu duten ontzi dotoreak ibaiaren hatsa biltzen du, nahiz bertatik burtsa ikusten ez den. Hats sakona, dotorea, indartsua egin zuten atzo gure burtsa indizeek, igoeren bagetan kulunkatuz: %1,87 irabazi zuen Ibex-35 indizeak eta Dubaitik tsunamirik ez datorrela baieztatu zen, itxura batean. Larrialdi argia itzali eta dolarrak balioa galdu, bat etortzen dira. Eurotako burtsak, beraz, alternatiba egokia dira baikorrentzat; errenta finkoa, dolarretan, ezkorrentzat. Bankinter (-%0,49) ez beste akzio guztiek irabaziak izan zituzten Ibex-35eko tropelean. Handienak Telecincok (+%4,04) eta Ferrovialek (+%3,83), baina patroi lanetan, ohi denez, blue chip-ak izan ziren: 19,52 euroan den Edurnezurik %2,09 irabazi zuen eta, bi banku handiek, %1,9na pasa; Iberdrolak (+%1,58) 6,42 euroan itxi zuen eguna; Repsol-YPFk %2,43 irabazi zuen eta Gas Naturalek %1,99. 2.315 milioiren salerosketa izan zen gainera, azken igoeretakoen gainetik.
Morgan Stanley inbertsio bankuak Erresuma Batua arriskuan ikusten du. Oraingoz bere zorrak kalifikazio gorena duen arren (AAA), hurrengo hauteskundeetatik parlamentu zatikatua izateak azken bultzada emanen lioke bankuak erreskatatzearen ondorioz zorretan lepo sartu den herrialdeari. Urteko hirugarren hiruhilekoan %0,3 gutxitu da Erresuma Batuko BPG, eta munduko ekonomia nagusien artean atzeraldian jarraitzen duen bakarra da. Krisi fiskala gertatuko balitz, liberaren gainbehera eta interes tasen igoera aurrikusten ditu Morgan Stanleyk.
Bilboats
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu