Bilboko Ganbera, baikorrena

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %6,8 igoko dela uste du. Laboral Kutxaren eta Jaurlaritzaren iragarpenak hobetu ditu

Sidenorrek Basaurin duen langile bat altzairuzko barrak gordetzeko biltegian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko Merkataritza Ganberak aurreikuspen baikorra egin du urte amaierari begira. Bigarren seihilekoan ekonomiak hobera egingo duela uste du, edo hori jakinarazi diote behintzat bere inkesta erantzun duten enpresek. Ganberako ikerketa taldeak datu horiek aztertu ditu, eta, haren arabera, BPGa %6,8 igoko da aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreikuspen baikorrak dira, duela bi aste Laboral Kutxak bere txostenean %6,3ko igoera iragarri baitzuen. Alderaketak egiteko urrunago joz gero, Ganberak berak iazko abenduan %5 eta %6 arteko igoera aurreikusi zuen, eta Eusko Jaurlaritzak, %6,7koa martxoan.

«Argia ikusten ari gara tunelaren amaieran. Munduko ekonomiaren protagonista nagusiak suspertzen ari dira, eta susperraldi hori gurera ere iristen ari da. Etxeen eta enpresen konfiantza gora egiten ari da, eta, txertoak eraginkorrak badira, kontsumoak eta inbertsioek uste baino gehiago egin dezakete gora», iragarri duJose Angel Corres Ganberako presidenteak. Dena den, zehaztu du garai hauetan iragarpenak egitea ez dela erraza, eta pandemiak «denbora batez behintzat» erabakigarri izaten jarraituko duela agertoki ekonomikoan.

Susperraldi hori osasun egoerari hertsiki lotuta egongo dela erantsi du, eta Europako funtsen garrantzia nabarmendu. Erabakigarritzat jo du «azkar eta eraginkortasunez» aktibatzea. Europako funtsen inguruan luze mintzatu da, eta haiek lortzeko beharrezkoak diren gobernu eta eragile sozialen arteko akordioak —lan eta pentsio erreformaren ingurukoak— «iritsiko direla» uste du: «Eragile sozialak sen onaren lezio bat ematen ari dira. Funtsak ez badira iristen, ez da horregatik izango».

Era berean, onartu du enpresa txiki eta ertainek onartu egin diotela funtsen banaketatik kanpo gelditzeko beldurra dutela: «Dirua behar da proiektuak diseinatzeko, eta enpresa txikien lehentasuna eguneroko lana da. Enpresa handiei mesede egingo diete funtsek, baina haiek duten trakzio ahalmenean pentsatu behar dugu».

Iragarpenak egiten hasita, 2022ra begiratzen ere ausartu da merkataritza ganbera, eta bi urte barruko BPGaren igoera apalagoa izango dela uste du: %6,6. Laboral Kutxak, berriz, %6,8ko igoera iragarri zuen 2022rako, eta Jaurlaritzak, %5,7koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.