Bilboko San Agustin udal eraikinean aurrez aurreko arreta ematen duten funtzionarioek uko egin diote gaur goizean ateak irekitzeari, koronabirusetik babesteko segurtasun neurri nahikorik ez dutelako, ELA sindikatuko arduradunek azaldu dutenez. Goizeko bederatziak pasatuta, udaltzainek ateak irekitzeko agindu diete, baina langileek erabaki dute bulegoetara joaten direnak ez artatzea.
Azaldutakoaren arabera, ez dute zentzurik ikusten udalak ehun pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldi guztiak bertan behera uztea eta, aldiz, aurrez aurreko zerbitzu bat irekita edukitzea, non hirurogeita hamar lagunek lan egiten duten eta egunero 600 bat erabiltzaile pasatzen diren bertatik. Era berean, salatu dute ia ez dietela eman gela desinfektatzeko materialik, eta espazioaren antolaketa fisikoak berak —mahai estuak eta espazio murritzak baitituzte— «ezinezko» egiten duela osasun agintariek gomendatzen duten segurtasun distantzia gordetzea erabiltzaileekin.
Bilboko Udaleko gobernu taldeak, berriz, ziurtatu du erakundeek eskatutako neurri guztiak betetzen dituela espazioak. Egunean zehar langileen ordezkariek udal arduradunekin biltzeko asmoa dute, irtenbideren bat aurkitzeko.
ELAk alkateari eskatu dio koronabirusak eragindako krisia dela-eta «modu arduratsuan» jokatzeko, eta erakundeek gomendatutako prebentzio neurri guztiak hartzeko, herritarren eta langileen osasuna babesteko.