Bilboko parke teknologikoa eraikitzen hasi dira Zorrotzaurren

Teknologia aurreratuko enpresentzat eta proiektuentzat izango da. Besteak beste, Mondragon, Idom, Ikerlan eta Vicomtech izango dira han.

Imanol Pradales lehendakaria Campus Bilbaoko lehenengo harria jartzen, gaur. IREKIA
Imanol Pradales lehendakaria Campus Bilbaoko lehenengo harria jartzen, gaur. IREKIA
14789412 kepa
Bilbo
2025eko uztailaren 21a
16:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilbok bere parke teknologikoa izango du. Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aspaldi iragarri zuten Euskadiko Parke Teknologikoen sarea hirira eramateko asmoa: bide horretan, gaur egin dute lehenengo urratsa, Campus Bilbaoren lehenengo eraikina altxatzeko lanak abiatu baitituzte, Zorrotzaurreko iparraldeko puntan. Helena Matute izena jarriko diote parkeari, Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko katedradunetako baten omenez; eta 24 hilabete barru amaituta egotea espero dute. Euskadiko Parke Teknologikoen sareko zazpigarren parkea izango da. Besteak beste, Idom eta Mondragon korporazioaren enpresa batzuek han izango dute egoitza; baita Mondragon Unibertsitateak, Ikerlanek eta Vicomtechek ere.

Imanol Pradales lehendakariak, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto alkateak jarri dute Helena Matute eraikinaren lehenengo harria: Emakume Galletaginen etorbideko Tarabusi pabiloi zaharra eraitsi dute, eta haren lekua hartuko du azpiegitura berriak. Guztira, 4.000 metro koadroko azalera izango du, lau solairutan banatuta, «oso-osorik teknologia aurreratuko enpresa eta proiektuetarako».

Hainbat eraikin

Idom Science Factory / Zientziola ere Zorrotzaurren egongo da. Proiektu horren bidez, zientzia eta teknologiarako ingeniaritza sistema konplexuak diseinatzeko eta hornitzeko jarduera bultzatuko dute, hala nola astronomian, partikulen fisikan eta fisika nuklearrean, espazioan eta energia berriztagarrietan. Idomek 50 milioi euro inbertituko du.

Bestalde, Bilbao Bizkaia Digital Faktoryproiektua aurrera eramango du Mondragon korporazioak parke teknologiko berrian: hogei milioi eurotik gorako inbertsioa beharko du horrek, eta teknologia digitaletan talentua eta balio erantsi handiko enpresen erakargunea garatzeko helburua izango du. Horretarako, Consonni eta Lancor eraikin zaharrak berreraikiko dituzte, eta bi espazio sortu, 7.526 eta 4.281 metro koadrokoak, hurrenez hurren.

Eraikinen banaketari dagokionez, Consonni eraikinean Mondragon Unibertsitateak eta Ikerlanek egingo dituzte beren jarduerak, eta Lancor espazioan Vicomtech kokatuko da. Bi eraikinak elkarren artean konektatuta egongo dira, eta «ezagutzaren eta teknologia digitalaren nazioarteko erakargune» bihurtzeko asmoa dute.

Azkenik, iparraldeko puntako 46.000 metro koadroko eremu bat hirugarren sektoreko jardueretarako erabiltzeko aukera egongo da. Izan ere, «abangoardiako enpresak ekipamendu publikoz eta etxebizitzaz inguratutako espazioan kokatzea» sustatu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.