Erabaki salomoniko batekin konpondu du Espainiako Industria Ministerioak Iberiar penintsularen gasaren merkatuaren egoitza non jarri: egoitza ofiziala Bilbon izango du —hor aritzen da Iberian Bilbao Gas Hub (IBGH)—, eta operatiboa, Madrilen. Datorren astean Espainiako Kongresuak onartuko duen Hidrokarburoen Legearen bidez, gasaren salerosketa egiteko sortutako bi enpre- sek hub bakar bat osatuko dute (Mibgas).
Zer iruditzen zaizue Espainiako Gobernuaren erabakia?
Oraindik goizegi da balorazioren bat egiteko, prentsan argitaratu den informazioa besterik ez dugulako jaso. Badirudi albistea ona dela, baina akziodunekin hitz egin beharko dugu balorazio ofiziala egiteko.
Zer berritasun dakar Hidrokarburoen Legeak?
Funtsean, lege proiektuak erakunde bat sortzen du, Mibgas, gasaren merkatuaren zati arautuanaritzeko. Erakunde horri gasa egunean bertan edo egun batetik bestera entregatzeko operazioak utzi beharrean, hilabete arteko edo gehiagoko operazioak ere baimenduko dizkio. Hori da gehien gogaitzen gaituena, arlo horretan ari baikara lanean duela urtebetetik. Legeak aurreikusten badu Mibgasek dirua gas kontsumitzaileen baliabide arautuetatik eskuratuko duela eta ez egindako operazioen bidez —guk egiten dugun moduan—, zaila izango dugu lan egitea. Ikusiko dugu azkenean horrela ote den.
Zehazki, zer egiten duzue?
IBGHn bitartekaritza zerbitzua eskaintzen diegu handizkako eragileei: harremanetan jartzen ditugu gasa saldu eta erosi nahi dutenak, prezioari eta baldintzei buruz akordioa lor dezaten. Orain salerosketa osteko zerbitzuak antolatzen ari gara; gerta daiteke salerosketa bat hitzartzea hilabete batzuk barru gasa jasotzeko, eta guk bezeroei bermatu egiten diegu gasa jasotzeko eguna iristen denean gasa jasoko dutela eta ziklo konbinatuko zentralei edo kontsumitzaileei banatzeko moduan izango direla. Gainera, Europako legedia beterazten dugu: haren arabera, egunero sisteman sartzen duzun gas kopuruak ateratzen duzunaren parekoa izan behar du, hodiak orekatuta egon daitezen eta ez dadin presio gehiegi edo presio gutxiegi egon. Ez da erraza, normalean gasa modu lauan sartzen baita, hau da, orduro kopuru bat. Hori da sistema merkeena, baina arazoa da kontsumoa ez dela laua, aldatu egiten da, eta doikuntza horiek egiten dira merkatu horietan.
Zer moduz ari zarete?
Urtebete daramagu lanean: poliki hasi ginen, baina azkeneko lau hilabeteetan azkartu egin dira operazioak, araudiak zigortu egiten baititu desorekak.
Hub-a Iberiar penintsula osoari gas zerbitzua eskaintzeko sortu zen.
Bai. Horrek behartu egiten du gas mota batekin baino gehiagorekin lan egitera, hodietan gas egoeran dagoenarekin eta GNL gas natural likidotuarekin. Lau gasifikatze planta daude: Bilbo, Bartzelona, Huelva eta Sines Portugalen. Gas hori egunero gasifikatu eta sisteman sartzen da, kontsumitzaileei banatzeko.
Merkatu erakargarria al da?
Erakargarria da trading-a egiten duenarentzat. Guk merkatuko zerbitzuak eskaintzen ditugu, eta bolumen handiak behar ditugu negozioari eusteko. Aukerak badaude, baina arriskuak hartu behar dira. Iaz, esaterako, GNLa oso garesti zegoen, Japoniak asko ordaintzen zuelako. Itsasontzi askok ontzia berriro kargatzen zuten gasa hara eramateko. Horrek diru sarrerak eragiten zituen GNL plantetan. Aurten, ordea, Japoniak gutxiago ordaintzen du, eta jarduera hori bertan behera geratu da. Gainerako guztien kontra jartzen denak egiten du dirua merkatuan, gainerakoek saltzen dutenean erosten duenak edo alderantziz. Gure lana da negozio hori guztia laguntzea. Herbehereetako eta Ingalaterrako enpresekin ari gara lehian, baina bolumena behar dugu. Otsailean tera bat gas mugitzera iritsi ginen, baina abiada hartzeko jauzi bat behar dugu, hilean bi edo hiru terara iristea. Bi urtean lortu nahi dugu, baina horretarako bezeroek ezagutu behar gaituzte, bezeroek elkar ezagutu behar dute... Izan ere, gure bezeroek ez dakite zeini saldu edo erosi dioten gasa operazioa egin arte.
Hub-a Kutxabankek, Enagasek eta Energiaren Euskal Erakundeak sortu zuten. Gero sartu ziren Gas Natural, Iberdrola, Criteria, EOn, EDP, Endesa, Nexus eta Repsol. Handi guztiak daude hor...
Gehiago sartzea nahi dugu, Galp eta Cepsa falta dira, esaterako. Gurea enpresa bat da; Espainiako Gobernuak babestu duen proiektuan ez bezala, gurean bezeroek ordaintzen dute, ez dago laguntza publikorik, ez tarifa arautuen babesik.
Eusko Jaurlaritza eta Generalitatea bazkide dituzue, ordea.
Baina akziodun gisa sartu dira. Kapitala jarri dute, eta negozioak aurrera egitea espero dute.
Iberiar penintsulako gas merkatua zenbatekoa da?
Kontsumo merkatua askoz ere handiagoa da, 400 tera ingurukoa. Salerosketa merkatua 200 tera ingurukoa da. Zerbitzu logistikoen merkatua berria da, eta guk 12-15 tera inguruko bolumena nahi dugu hor. Horretarako, Europako bi araudiak aplikatzeko eskatzen dugu: batak estatuen arteko loturak erabiltzeko eskubideak arautzen ditu eta besteak sartzen eta ateratzen den gasaren arteko oreka. Guri bigarrena interesatzen zaigu. 2014koa da, eta Espainian indarrean egon behar du 2016an.
Espainia atzeratuta al doa?
Bai eta ez. Espainiak Europako gasifikatze gaitasunaren erdia inguru dauka, eta hori ona da. Baina hub-ak gehien gasa hodien bidez garraiatzen den lekuetan garatu dira, gasa Errusiatik eta Norvegiatik jasotzen duten herrialdeetan. Gainera, Espainiak oso lotura kaskarra dauka Frantziarekin, Frantziak ez duelako borondate politikorik izan: gas azpiegiturak Paristik iparraldera jarri ditu. Orain hitzarmen bat sinatu dute Kataluniako lotura indartzeko eta Biriatukoa oraingoa halako hamarrekoa izateko. Baina kontua ez da Pirinioak gurutzatzea, azpiegitura bat behar du gasa zabaltzeko. Biriatukoa oso ona da: gasifikazio planta dago, konexioak, ziklo konbinatua, portua... eta kontsumo nahiko handia. Bilboko portua ondo prestatu dute gas zerbitzuak eskaintzeko. Ontziak GNLz hornitzeko zerbitzua ere badauka, garbiagoa erregai fosilena baino.
Miguel Lasheras. Iberian Bilbao Gas Hub-eko lehendakaria
«Bilboko portua ondo prestatua dago gas zerbitzua emateko»
Bilboko portuaren eta Biriatuko loturaren inguruan, gasaren salerosketa bultzatu nahi du Iberian Gas Hubek. Iberiar penintsulako merkatuaren egoitza Bilbon jartzea onartu du Espainiako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu