Bilbora iritsi da Cabify enpresaren auto gidaridunen zerbitzua

Bilbo Handian zehar bidaiatzeko aukera ez ezik, Loiuko aireporturako joan-etorriak egitekoa ere izango dute turistek eta bertokoek. Etxanobe ahaldun nagusiak ontzat jo du hori, garraio publikoaren aldeko apustua berretsi arren.

Bidaiari bat Cabify enpresaren auto batean sartzen San Mames futbol zelaiaren inguruan, Bilbon. CABIFY
Bidaiari bat Cabify enpresaren auto batean sartzen San Mames futbol zelaiaren inguruan, Bilbon. CABIFY
14789412 kepa
Bilbo
2025eko uztailaren 2a
13:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela sei urte, taxilarien haserrea piztu zuen auto gidaridunen Uber zerbitzua Bilbon zabaldu izanak. Gaurtik aurrera, beste lehiakide bat izango dute: besteak beste, Loiuko aireportuaren, Getxoren edo Basauriren arteko joan-etorriak egiteko aukera emango du Cabify enpresak, eta, horretarako, ibilgailu elektriko eta hibridoak erabiliko ditu, baina ez du zehaztu zenbat izango diren. Halaber, oraindik ikusteko dago gidarien lan baldintzak nolakoak izango diren. Edonola ere, zerbitzu berria ontzat jo du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, adierazi arren aurrerantzean ere «garraio publikoaren alde» egingo dutela.

Alberto Gonzalez Cabify multinazionaleko Espainiako zuzendari nagusiak jakinarazi duenez, 2024an Bilbo inguruko 36.000 lagunek baino gehiagok eskuratu zuten IG ibilgailu gidaridunen zerbitzu horretako sakelako aplikazioa. Horiek horrela, «eskariaren igoera handi horri» erantzuna eman nahi diote, auto horiek Bizkaiko hiriburuan erabiltzeko aukera emanez.

Bilbo Handian zehar bidaiatzeko aukera ez ezik, Cabify Airport zerbitzua ere baliatu ahal izango dute hala turistek nola bertokoek, Loiuko aireporturako joan-etorriak egiteko.

Gogoratu behar da Bizkaian Uber multinazionalarentzat lan egiten duten gidariek greba egin zutela 2024aren amaiera eta 2025aren hasiera bitartean, lan baldintza duinak exijitzeko. Hain zuzen, Uber da orain arte Bilbon auto gidaridunen zerbitzua eman duen multinazionala, etan ELAk txarretsi zuenez, «beharginek lanerako prest egon behar dute urteko 365 egunetan eta 24 orduz».

Gonzalez Cabifyko buruak, ordea, ez du azaldu bere enpresan zer-nolako baldintzak dituzten gidariek.

Garraio publikoa

Hain zuzen, Etxanobe ahaldun nagusia Radio Euskadiko elkarrizketa batean aritu da Cabifyri buruz: «Bilboko metropolian erabilgarri egongo den beste zerbitzu bat da, eta, hori horrela, herritarren artean horren eskaria badago, positiboa dela deritzot».

Hala ere, nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak garraio publikoaren alde egingo duela aurrerantzean ere: «Urtean berrehun milioi euro inguru jartzen ditugu Bilboko metrorako eta Bizkaibuserako». Hori dela eta, aurrerantzean ere horiek erabiltzera deitu ditu herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.