Erremedioa gaitza bera baino okerrago izan dela ere esan izan da bioerregaiei buruz. «Gosez bizi den mundu batean elikagaiak erregaitzat erabiltzeari uztea, hori da egin daitekeen zentzuzko gauza bakarra», adierazi berri du Marc-Olivier Herman Oxfameko adituak. Joan den astean, lehen belaunaldiko bioerregaien erabilerari %7ko muga jartzea hitzartu ondotik, gaiak zeresana ematen jarraitzen du Europako Batasunean.
Pertsonentzat edo animalientzat jangarriak diren produktuekin sortutako erregaiei deitzen zaie lehen belaunaldikoak, sojatik, palmondoetatik, koltzatik edota eguzki loreetatik eratorritakoei, esaterako. Berriztagarriak izanik ere, haien erabilera jopuntuan jarri dute urteotan nazioarteko hainbat gobernuz kanpoko erakundek eta talde ekologistek. Zein da kontua? Europako Batasunak garraio arlotako finkatutako helburuak esaten duela erabiltzen den energiaren %10ek bioerregaia izan behar duela 2020rako, horren atzean negoziorako aukera paregabea ikusi dutela askok eta, espekulazioaren eraginez, lehengaien prezioak garestitu egin direla.
Sonatua izan zen Munduko Bankuak egindako txosten bat. Ez zuen argitaratu nahi zan, AEBetako Gobernuaren haserrerik ez eragiteko, baina haren berri eman zen. Azaldu zuen elikagaien prezioa %140 garestitu zela 2002tik 2008ra —ordukoa da txostena—, eta bioerregaiak jo zituen erruduntzat. Azaldu zuen gutxienez hiru modutara eragiten zutela lehengaien garestitzea. AEBetako Gobernuak esana zuen soilik %3 garestitu zirela elikagaiak tarte horretan.
Sektoreak ez du guztiz lortu susmo hori aldentzea, baina kalte gehiagoren ardura ere egotzi zaio. Erruz aipatu dira ingurumenari lotutakoak. Baso-soiltzea eragiten dutela, ekoizpenak karbono dioxidoaren isuri handiak dakartzala, ur asko behar dutela... Paradoxikoa da, esaterako, Argentinatik eta Indonesiatik datorrela Europan kontsumitzen den biodiesel gehiena. Hau da, isuriak murrizteko helburu hori ezer gutxitan geratzen dela garraioan egin beharreko kilometro kopurua kontuan hartuta. Hala, lehen belaunaldiko erregaiek biorik gutxi dutela eta agroerregai deitu behar litzaiekeela ere aipatu dute hainbat adituk.
Bruselak urrunago nahi
Testuinguru hori aintzat hartuta, Bruselak orain bi urte proposatu zuen %5era mugatzea artotik, garitik, erremolatxatik edota koltzatik eratorritako bioerregaien erabilera. 2020tik aurrera diru laguntzetatik edota zerga salbuespenetatik kanpo utzi behar zirela ere esan zuen, eta gaineratu bigarren belaunaldikoak bultzatu behar direla. Hor sartzen dira, adibidez, nekazaritzako edota basoetako hondakinetatik, algetatik edota erabilitako oliotik sortutako erregaiak —gaur-gaurkoz errentagarritasun ekonomiko nahiko txikia eskaintzen dute—.
Europako Batzordearen proposamen hori, ordea, ez zitzaien gustatu herrialde batzuei: muga %5ean jartzea gutxiegi zela iruditu zitzaien. Gero %6ra igo zuen langa Europako Legebiltzarrak. Eta joan den astean beste akordio bat erdietsi zuten 28 herrialdeetako Energia ministroek. %7an kokatu zuten lehen belaunaldiko bioerregaien muga, eta borondatezko helburu bat finkatu zuten belaunaldi berrikoentzat, %0,5ekoa.
Horrez gain, adostu zuten herrialdeek neurtu egin beharko dutela bioerregaien ekoizpenak zeharka berotegi efektuan duen eragina; adibidez, baso bat bota eta landa hori bioerregaitarako lehengaiz landatzeak duen eragina kalkulatu beharko dute.
Europako Legebiltzarrari dagokio akordioa berrestea edota beste puntu batzuk gehitzea. Urte bukaerarako iragarri da eztabaida. Espainiak eta Frantziak esan dute «inondik inora» ez dutela onartuko %7ko baino muga txikiagorik, berdin Poloniak, Hungariak, Txekiar Errepublikak, Estoniak, Errumaniak eta Eslovakiak ere. Arrazoi ekonomikoak daude tartean, urteotan egindako inbertsioak gehienbat.
Hala, Energia ministroek hitzartutako gorakada hori garaipentzat hartu dute bioerregai ekoizleek. «Kopuru hori gutxitzea Europako nekazaritzarentzat nahiz ekonomiarentzat mehatxu handia litzateke», esan du EBBk. Copa-Cogecaren barruan biltzen diren Europako nekazari sindikatuek eta kooperatibek ere txalotu dute erabakia. «Lehen belaunaldiko bioerregaien ekoizleek sustatu egiten dute bioerregai aurreratuen garapen komertziala. Maiz, nola ekoitzi erakusteko zeregin garrantzitsua dute. Beraz, haiek babesteak aurrerapausoak ekarriko ditu», esan du Pekka Pesonen idazkari nagusiak.
Uste aldean, motz
Petrolioa ordezkatuko zuela ere esan zen bioerregaiei buruz, baina egia da industriaren bilakaera ez dela joan espero zitekeen moduan. Euskal Herrian bertan, erruz hedatu ziren proiektuak. Dozena inguru ziren jartzekoak Bilboko Portuan eta Los Arcosko industrialdean. Asko paperean geratu ziren, baimenak lortuta ere atzera egin zuten sustatzaileek. Martxan jarri zirenetako beste batzuk itxi egin zituzten, Caparrosokoa (Nafarroa), adibidez, eta irauten duten gehienak ere ekoizpenaren azpitik ari dira.
Hego Euskal Herriko joera berbera izan zen Espainian ere. APPA patronalaren arabera, 1.800 milioi euro baino gehiago inbertitu dira 40tik gora biodiesel eta bioetanol planta martxan jartzeko, baina, 2012ko datuen arabera, ekoizpen gaitasunaren %9aren inguruan ari dira lanean. Esanguratsua da EBB Europako biodiesel ekoizleen elkarteak emandako datua. 2003tik 2012ra bitartean, bi milioitik 22 milioiraigo da biodiesela ekoizteko gaitasuna Europako Batasunean. Ekoizpenaren eta kontsumoaren igoera, ordea, askoz erritmo baxuagoan joan dira.
2008a izan zen urte mugarria. Prezioen arazoa orduan egin zen ageriko. Zeharo garestitu ziren laboreak nazioarteko merkatuetan, eta ikerketa askok jo zituzten bioerregaiak igoera horien erantzuletzat. Europatik kanpoko herrialdeen lehia izan da beste sektorea uste baino gutxiago garatzearen beste arrazoietako bat. AEBetatik zetorren biodiesela izan zen arazoa aurrena. Merkeagoa zen, laguntza zuzenak zituelako. Neurriak hartu zituen Europako Batasunak, eta baretu zen kontua.
Urteotan, Argentinako eta Indonesiako inportazioak dira industriaren buruhauste. Iaz, Hego Euskal Herrian eta Espainian kontsumitutako biodieselaren %70 bi herrialde horietatik ekarritakoa zen.
Bioerregaiek laguntza zuzenik ez dute Argentinan eta Indonesian, baina esportazio tasa txikiagok aplikatzen dizkiote biodieselari hura egiteko behar diren lehengaiei baino. Hala, iazko azaroan Europako Batasunak erabaki zuen 216 euro eta 245 euro arteko tasa jartzea Argentinatik inportatutako tona bakoitzari, eta 76 eta 178 euro artekoa Indonesiatik etorritakoari. Alabaina, ikusi beharko da nola amaitzen den kontua. Bi herrialdeak ez daude ados neurriarekin, eta Munduko Merkataritza Erakundeak arbitratzeko eskatu dute.
Europako ekoizleek dumping-aren aurkako neurrietan dauzkate jarrita itxaropen guztiak. «Sekulako erasoa jasan dugu orain artean, eta sektorea ezin izan da sendotu. Herrialde ezberdinetako lehiakideen artean lehia leiala izatea ezinbestekoa da», dio Manuel Bustos Espainiako APPA patronaleko bioerregaietako zuzendariak. Malaysiak eta Indiak ere behin baino gehiagotan erakutsi dute Argentinaren eta Indonesiaren ordezko izateko gogoa.
Bioerregaiak ere, neurrian
Konnotazio positiboa izaten dute bio- aurrizkiz hasitako hitzek. Bioerregaiek ere bai orokorrean. Oro ez da urre, ordea. Hala, elikagaietatik eratorritako erregaiei muga jarri nahi die Europak, lehengaien garestitzea saihesteko eta ingurumenean duten eragin kaltegarria murrizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu