Bioman 2013 azterketaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean Rogelio Pozo Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak eta Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Antxoek egunero jartzen duten arraba kopurua neurtzen du Azti-Tecnaliak Bioman kanpainaren bidez, maiatzean. Datu horrekin antxoa helduen kopurua kalkulatzen du. Aurtengo datuek adierazten dutenez, 66.000 tona ingurukoa da biomasa. Joan den urtean 41.700 tonakoa izan zen.
Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) zuhurtziazko biomasa 33.000 tonako da, kostera baimentzeko, gutxienez kopuru hori eskatzen du. "Kuotak zenbatekoak izango diren ez dakigu, baina kostera izango dela ia ziurtatu egin daiteke". ICESek Bioman azterketa ez ezik Frantziako Ifremer instituak egiten duena ere hartzen du kontuan, baita ontziek deskargatutako harrapaketen azterketa ere. Datu guztiekin egiten dio gehienezko kuoten proposamena Europako Batzordeari, hark erabaki dezan. Datorren asterako espero da ebazpena.
Azkueren esanetan, datuek antxoaren biomasaren "egoera ona" erakusten dute. Bada, ordea, ezohikoa den datu bat. Normalean antxoa gehienek urtebete edo gutxiagoko izaten dituzte —%70 inguruk—; oraingo neurketan, berriz, haien portzentajea %43koa soilik izan da.