Caja de Ahorros del Mediterraneo Espainiako kutxen ikurretako bat izan zen garai batean. Entitate horrek finantzatu zituen, beste hainbaten artean, Francisco Campsen Valentziako Gobernuaren proiektu megalomanoetako batzuk. Baina adreilura erabat katigatua zegoen CAM, eta kutxak buztinezko zutabeak zituela agerian utzi zuten krisiak eta higiezinen gainbeherak.
Kutxaren kontuak okerrera zihoazen etengabe, baina entitatearen arduradunak egoeraren gordina ezkutatzen saiatu ziren, adibidez, Espainiako Bankuari igorritako informazioetan. Esaterako, 2011. urteko lehen hiruhilekoan kutxak 39,7 milioi irabazi zituela esan zioten, egiaz 1.163 milioi euroko galerak zituenean. CAMek %19ko berankortasun tasa zuela ere ezkutatu zuten.
Hori frogatutzat eman du Auzitegi Nazionalak gaur eta kontuak faltsutzeagatik lau laguni kartzela zigorrak ezarri dizkio: hiru urteko kartzela zigor bana jaso dute Roberto Lopez Abad eta Maria Dolores Amoros CAMeko zuzendari nagusi ohiek; Teofio Sogorb planifikazio zuzendariari lau urteko kartzela zigorra ezarri dio; eta, bi urte eta bederatzi hilabete Francisco Jose Martinez Inbertsio zuzendariari. Beste lau akusatu absolbitu ditu Auzitegi Nazionalak: Modesto Crespo, Vicente Soriano, Juan Luis Sabater eta Salvador Ochoa.
Zuzendaritza kide gisa euren buruen jarraitako soldaten gaian, iruzurragatik, bidegabeko jabetzeagatik eta administrazio desleialagatik zituzten akusazioetatik absolbituta gelditu dira akusatu guztiak, "froga faltagatik". Era berean, CAM fundazioa, Banco Sabadell eta Caser aseguru-etxea ere libre gelditu dira eskatzen zitzaizkien ardura zibiletatik. Dena den, auzitegiaren arabera, ardura horiek auzibide zibiletik argitzeko bidea zabalik gelditzen da.