Azokak saltzeko sortu ziren. Produktua eraman, bezeroa limurtzeko eta saltzeko. Azokak eta azokak daude baina, eta industria azokek ere balio dute saltzaile jakin batzuen harrotasunak eta gabeziak ikusarazteko. BIEMH makina-erreminta biurtekoak badu asko horretatik, erradiografia egiten baitio Euskal Herrian hain garrantzitsua den sektore horri. Gaurtik ostiralera arte ilusioz hitz egingo da, esaterako, robotikaz, aeronautikaz eta eraikuntzaz, bertan baita etorkizuna; baina baita urduritasunaz eta nazioarteko egoera politikoaz ere.
«Duela bost urte ia ez genuen aeronautika sektoreko bezerorik. Gaur egun, berriz, fakturazioaren %10-15 handik dator, eta goraka doa. Inbertsio handiak egiten ari dira». Azalpena Oier Elgezabalena da, Soraluce kooperatibako zuzendari komertzialarena. Azalpena ondo mamitu du, gainera: «Boeing, Airbus, Blue Origin... Sektoreko konpainia eta hornitzaile askok gure makinak dituzte dagoeneko. Hegazkinen motorretan, fuselajean... zati ezberdinak doazen piezak egiten dituzte».
«Duela bost urte, ia ez genuen aeronautika sektoreko bezerorik. Gaur egun, berriz, fakturazioaren %10-15 handik dator, eta goraka doa. Inbertsio handiak egiten ari dira»
OIER ELGEZABAL Soraluceko zuzendari komertziala
Elgezabal harro mintzo da bere makinen fidagarritasunaz eta malgutasunaz. «Makina berak pieza bat baino gehiago egiteko ahalmena izan behar du. Hori da gure bertuteetako bat».

Zehaztasunaz ere mintzo da, perfekzioaz, eta hari horri heldu dio Koldo Arandia Ibarmia Azkoitiko (Gipuzkoa) enpresako zuzendari nagusiak ere: «Beste sektoreetan zentimetroez hitz egiten dutenean, nik esaten diet gurean partida milimetroetan eta mikratan jokatzen dela. Zehaztasuna muturrera eramaten da».
Ia neurrira eginiko makinak egiten dituzte Ibarmian, eta Arandiak dio malgutasun hori dela beren indarguneetako bat. Besteetako bat da Alemaniako eta Suediako bi konpainiarekin lortu duten akordioa. «Handiagoak gara orain, eta tamaina garrantzitsua da. Toki gehiagora iritsi gaitezke, eta, esaterako, erosketak egiteko garaian nabaritu egiten da». Alemaniakoak harreman estua du autogintzarekin; Suediakoak, berriz, aeronautikan du indargunea.

Deltecok Zumaian du lantegia (Gipuzkoa), eta erakustoki dotorea du Biurtekoan. Ainara Rodriguez enpresaren negozio garapenaren arduraduna da, eta agenda estu baino estuago dauka ostiralera arte. Hogeitik gora bilera lotuta dauzka dagoeneko, eta argi du Biurtekoan ezin dela kale egin. Zertarako? Bere kasuan, batez ere robotez hitz egiteko: «Guk argi dugu gure merkatua robotikarantz jotzen ari dela, sistemen automatizaziorantz».
«Lan asko dago sektorean, eta gehiago egongo da, baina jende prestatu gutxi. Robotika ikasketak garatzen ari dira, baina teknologia oso bizkor doa»
AINARA RODRIGUEZ Deltecoko negozio garapenaren arduraduna
Robotaren figura nola txertatzen duten azaldu du. «Gure indargunea da soluzio osoa eskaintzen dugula, hasi eta buka. Badaude enpresa batzuk makinak eskaintzen dituztenak eta beste batzuk robotak; guk, berriz, biak uztartzen ditugu». Robotaren besoa inportatu egiten dute, eta konpainiak behar jakinetarako egokitzen du: «Bezeroa pieza bat ekoizteko premiarekin etortzen da. Eta guk besoari dena instalatzen diogu: softwarea, hardwarea... 360 kiloko piezak mugitzen dituzten besoak ditugu».

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Danobatek Biurtekora eraman dituen makinetako baten aurrean. IREKIA
Azokako parte hartzaile beteranoetakoa da Sisteco Elgetako enpresa (Gipuzkoa), eta aitak 1980an hasitako ohiturari eutsi dio Ion Beretxinaga komertzialak. Etxean jasotako eskarmentuarekin mintzo da sektoreaz: «Hiru sektore daude indartsu: aeronautika, eraikuntza eta, gustatu ala ez, defentsa». Kanpoko marken banatzaile dira, eta mozketa makinak saltzen dituzte Iberiar penintsulan.
Baina zer harreman dute eraikuntzak eta makina-erremintak? «Handia. Guk, esaterako, Japoniako Daito etxeko makina bat dugu hemen. Berrogei urte inguru daramatzagu haiekin lanean, aitak Ingalaterrako feria batean ezagutu zituenetik. Bada, horrelako hamabost saldu ditugu azken urteetan. Burdinazko profil bat sartu, eta hark zulo eta egokitzapen zehatzak egiten dizkio. Eraikuntza metalikoa da, blokeka muntatua, gero eta ohikoagoa sektorean».
Muga zergen eragina
Dena ez da argia baina, ezta askoz gutxiago ere. Makina-erreminta sektore oso zabala da, eta jardunaren arabera buruhausteak ere aldatzen dira. Ibarmiak ekoizpenaren %90 baino gehiago esportatzen du, eta Arandiak aitortu du geopolitikak eta Trumpen muga zergek arduratzen dutela.
«Muga zergek eragin handia dute merkatuan. Batetik, AEBetako erosleek ez dakite zenbat kostatuko zaien makina; eta, bestetik, AEBetan saldu ezin duenez, Txinak beste merkatu batzuk bilatzen ditu»
KOLDO ARANDIA Ibarmiako zuzendari nagusia
«AEBetako erosleek ez dakite zenbat kostatuko zaien makina. Ez dakite zein muga zerga aplikatuko zaien, eta horrek ez du laguntzen», azaldu du. Hori eragin zuzena da, baina «zehar kalte bat» ere gehitu du: «Txinak ezin badu AEBetan saldu, beste merkatu batzuk bilatzen ditu, eta nabaritzen dugu horren eragina».

Elgezabalek berretsi egin ditu Arandiaren hitzak. «Makina bat erostea inbertsio handia da, eta, giroa ikusita, atzerriko bezero batzuk inbertsio hori egiteko beldur dira. Batez ertainak». Soraluczek ekoizpenaren %92 esportatzen dute: %60 Europara, eta %25 Amerikara.
Era berean, gaineratu du saltzeko modua ere aldatu egin dela: «Bezeroak enpresa handiagoak dira, eta erosteko modua, ezberdina. Erosle profesionalak dira, ikuspegi globala dutenak. Tratua ez da hain gertukoa; Excel taularen arabera erosten dute. Aukera eta erronka bat da aldi berean. Egokitu beharra dago».
Enpresa txikiak, arriskuan
Rodriguezen kasuan, robotikaren arazoak aipatu ditu. Batetik, «oinarri handia» behar dela hura aplikatzeko; alegia, dirua, eta ez dagoela ekoizpen prozesuak robotizatzeko laguntzarik. Eta, bestetik, trebaturiko eskulanaren falta: «Lan asko dago sektorean, eta gehiago egongo da, baina jende prestatu gutxi. Ingeniari elektronikoa da behar dugun profiletik gertuen dabilena. Robotika ikasketak garatzen ari dira, baina teknologia bizkor doa».
«Industria sarea txikitzen ari da. Ia ez dago enpresa berririk. Enpresa txiki asko familiak dira, eta bigarren eta hirugarren belaunaldiak amore ematen ari dira. Zerbait egin behar da laguntzeko»
JON BERETXINAGA Sistecoko komertziala
Sistecoren buruhaustea beste bat da, eta agian inkestako larriena. Zortzi langileko enpresa bat da, eta bere bezero asko ere enpresa txikiak dira, euskal enpresa sarea herriz herri josi izan duten horiek, eta Beretxinaga ezkor dabil halakoen etorkizunarekin: «Industria sarea txikitzen ari da. Tamaina murrizten ari da, eta ia ez dago enpresa berririk. Enpresa txiki asko familiak dira, eta bigarren eta hirugarren belaunaldiak amore ematen ari dira. Zerbait egin behar da haiei laguntzeko».

Munduko bederatzigarren ekoizLEA
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartu du biurtekoaren inaugurazioan. Han, gogorarazi du makina-erreminta ekonomiaren indarguneetako bat dela. «Munduko biztanleriaren %0,028 gara Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina makina-erremintan, bederatzigarren ekoizlea gara, estatu handien parez pare. Ondo egindako lanaren emaitza da: ez da kasualitatea». Esan duenez, makina-erremintak 6.000 lanpostu sortzen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ekoizpenaren %85 esportatzen du. «1.300 milioi euro, 2024an». Baina haren eragina «sakonagoa» dela nabarmendu du: «Gure lehiakortasuna eta burujabetza estrategikoa ahalbidetzen ditu: fabrikazio aurreratuen oinarria delako, funtsezkoa delako mugikortasunaren eta energiaren sektore traktoreentzat, deskarbonizazioan eta eraldaketa digitalean rol garrantzitsua duelako, eta osagai kritikoak ekoizten dituelako gure balio kateentzat».
Â