Bizkaiak Batuz sistema ezartzeko prozesua amaitu du

Urte berriarekin zabalduko da azken leihoa zergadunak batu daitezen fakturak Ticket Bairekin egitera behartzen dituen sistemara.

 Ticket Baik eskatzen duen balantza, datafonoa eta inprimagailua. JUNE ROMATET
Ticket Baik eskatzen duen balantza, datafonoa eta inprimagailua. JUNE ROMATET
Irune Lasa.
2025eko abenduaren 30a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denbora da Araban eta Gipuzkoan erabat ezarrita dagoela fakturak Ticket Bai sistemaren bidez jaulkitzeko sistema, eta azkenean iritsi da Bizkaiaren txanda. Dagoeneko ia 70.000 zergadun daude Batuz-en, eta ostegunean amaituko du Bizkaiko Ogasunak sistema osoa ezartzeko prozesua, orain arte falta ziren 13.351 zergadunak gehituko direlako.

Leiho horretan integratu behar dute irabazi asmorik gabeko erakundeek, profesionalek eta lehen sektoreko, hezkuntzako eta kultura zerbitzuetako enpresek, baita konpartsek eta txosnek ere.

Batuz sistemarekin, alde batetik, Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren erregistro liburuan jasotzen dira horretara behartuta dauden zergadunen eragiketa ekonomiko guztiak, eta, bestetik, fakturak Ticket Bai softwarearekin jaulkitzen direnez, salmentak B kutxa baten bidez ezkutatzea eragozten da.

%87, arauak betetzen

Orain arteko lau leihoetan sartu diren pertsonen eta erakundeen %87 ari dira Ticket Bai softwarearekin fakturak igortzeko eginbeharrak betetzen, eta, era berean, eragiketak aldundiaren egoitza elektronikoko eragiketa ekonomikoen erregistro liburuan idazten.

Bizkaiko Aldundiak azaldu du Batuz abian jartzeak hazkunde esponentziala ekarri duela datu bilketan: lau urtean, zortzi aldiz biderkatu da Ticket Bairen baldintzak betez jaulkitako fakturen kopurua, eta 2025ean 1.930.624 izan dira. Eragiketa ekonomikoen erregistroan, berriz, 2025. urtearen lehen erdian 757.544 faktura jaso ziren.

Aurten, 2.868 jakinarazpen bidali ditu aldundiak, sistemaren ustezko ez betetzeak argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.