Bizkaiak eta Gipuzkoak ondare zerga ezberdinak izango dituzte 2013an

Erreformaren tramiteak aurrera egingo du orain harmonizaziorik gabe, eta Arabak zer egingo duen argitzea falta da

Bilbao eta Garitano ahaldun nagusiak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerga sistema ulertzeko eredu ezberdinen arteko norgehiagokak bere horretan jarraitzen du. Ondare zerga erreformatzeko asmoz Bizkaiak eta Gipuzkoak aurkeztu dituzten proiektuak aztertu zituen atzo Zergak Koordinatzeko Organoak. Batak zein besteak ez zuten aldeko irizpenik jaso, eta harmonizatu gabe egingo du aurrera tramiteak. Batzar nagusiek onartuz gero, ondare zerga ezberdinak izango dituzte datorren urtean Bizkaiak eta Gipuzkoak.

Bi administrazioek iritzi ezberdinak dituzte zergaren egiturari eta antolakuntzari buruz. Fortuna handien gaineko zerga onartu zuen Gipuzkoak, ondare zerga ordezkatzeko. Besteak beste, zerga ezkutua desagertzea aurreikusten dute proiektu horrekin. Orain arte, zergapeko batek ezin zuen bere errentaren %60 baino gehiago ordaindu zergetan, eta muga hori kendu du Gipuzkoak. Puntu hori eztabaidagai nagusia bihurtu da Bizkaiarekin. Joan den astean ondare zerga berritzeko aurkeztu zuen Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Zerga ezkutuari eusten dio (%65), baina, hala ere, Gipuzkoarena baino «aurrerakoiagoa» dela ziurtatu du. Martin Garitanoren gobernuak, aldiz, eredu horrekin diru gutxiago bilduko lukeela ohartarazi du.

Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko adostasuna lortzea ezinezkoa izan da, eta, bien bitartean, zer egingo duen azaldu gabe jarraitzen du Arabak. Javier de Andresen gobernuak ez zuen ez baten eta ez bestearen alde egin atzoko bileran. Interpretazio ezberdinak ere kaleratu dira. Efe agentziak aipatutako Bizkaiko Aldundiko iturrien arabera, haien proiektua gehiago atsegin du Arabak. Haatik, kontuak egin eta Bizkaiko ereduarekin Arabak dirua galduko lukeela adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Erreformaren gainetik, zergaren iraupena bermatu gabe segitzen du Arabak. Izan ere, neurri iragankor gisa zerga bi urterako indarrean jartzea onartu zuen foru aldundiak iaz, 2011. eta 2012. urteetarako. Oraingoz zergaren iraupena luzatzeko proiekturik aurkeztu ez duen administrazio bakarra da, baina denbora izango luke abenduaren 31 arte. Hasiera batean, gaur egun dituen baldintza eta ezaugarriei eustea zen PPko gobernuaren asmoa.

Ondare zergatik aparte, Gipuzkoak astearteko Diputatu Kontseiluan onartu zituen neurri fiskalak aztertu zituen Zergak Koordinatzeko Organoak. Kasu horretan, aldeko irizpena eman zuen batzarrak, eta, honezkero, aldaketa posible horiek harmonizatutzat jo dira. Alegia, sistema fiskalarekin bat datoz, Batzar Nagusiek onartuz gero.

Horrek ez du esan nahi ezinbestean Arabak eta Bizkaiak bere egingo dituztenik. Bizkaiak, esaterako, bere proiektu propioa laster aurkeztuko duela iragarri du, eta kapital irabaziei zergak gehiago igotzeari ezetz esan dio. Hain zuzen ere, aurrezkia hiru zatitan zergapetzea nahi du Martin Garitanoren gobernuak. 1.500 euro arteko errentek %21 ordainduko dute; 1.500 eta 10.000 euro artekoek, %23; eta hortik gorakoek, %25. Orain arte, 4.000 euro arteko kapital irabaziek %20 ordaintzen zuten zergetan, eta hortik gorakoek, %23. Bizkaian eta Araban tasa %20 da 10.000 euro arte, eta hortik gora, %22.

Kapital irabaziei zergak igotzeaz gain, neurri fiskal sorta onartu nahi du Gipuzkoak datorren urterako. Errenta zergaren tarifari eta kenkariei %1,5eko deflaktazioa ezarri nahi die, inflazioaren eragina arintzeko. Era berean, dohaintzek duten kenkaria %30etik %10era jaitsi nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.