Bizkaiko Aldundiko bulegoetako garbitzaileek %24ko soldata igoera adostu dute

Berrehun inguru dira, eta sei greba egun behar izan dituzte beren eskaerak lortzeko. Garbitzaileek bozketa bidez onarturikoa berretsi dute LABek, UGTk eta ESK-k.

Bizkaiko Aldundiko garbitzaileen protesta bat. ECUADOR ETXEA
Bizkaiko Aldundiko garbitzaileen protesta bat. ECUADOR ETXEA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko apirilaren 10a
14:20
Entzun

Bizkaiko Aldundiko bulegoetako garbitzaileak akordio batera iritsi dira haien azpikontrata kudeatzen zuen Optima enpresarekin, eta gutxienez %24ko soldata igoerak adostu dituzte sei urterako (2022-2028 tarteari dagozkionak). Igoerak ez die oinarrizko soldatei bakarrik eragingo: ezohiko beste diru sariei ere aplikatuko zaie. Lan hitzarmena berritzeko akordioa LABek, UGTk eta ESK-k sinatu dute —langile batzordeko bederatzi ordezkarietatik sei dituzte—, langileek barne bozketa egin eta gehiengo handi batekin berretsi ondoren. ELAk, aldiz, ez du sinatu.

Hurrengo hiru urteetan %2,5eko soldata igoerak erantsiko dizkiete langile publikoek adosten dituzten eguneraketei.

Akordioa sinatu duten sindikatuek «historikotzat» jo dute. Bulegoetako garbitzaileek mobilizazioak hasi zituztenean, beren baldintzak aldundiko langileenekin berdintzeko eskatzen zuten —azpikontratatik kanpo dihardutenek %36 gehiago irabazten dute—, eta, lortu ez duten arren, lan hitzarmenaren hurrengo negoziazioan pauso hori bilatuko dutela aurreratu dute. Negoziazio hori hiru urte barru izango da, akordioko lehen hiru urteak igaro dira eta.

Akordioa irailean argitaratuko da, eta, esan bezala, atzerako eragina izango du. Sindikatuek espero dute enpresak kolpetik gauzatuko dituela 2022an, 2023an eta 2024an egin gabeko soldata igoerak. Hiru urte horietarako, langile publikoek izan dituzten soldata igoera berak adostu dituzte: %3,5, %3,5 eta 2,5%, hurrenez hurren. Hurrengo hiru urteetarako, berriz, %2,5eko igoerak erantsiko dizkiete funtzionarioek negoziatzen dituzten soldata igoerei.

Sei greba egun

Sindikatuek nabarmendu dute ez dela negoziazio erraza izan, sei greba egunetara deitu behar izan baitute. Salatu dute Optimak eginiko lehen eskaintzak «lotsagarriak» izan zirela, eta LABen ustez greba eskubidearen urraketatzat jo daitezkeen keinuak izan zituela. Besteak beste, greba egunetan usain txarreko jakirik ez eramateko eskatu zieten beste langile publikoei.

Bizkaiko Aldundiaren jarrera ere kritikatu dute, haiekin biltzen saiatu arren ez zutelako lortu. Sindikatuek argi dute aldundiak zuela «azken hitza» negoziazioan, hark ordaintzen duelako zerbitzua eta hark ezartzen dituelako baldintzak. Gai berean, LABek nabarmendu du zerbitzua publifikatu beharko litzakeela, azpikontrata mantentzeak garbitzaileen baldintzak okertzen dituelako eta garestiagoa delako aldundiarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.