Lan itunak

Bizkaiko eraikuntzan soldatak igotzeko akordioa egin du CCOOk

Gehienez %10,2ko igoera izango dute bi urtean. Gainerako sindikatuek ez dute sinatu, baina hark du gehiengoa.  

Igeltsero bat, Bilboko obra batean lanean. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 2a
15:07
Entzun

Urtebeteko gatazkaren ondoren, CCOO sindikatuak akordioa lortu du Bizkaiko eraikuntzako patronalekin, lan hitzarmena eguneratzeko eta lurraldean sektore horretan lan egiten duten 33.000 langileen soldatak igotzeko. Akordioaren arabera, soldatak gehienez %10,2 igoko dira bi urtean.

2023an, %4ko igoera aplikatu zaie soldataren kontzeptu guztiei, eta 2024an KPIaren arabera, %4,5ekoa, % 3ko gutxieneko bermearekin, eta beste %1,7; kasu horretan, soldata kontzeptu guztietan ere bai. Datorren urterako sektoreko lan egutegi berria ere adostu dute, eta urteko orduak murriztu dituztela adierazi du CCOOk. Guztira, 1.700 ordukoa izango da.

CCOOk sektoreko patronalekin sinatu du akordioa, ostegun honetan Lan Harremanen Kontseiluan egindako bilera batean. Sindikatuen artean berak bakarrik sinatu du, baina gehiengoa du mahaian (%52). Azpimarratu duenez, akordioarekin Bizkaiko eraikuntzako gatazka «desblokeatzea» lortu du. Gogoratu du urtebetez aritu direla negoziatzen eta tarte horretan mobilizazio ugari egin dituztela; besteak beste, lau greba egun egin zituzten ekainean. Mobilizazio horietan, baina, sindikatuak bananduta azaldu dira: CCOO alde batetik eta ELA eta LAB bestetik.

Langileen mobilizazioa ezinbestekoa izan dela azpimarratu du CCOOk, eta akordioa haiek egindako lanaren «bidezko aitortza» bat dela. Horrekin batera, nabarmendu du lan itun berriak sektorea «erakargarriagoa» egiten duela. «Bizkaian eskulan gehiago beharrezkoa izango da proiektu handiak garatzeko, hala nola Bilboko metroaren 5. linea, Lamiakoko itsasadarraren azpiko tunela edo Abandoko tren geltokia lurperatzea».

30.000 langile dituen sektorea

Aurreko hitzarmena iraungi aurretik eguneratu dute. Duela bi urte sinatu zuten CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalek. Lehenengo bi urteetarako (2021 eta 2022) KPIaren araberako soldata igoerak adostu zituzten, eta indarraldiko azken bi urteetako eguneraketak aurrerago negoziatzeko utzi zituzten. Iaztik, baina, sindikatuen eta enpresen ordezkarien arteko gatazka iturri bihurtu zen hori. Ostegun honetan egindako akordiotik kanpo geratu da UGT, eta, CCOOko iturriek azaldu dutenez, «harrituta» daude erabaki horrekin. Ez, ordea, ELAren eta LABen jarrerarekin, «urteak baitaramatzate hitzarmena sinatu gabe».

Bizkaiko eraikuntzako ituna 30.000 langile ingururen baldintzen oinarria da. 1.100 enpresatik gora dira, gehienak txikiak, eta ia ez dago enpresa hitzarmenik. Berdin aplikatzen da eraikuntzan, herri lan handietan eta etxebizitzen berritze lanetan. Soldatei dagokienez, igeltsero berezi batek gutxi gorabehera 1.400 euro garbi jasotzen ditu hilabetean, lehen mailako ofizialak 1.650 euro eta arduradunak 1.800 (hamalau ordainketa). Langileen %90 hiru maila horietan dauden. Aparteko orduak dira berezitasunetako beste bat, oso ohikoak baitira, udan bereziki. Hogei euroan ordaintzen dira.

Akordio berriarekin, halaber, lurralde batetik bestera dauden aldeak murriztu nahi izan ditu CCOOk. Adibidez, Bizkaian 2022an peoi espezialista batek 24.849 euro gordin jaso zituen urtean; Gipuzkoan, 2023an, maila bereko langile batek 28.746 euro gordineko soldata du —hamasei ordu gutxiago lan eginda—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.