Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek arraina manipulatzeko enpresa bat erosi dute

Jaurlaritzarekin batera, Kofradia Basque Seafood enpresa sortu dute, sektorean inbertsioak egiteko eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko.

Berriatuko (Bizkaia) POSA Proyecto de Ondarroa enpresaren ekoizpen planta. IREKIA
Berriatuko (Bizkaia) POSA Proyecto de Ondarroa enpresaren ekoizpen planta. IREKIA
jokin sagarzazu
2025eko azaroaren 5a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradien federazioek, Hazilurrekin batera (Eusko Jaurlaritza), Kofradia Basque Seafood izeneko sozietate berria sortu dute, eta, horren bitartez, Berriatuko (Bizkaia) POSA Proyecto Ondarroa S.A. enpresa erosi dute, hartzekodunen konkurtsoan eta likidazioan zegoena. Haren jarduera berreskuratuko dute, eta lanpostu guztiei eutsiko diete (hogei), Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak azaldu duenez.

Kofradia Basque Seafood enpresa berria Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu dute, baxurako arrantzaren jardueraren «jarraitutasuna eta lehiakortasuna» bermatzeko.

Gaur egungo kontsumo ohiturak direla eta, nabarmen egin du gora arrain manipulatuaren salmentak, xerratan egindako, ontziratutako eta kozinatzeko prest dauden produktuenak. Azken urteetan kezka handia piztu du horrek baxurako sektorean, euskal kostaldean gisa horretako enpresa gutxi daudelako. Kofradia Basque Seafooden sorrerak, hain zuzen, behar horri erantzungo lioke.

Berriatuko enpresaren erosketa sozietate berriaren lehen operazioa izango da. Ez dute eman inbertsioari buruzko kopururik. Kofradiekin batera, Hazilurrek parte hartzen du Kofradia Basque Seafooden. Hazilur finantza sustapeneko sozietate bat da —batez ere partaidetza maileguen bidezkoa—, lehen sektoreko eta nekazaritzako elikagaien industriako jarduerak sustatzen dituena. Eusko Jaurlaritzak %50eko partaidetza du bertan, Haziren bidez.

Jauzi estrategikoa

Berriatuko plantan laugarren eta bosgarren gamako produktu lerroak landu eta merkaturako dituzte: xerratan egindako, ontziratutako eta kozinatzeko prest dauden arrain produktuak, baita kontsumitzeko prest dauden plater prestatuak ere, «denak Kantauriko arrainean oinarrituak, eta kalitate eta jasangarritasun irizpideei jarraituz».

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak azpimarratu duenez, sozietatearen eraketa eta egindako inbertsioa «jauzi kualitatibo bat» da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaren «modernizazioan» eta «kontsumo joera berrietara egokitzeko». «Kofradia Basque Seafoodekin, beste urrats bat egin dugu euskal arrantza eredu moderno, iraunkor eta etorkizunekoa eraikitzeko, non sektoreak modu aktiboan parte hartzen duen balio katean eta kalitatezko enpleguaren sorreran».

Baxurako arrantzaren sektoreak kezkaz begiratzen dio etorkizunari, eta hausnarketa betean dago, besteak beste errelebo faltak, kontsumo ohituretan izandako aldaketak eta sektorearen industrializazioak bultzatuta. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiak erakunde bakar batean biltzea aztertzen ari dira, Jaurlaritzak bultzatuta. Kofradia Basque Seafood sozietatearen sorrera horren adibide bat izango litzateke.

Horrekin batera, gertutik erreparatzen ari zaizkio Getariako (Gipuzkoa) hegalabur haztegiaren proiektuari —Kataluniako Balfego enpresak eta Aztik bultzatua da hura—. Ez dute baztertzen egitasmoan sartzea. «Guk gure barkuekin parte hartuko dugu, eta, dena ondo ateratzen bada, bete-betean sartuko gara enpresan. Ezin zaio trenari bitan pasatzen utzi», adierazi zuen Norberto Emazabalek, Gipuzkoako kofradien presidenteak, iazko irailean, proiektuaren aurkezpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.