Bizkaiko etxeko langileek aurrerapausotzat jo dute OITren hitzarmena

Espainiako Gobernuak berretsiko balu, etxeko langileek gainontzeko langileen eskubide berak izango lituzkete

Conchi Gomez eta Isabel Otxoa atzo, Bilbon, prentsaurrekoa hasi baino lehen. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) etxeko langileen egoera langile arrunten parean jarri du lehenbiziko aldiz. Herenegun onartu zuen hitzarmena, eta Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko (ELE) kideak aurrerapauso «handia» dela zehaztu du, betiere «Espainiako Gobernuak neurri horiek betearazten baldin baditu». OITko herrialde partaide bakoitzak urtebeteko epean onartu beharko du hitzarmena, jasotzen dituen eskubideak betebehar bihurtzeko. Baina ez onartzeko aukera ere badaukate. Izan ere, hitzarmena betearaztea ez da derrigorrezkoa izango. Otxoaren ustez, Espainiako Gobernuak onartuko ditu hitzarmeneko neurriak.

Eusko Jaurlaritza egiten ari den azterketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 100.000 familiak etxeko langileren bat daukate. Langile horietako askok etxe batean baino gehiagotan egiten dute lan. Beraz, denera 70.000 etxeko langile inguru daudela uste dute Bizkaiko Etxeko langileen Elkarteko kideek. Horietatik 16.000 baino gutxiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda. OITk onartutako hitzarmenaren arabera, etxeko langileek gainerako langileen baldintza berdinetan egin behar dute lan, «eta horrek hemengo kasuan Gizarte Segurantzan kotizatzea adierazi nahi du», Otxoaren hitzetan. Orain arte ez bezala, gaixo agiria hartzean edo lan istripuren bat izatean dagokiena kobratzeko aukera izango lukete.

Horretaz gain, lan kontratuek idatzizkoak izan behar dutela jasotzen du hitzarmenak, eta langilearen lanaldia zehaztu beharko dutela. Lantokian egiten diren egonaldiak ere lanordu bezala hartuko dira aurrerantzean, eta ordu horiei guztiei balioa eman beharko zaiela, soldataren gehigarri bezala.

Enplegu agentziak zorrotzago kontrolatzea ere ahalbidetuko du hitzarmenak. Orain arte legea betetzen ez zuten agentziek isunak jasotzen bazituzten, hitzarmenarekin zigor handiagoak jasoko dituzte.

100 atxikimendutik gora

OITk hitzarmena onartu baino egun batzuk lehenago, ELEk atxikimendu kanpaina bat abiatu zuen hitzarmena onartu zedin eskatzeko. Egun bakar batean ia 100 elkarteren babesa lortu dutela azaldu du Conchi Gomezek ELEko kideak, eta «oraindik atxikimendu gehiago jasotzen ari gara». Bat egin duten elkarteen artean, elkarte feminista, sindikatuak, etorkin taldeak eta Caritas bera daude. Azken horrek atxikimendua eman duenerako, «zerbait gaizki dagoela esan nahi du», Gomezen ustetan.

Behin OITren hitzarmena onartuta, jasotako atxikimendu horiek guztiak «presio egiteko modu bezala» erabili nahi ditu ELEk, Espainiako Gobernuak hitzarmena bere egin dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.