Bizkaiko golkoan antxoa kopurua erdira jaitsi da iaztik, Aztiren arabera

Hurrengo kanpainarako kuota 20.000 tona ingurukoa izango da; aurten, 6.560 tona harrapatu dituzte

Maite Alustiza.
Donostia
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Marka bigarren urtez jarraian haustea ez da erraza izaten, are gutxiago gainditu beharrekoa azken 25 urteetako markarik onena bada. Azti-Tecnaliak antxoaren biomasaren inguruan egin berri duen azterketan, iazko kopuruetatik urrun geratu da: Bizkaiko golkoko antxoa kopurua ia erdira jaitsi da, 138.000 tonatik 70.000 tonara.Kopuru hori aintzat hartuta, Azti-Tecnaliak aurreikusi du arrantzaleek 20.000 eta 23.000 tona artean arrantzatu ahal izango dituztela Bizkaiko golkoan, aurtengo uztailetik hurrengo urtekora. Kopuru horiek, ordea, ez dira behin betikoak. Aztiren datuekin batera, bestelako kopuru batzuk ere hartzen ditu kontuan ICES Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak, azken kopurua zehaztu aurretik—Itsasoaren Ustiapena Ikertzeko Frantziako Institutuaren emaitzak, kasu—.

ICESek atzo arratsaldean bertan eman zuen bere emaitzen berri: 20.700 tona arrantzatu ahalko dira, Aztik aurreikusitakoaren ildotik. ICESek gehienezko arrantza kopurua Europako Batzordeari proposatuko dio, eta hark erabaki beharko du.

Bioman azterketaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo Donostian Rogelio Pozo Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak, Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak eta Jokin Diaz saileko zuzendariak. Antxoek egunero jartzen duten arraba kopurua neurtzen du Azti-Tecnaliak Bioman kanpainaren bidez, maiatzean. Datu horrekin antxoa helduen kopurua kalkulatzen du. Aztik egin berri duen azterketak ohikoak ez diren datuak azalerazi ditu antxoaren adinari dagokionean: normalean gehienak urtebete edo gutxiagoko antxoak izaten dira —%70 inguru—; oraingo neurketan, berriz, bi urteko antxoak —2010ean jaiotakoak— gehiago dira, %70, hain justu. Antxoen bizitza laburra izaten da oro har; hiru urtera heltzen direnak gutxi dira.

Antxoaren biomasa kopuruek gorabehera handiak izaten dituzte. Antxoa eme bakoitzak 200.000 arrautza jartzen baditu ere, batez beste soilik bik irauten dute bizirik. Antxoakumeen artean, berriz, %70-80 hil egiten dira urte bateko udazkenetik hurrengo urteko udaberrira.

Bioman azterketarekin batera, Juvena izenekoa ere egiten du Aztik, udazkenean. Horretan antxoakumeak neurtzen ditu, eta kopurua ikusita, hurrengo urtean horietatik antxoa helduak zenbat izango diren kalkulatzen du. Biomanen emaitzak eskuetan, iazko udazkenean egindako Juvena neurketa ontzat jo du Azti-Tecnaliak, biomasa 75.000 tonakoa izango zela kalkulatu baitzuen.

Baimenduta dagoen kopurutik urrun egon ohi da beti arrantzatzen den antxoa kopurua. Aurtengo kanpainan, esaterako, 29.700 tona arrantza zitezkeen, eta arrantzaleek 6.560 tona bildu dituzte, iaz baino 2.000 tona inguru gutxiago. Pozo Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak «itsaso txarrari» egotzi dio jaitsiera: «Kanpainaren lehen hiruzpalau asteetan olatu altuak eta korronteak izan dira, eta horrek zaildu egin du arrantza». Martxo erdialdean hasi zen kanpaina, eta azken urteetan apiril erdialdean harrapaketa kopurua handitu egin bada ere, aurten ez da hala izan.

Merkatua suspertzea

2005. eta 2009. urteen artean antxoa arrantzatzea debekatu zuen Europako Batzordeak, antxoaren iraupena arriskuan zegoela ikusita. Urte horietan antxoa ez arrantzatzeak ondorioak izan ditu 2009tik aurrera, merkatuari dagokionean.

Kantauri itsasoko antxoaren ordez, beste herrialde batzuetakoaren aldeko apustua egin du kontserba industriaren zati handi batek. Jaurlaritzatik funtsezkotzat jo dute merkatuak berreskuratzea, eta horretarako, nortasun babestuko marka bat bultzatu nahi dute: Kantauriko antxoa. Izendapen horri administrazioetatik bultzada emateko, Asturias, Kantabria eta Galiziako ordezkariekin bilera du Jaurlaritzak datorren astean. «[Kantauriko antxoari] izena eman nahi diogu, beste merkatu batzuetara heda dadin eta baldintza hobegotan sal dadin», adierazi du Diazek. Kontserba industriak marka horri zer nolako babesa emango dion ikusteke dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.