Bizkaiko kontserba enpresetan soldata arrakala amaitzeko eskatuko du ELAk

Sindikatuak salatu du emakume askoren lansariak SMItik gertu daudela eta lan baldintzetan ezberdintasunak daudela genero arrazoiengatik. Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera urriaren 6an egingo dute.

Emakume bat kontserba enpresa batean lanean, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Emakume bat kontserba enpresa batean lanean, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko irailaren 17a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko kontserba fabriketan aldaketak nahi ditu ELAk. Sindikatuaren arabera, enpresa horietako gehienek lan eskema tradizionalak dituzte, langileen baldintzetan agerikoak dira soldata eta genero arrakala, eta eskasak dira lanerako baldintzak. Sindikatuak eta patronala urriaren 6an elkartuko dira, eta mahai gainean jarriko dituen kontuen berri eman du ELAk.

Sektorean 600 lagun inguruk egiten dute lan, eta ekoizpen lanetan %60 inguru dira emakumeak. Arraina eskuz prozesatzen, garbitzen eta ontziratzen aritzen dira, nagusiki. Txosten baten bidez, sindikatuak salatu du urtean 1.000 eurorainoko arrakala dagoela lan talde ezberdinen artean, eta «gehiegizkoa» dela aldizkako kontratu finkoen eta kontratu partzialen erabilera —kontratuen %80 inguru dira mota horietakoak—.

Sektore horretan dabiltzan emakume askoren soldatak SMI lanbide arteko gutxieneko soldatatik gertu daude (1.184 euro, hamalau ordainketetan), eta ELAk argi du lansarietan eta lan baldintzetan ezberdintasunak daudela genero arrazoiengatik.

Txostenak kontu gehiago ere jaso ditu: besteak beste, kontserba fabriketan ez direla betetzen aurreikusitako lan egutegiak, horrek ezegonkortasuna areagotzen duela, eta aldizkako kontratu finkoak lantalde feminizatuenei aplikatzen zaizkiela batik bat.

Baldintza txarrak

Emakume horiek, gainera, «baldintza txarretan» egiten dute lan, tenperatura altuko eta hezetasun handiko tokietan, eta etengabe mugimendu berdinak egiten. «Horrek kasu gehienetan aitortuak ez diren osasun arazoak eragiten dizkie», adierazi du ELAk. 

Sindikatuak uste du itun berriak balio beharko lukeela «genero eta soldata arrakala amaitzeko, eta emakumezko langileen egoera nabarmen hobetzeko, soldata hobeen, kontratu egonkor eta duinen eta segurtasun neurri egokien bidez, besteak beste».

Genero arrakala lau puntu murriztu da EAE-n

Helburu bat jarri du gaur Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak: EAE 2030ean soldata arrakala txikiena duten Europako bost eskualdeen artean egotea. Bilboko Euskalduna jauregian esan du hori, Soldata Arrakalari Buruzko Nazioarteko IV. Kongresuan. 

Nabarmendu du soldata arrakala %12,8koa dela EAEn, iaz baino ia lau puntu apalagoa. Pozik agertu da, baina lanean jarraitu behar dutela azpimarratu du, «arrakala ixteko diseinatutako politika publiko iraunkorrak garatzen». 

Torresen arabera, lorpen hori erakundeen, enpresen, sindikatuen eta patronalen konpromisoaren emaitza da. Dena den, esan du «bidegabekeria» dela oraindik ere arrakala hori existitzea, eta zuzendu beharreko egiturazko arrazoiak aipatu ditu: emakumeak lanaldi partzialeko kontratuetan pilatzea, zainketen banaketa desorekatua, ordainsari okerragoak dituzten sektoreen feminizazioa... 

Sailburuak adierazi du generoen arteko desberdintasunek «kostu ekonomiko izugarria» dutela, eta berdintasunaren aldeko konpromisoa azaldu du, «enplegu politiketan agenda feminista bultzatzeko konpromisoa». 

Kongresuan 250 lagun baino gehiago elkartu dira, eta Euskal Herriko zein nazioarteko hamalau hizlarik hartuko dute hitza bertan. Hitzaldi nagusia Isabel Mellen Rodriguez historialari, ikertzaile eta dibulgatzaileak eman du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.