Egoera «normalean» sartzen ari da metalgintza, «oso ahul» egon ostean. Ondorio hori atera du FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak, sektorearen egoerari buruzko txostenean, eta bi arrazoi ikusten ditu horretarako: Alemaniako eta Frantziako merkatuak «apur bat» hobetu izana, eta Estatu Batuetako muga zergen eragina apaldu izana. Bigarren seihilekoan berreskuratze fasean jarraitzea espero dute, baina ez dute uste sektoreak sekulako hazkunderik izango duenik.
Begoña San Miguel FVEMeko lehendakariak gaur aurkeztu du txostena, patronalaren Bilboko egoitzan. 207 enpresen erantzunekin osatu dute, eta, metodologia berri bat erabiliz, FVEMen koiuntura indizea sortu dute. Hamar aldagai hartu dituzte kontuan, besteak beste, jarduera, merkatua, fakturazioak, etekinak eta inbertsioak. Bada, indize hori handitu egin da 2024 amaieratik, 49,6tik 60,8ra.
Dena den, FVEMeko lehendakariak ohartarazi du 2025eko datuak kontuan hartu behar direla egungo bilakaera positiboa ulertzeko: «Azken bi urteetan jasotako datuekin alderatuta, oraingoak hobeak dira. Baina zuhurtziaz hartu behar ditugu, maila bereziki apaletik abiatu garelako: 2025ekoak azken lau urteetako daturik txarrenak izan ziren».
57.644Bizkaian zenbat langile dauden metalgintzan. Azken hamabost urteetako behargin gehien ditu sektoreak, urte hasieran baino 1.683 gehiago. Enpresen %66,3k uste dute langile kopuru egokia dutela, %19,1ek beharrezkoak baino gutxiago dituztela, eta %14,5ek, berriz, gehiegi dituztela.
Jarduerari dagokionez, inkestatutako enpresen laurdena ez dira euren aurreikuspenetara heldu, eta bost enpresatik bakarrak gainditu ditu iragarpenak. Hau da, nahiz eta 2025ekoak baino datu hobeak izan, gehiago dira helburuak bete ez dituzten enpresak, erdietsi dituztenak baino. Gainera, nahiz eta hiru enpresatik bik espero duten jardueraren %75 mantentzea urtearen bigarren erdialdean, enpresen %15ek uste dute oraingoaren erdiaren azpitik ibiliko direla.
«Azken bi urteetan jasotako datuekin alderatuta, oraingoak hobeak dira. Baina zuhurtziaz hartu behar ditugu, maila bereziki apaletik abiatu garelako: 2025ekoak azken lau urteetako daturik txarrenak izan ziren»
BEGOÑA SAN MIGUELFVEMeko lehendakaria
Merkatuen egoerak ere hobera egin du. Jaitsi egin dira atzeraldian dauden merkatuetan diharduten enpresak (%15), eta enpresen erdiak baino gehiagok diote euren merkatuak «geldituta» daudela. Berraktibazioan dauden merkatuen kopuruak gora egin du, eta espero da urte amaierarako %35,6ra igotzea. Espektatiba on horiek, nolanahi ere, nazioarteko testuinguruak baldintzatuko dituela ohartarazi du San Miguelek eta, nagusiki, «ezegonkortasun geopolitikoak» eta Alemaniaren eta Frantziaren ahultasunak.
Esportazioak egonkor daude, nazioarteko merkatuak «apur bat» hobetu direlako, oraindik ahul egon arren: Bizkaiko metalgintzaren «erresistentzia esanguratsuaren erakusle» da hori, San Miguelen irudiko.
2025eko lehen seihilekotik %0,83 handitu da fakturazioa, aurreikuspenak apur bat gaindituta. Enpresen %40k espero dute bigarren seihilekoan gehiago saltzea, eta, oro har, federazioak espero du adierazle agregatua %1,84 izatea urte amaierarako. Dena den, ez da aurreko urteetako galera konpentsatzeko beste izango.
Etekinak eta inbertsioak, behera
Lehenbizikoz, inbertsioaren bilakaera negatiboa izan da, eta aldagai horretan egon da aurreikuspenen eta errealitatearen arteko tarterik handiena. Gehiago inbertitzen duten eta inbertsioak gutxitzen dituzten enpresak alderatuta kalkulatzen dute balantzea, eta +16,7tik -1,5era jaitsi da azken txostenean. Federazioak uste du inbertsioa gehiago apalduko dela, baina ez hain nabarmen. Enpresek sektorean «argi gorriak» ikusi izanari egotzi dio beherakada San Miguelek. Dena den, I+G+B inbertsioak zenbaki positiboan daude.
FVEM-en ustez, negoziazioak euskaraz ere egiteak prozesua atzeratuko luke
Euskara hutsean negoziatzeko ELAren exijentziaren harira, zalantzati mintzatu da Bizkaiko metalgintzako patronala. Begoña San Miguelek aipatu du orain arte negoziazioak gazteleraz izan direla, nahiz eta «eskubidea» dagoen euskaraz egiteko. Dena den, sindikatuei egotzi die itzulpenerako bitartekoak eskaintzeko ardura, eta bitartekoak jarriz gero negoziazioak euskaraz egin ahalko liratekeela adierazi du. Hala ere, bilerak ele bitan egiteak prozesua «apur bat» atzeratuko duela esan du, eta zera gaineratu: «Euskadiko ia hitzarmen guztien negoziazioek [Espainiako] estatukoen bikoitza tardatzen dute». Alabaina, ñabardura egin du ostera: «Baina ez dago arazorik, bi hizkuntzak ofizialak dira».
Sektoreko hitzarmenaren negoziazioari lotuta, FVEMeko lehendakariak adierazi du «blokeorik» ez dagoela: «Sindikatuek blokeoaz hitz egiten dutenean, erabat desados nago haiekin». Zazpi hilabete daramatzate negoziatzen, eta prozesuaren kronologia egin du: 2025eko azaroan eratu zen koordinazio mahaia, eta 2026ko urtarrilean egin zuten lehenengo bilera. Lau plataforma jaso zituztela aipatu du, sindikatu bakoitzaren aldetik bat.
Otsailean, FVEMek bere plataforma aurkeztu zuen sindikatuekin eginiko bigarren bileran, eta eskatu zien plataforma bateratua ekar zezatela, ezinezkoa iruditzen baitzitzaien lau plataformarekin aldi berean negoziatzea. Martxoko bileran, hirugarrenean, FVEMek plataforman egiteke zuen kontu bat konpondu eta sindikatuei plataforma bateratua eskatu zien berriz.
Hurrengo hiru hilabeteetan egindako bilkurak «antzuak» izan zirela onartu du San Miguelek, sindikatuen plataforma bateraturik ez zegoela eta: «Ezin izan dugu negoziatu. Ez da blokeo kontua; kontsentsuzko akordioak egin ahal izateko esparru komuna izatea da kontua». Ekainean eta uztailean ez dute bilerarik egin, bezperan uko egin diotelako sindikatuek. Aurrera begira, espero dute udatik bueltan negoziatzen jarraitu ahal izatea.