Batuz ekonomia jardueren etekinak bitarteko elektronikoen bidez kontrolatzeko sistema da, eta horren parte da Ticket Bai programa. Joan den astean BERRIAk sistema berri horren inguruan enpresa txikiek dituzten kezka eta ezinegonak bildu zituen erreportaje batean.
Orain, pandemiak kalte gehien eragin dien zergadunek Foru Ogasunari helarazi dizkioten arazoak direla eta, Aldundiaren ustez, «gaur egun ez daude Batuz nahitaez ezartzeko baldintza egokiak», eta Batzar Nagusiei beste bi urteko atzerapena proposatuko die. Hala ere, konpentsazioak ezarriko ditu 2022an edo 2023an sistema ezartzen duten autonomoentzat, mikroenpresentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak azaldu duenez, «Batuz proiektu estrategikoa da Bizkaiarentzat, iruzurraren aurkako borroka indartzen duelako eta zergadunen laguntza hobetzen duelako», baina gaur egun ez dago baldintza egokirik krisiaren «ondoriorik txarrenak» pairatzen ari diren zergadunek hura onartzeko. Azaldu duenez, hainbat sektorek eman diote horren berri, elkargo profesionalekin, enpresaburuen elkarteekin eta aholkularitza fiskalarekin egindako bileran.
Egoera ikusita, Iruarrizagak gaineratu du 2024a baino lehen martxan jartzen duten enpresentzat «pizgarriak» izango direla. Batuz 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ezartzen duten pertsona eta negozioek %15eko murrizketa izango dute PFEZn edo sozietate zergan, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan.
Konpentsazioa handiagoa izango da Batuz ezarri ahala, eta 2022an eta 2023an sistema hori hartzen duten langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek soilik jaso ahal izango dute.